![]()  | 
1
 JAINKOEN atributua zen memoria, 
eta ahaztea, gure defentsa. 
 Horren aurka Kainek aukeratu omen zuen 
aiterririk gabe atzerria, 
 eta ez aberriaren anderotza.
 Iraun du memoriak, hala ere, 
beldurra bizirik izan baita geroan, 
eta hartara ez da izan bakartasunik,
 isila, ukatu eta ukazioan 
etendako solasean 
 hedatua zena baizik 
 eta gu oroitzapenei esker kuxkurtuak 
ahanzturaren sabelean 
 izuak xerkatu gaituen bitartean 
zeren oroimena jainkoen atributua izan baita 
eta ahaztea gure desenkusa. 
2
Heriotza bakarrik zen bere antz-irudiko, 
atzerri-hirietako haurren ezpainen xerka. 
 Barreiatuak zituen, ernetu eta iratzarri beharrik gabe, 
apostolu eta arerioak, binaka eta saldoka
 bandera gabeko herrien itsas-alorrak zeharkatzera
 lehertaraztera sostean, iñularrian, 
 lokartu ez zitezkeen haurren nigarrak, 
amanda-lore eta urazukre garaia behar zutenean. 
Heriotza dena bere antz-irudira zen, azpipe, 
eta ezin zituzten begiak bildu, 
barnean lorategi usaintsu hura jasotzeko ez bazen, 
sufrimenduaz erditu nahi ez ziren andreek, 
udazkena erraietan, 
 haren antz-irudira osabete heriotza
 noiz eta nola zapuztu zeudenak.
	

