Izenak eta izanak, euskaldunontzat, batera egiten dute bidea. Ez du esan nahi, bistan denez, bat direna. Gaztetatik erdaraz sarri samar irakurri dudan liburuan uste dudanez, oraintxe barneratu naiz, zentzu osoz, protagonistaren izen eta deituren artean dagoen gatazkaz jabetzean. Eta esango nuke, hein batean, inguruabarrak lagunduta izan dela. Orduak filma ikusteak eragindako interesa, eta Dalloway andrea euskaraz irakurtzeak eragindako zirrara.
Zehaztu dezadan, Orduak Stephen Daldryk zuzendu eta Michael Cunninghamen Orduak liburuaren gainean idatzitako gidoia du oinarri. Errelatoa, bada, Cunnhighamek Dalloway andrea liburuaren lehen atalen gainean eraikia da, batez ere; eta Dalloway andrearen eta Virigina Woolfen bizitzaren interpretazioa ere badakar.
VIRGINIA WOLFEK
PERTSONAIEN ROLEN
ARTEKO TALKA
ADIERAZTEN DU
|
Esan liteke, narrazioa idaztean, gutxi direla narrazioak pertsonaia nagusiaren izena lehen orrian eta lehen lerroetan definitu behar dela ezartzen duten arauak baino errespetatuagoak. Eta hala egin zuen Virigina Woolfek ere liburu honetan. Baina Woolfek Clarissa Dallowayren gatazka bere izen-deituren arteko gatazka gisara erakusten du. Narratzaileak kanpotik begiratzen dionean Dalloway andrea aurkezten du, baina, protagonistaren kasuan, narratzaileari, batez ere, Clarissa Dallowayren pentsamendua eta bizipenak partekatzea interesatzen zaio. Batez ere, Clarissa protagonistak oso ondo erakusten du besteen aurrean Dalloway andrearengandik itxaron daitekeen papera betetzeak dakarkion kezka, eta, beraz, bere artean, borroka egin behar du Clarissari bizirik eusteko, Clarissaren burutapen eta bizipenak onartzeko.
Izan ere, Dalloway andrea liburuaren eta Virginia Woolfen gai nagusia amodioa eta nahi izatea da. Gizarteak eta inguruak umetatik ezartzen dituen baldintzen aurrean norbere nahiak aldarrikatu eta babestu ahal izatea. Dalloway andrea ez, baizik eta Clarissa da maite duena, gorrotoduna, zoriontasuna partekatu nahi duena, gela batetara sartzean denak poztea lortzen duena.
Liburu honetan eta bere nobelagintza osoan pertsonaien bizipenen eta pertsonaien rolen arteko talka adierazi zuen Virginiak, ezkontizenez Virginia Woolfek.
Euskaraz irakurtzean, gainera, iruditu zait Itziar Diez de Ultzurrun eta Ana Morales itzultzaile handiek horretaz jabetuta egin dutela itzulpena eta hitzostea ere. Eta euskal irakurleak badu, aspaldi ez bezala, egile klasiko honen beste hainbat lan irakurtzeko aukera itzulpen onez . Gela bat norberarentzat eta Farorantz etortzen zaizkit gogora.