Bibliografia
Ez DAKIT nola iritsi naizen honaino
- Xehetasunak
- Kategoria: LIBURUAK
- Bisitak: 5773
EZ DAKIT nola iritsi naizen honaino
-atzera begiratu eta ikusten ditut etxeak,
adreilu berogarriak labetik atera berriak zure oinetara,
kafe egin berria goizeko hotzari barruko beroaz aurre egiten,
arropak neguan ekonomika gainean zabalduta,
ikatza ekonomika azpian,
ontziak lurrinetan eta sukaldeko leihoetan bapainua,
trantzitutik pasatakoan.
Eta geroago, atzera begiratuta oraindik,
butanoa, poxpoloa gerturatu hutsarekin
ontziak berotzen
eta eztabaidak:
berdin ote den ekonomikan prestatutako lapikoa ala butanokoa-.
Eta hori izan zelako izango da orain hau
baina ez dakit nola iritsi naizen honaino,
eta ez dakit nora iritsi naizen hemen honaxetik
eta zuri begira jartzen naiz:
zurekin egin dut honainokoa
edo zurekin egingo dut ordura artekoa.