|
I.- LURRAk LARRUAK bezala
Lurrak xurgatu egiten du geurean lanbroa
eta ferekatu egiten du haizeak.
Baina , nahi izatera, arraildu dezake eguzki kiskalgarriak.
Beste nonbait eta uretan sortuko zen bizia, nonbait, noizbait, nolabait.
Baina orain behar du lurra -- behar duen bezala larrua --
geure biziak.
Larrupean sortzen da dena eta larrupera itzul dadin sortzen dugu
geurez dakiguna, geureekin besteentzat dakiguna,
lurrean.
Eta lurra ez da gurea,
eta lur hau ez da gurea,
baina geu lur honetakoak gara, hemengoak
halabeharrez eta intentzio osoz.
......................................gaia.
Eta hitzak larrupean ez duguna jartzen digu eskura
eta larrua ferekatuz eskuekin larrupera dakarkigu
ukimenez lurrak ematen duena, dena
eta lurrak eusten duena
.........gaia
eta adurra ez da geurea
baina ekartzen gaitu geure baitara
nonbait, noizbait, nola edo hala
Lurrak eskaintzen baitizkio mugak infinituari : ur, aire, su (r)
II.- URA
Eta lurra deitzen zionagu
baina urezko dun gure mundu hau.
Eta geu ere ur.
Eta bizia dun isuri bat geure baitan,
eta bizia zekarren geure ume-tokiak uretan
eta ur dun mandarinazko muxua edo marrubizkoa
edo makatza arratsalde erdian.
Eta ur dun izerdia
eta ur dun lainoa ere.
Eta geu gaitun urezko,
batez ere, badakin, itsasoa , batzuetan, laino dagoenean
Hendaiako barraraino,
Itsaso kontra honetaraino.
Eta orduan guk hi haugu maiteago
itsaso-peko izarrak baino,
eta algek eta karakolek
itsas ertza baino.
Euria zekarren sarri haizeak
eta oskorriak
-- suzko dirudien arren
ortziak lurraren mugan --.
Eta orduak geu ere,
urezko, haizearen zain geratzen gaitun
kizkurtu gaitzan
itsasoa bezala,
hauspotu gaitzan
su nahi dugunean
fereka gaitzan
urtar
lurtar
su(r)ko
III.- SUA
Gorria. Horia. Erregarri hainbatetan.
Su gorriak garrasi eragiten digu :
gorputz-arimak odolez
larru gorri uzten gaituen hori,
utikan su horri!
larru gorri eta haragi bizi uzten gaituen su hori,
eztarriak botatzen ez diren orroekin gorritzen dituen su hori,
utikan, horregatik , arren!
Baina eh...
ikusi dun sua ikazten,
baina ezagutu dun egun gorriekin amodio eder goria ere,
eta esnaldi guri askoak!
eta isildu haiz odolaren mintzoari bide emateko,
eta mintzatu haiz larru gorrietako orbainak
hitzez ferekatzeko.
Eta ez haiz ikaztu
eta asmatu dun hegatzean bezala eguzkipean ibiltzen,
eguzkiak erre gabe
eta hurbildu haiz oskorrietara,
tartea hartuta.
Tartea: tartea dun onarpena,
gehitzea nahiago izatea, baztertzea alde batera utzi gabe;
jakitea garela inozente eta errudun,
abertzale eta munduko,
aingeru eta deabru
atzoko eta biharko
lotu eta libre,
ausart eta koldar,
lurreko eta zeruko,
suzko eta urezko
hemen bertan, lurrean
urdin eta berde
zuri eta beltz
gorri eta laru
sua bezala kolore guztietakoak
haizeak hauspotzen gaituen bitartean
edo Mozarten adagioak.
IV. - AIREA
Airezkoa haiz,ziurrenera, honez gero.
Hau alahori, hemen alahan
erabaki beharrean,
erabaki bakoitzak dakarren errenuntziaren zamaz arinduta
airezko eta arnas libre .
Onarpenarekin: hau eta hori, zu eta biok, hura eta hirurok.
Edo hor eta hemen, zu eta ni, gu biok, hura eta gu biok,
denok ferekatzen asmatzen dun eta orain,
atzoko hire hitzekin eta lanekin
haizeak bezala.
Halabeharrez eta gainera intentzio osoz
--oraingo honetan ere --.
Zeren eta azkenean fruituz gainezka egiten duten zuhaitzek bezala
mukuru eta zamatsu lurra ukitu arte makurtuta egon ostean,
nahiago izan dun libre, aske, denean...
nahiago izan dun, berriz,
materia: ama- mater– gai: ur, elur, lur, adur...
Airezko
arin, zama gabe :
ez hengoenerako hire oroitzapen, hitz eta joste-lanak patxo batez
...............................................................................markatuz ere bai
aurrerantz honetan , Karmele .
Airezko , honez gero, Karmele :
adiskide, lagun, irakasle, idazle, ume, ama, eme
hemen.