Hamaika poesia liburu idatzi ditu Tere Irastortzak: hamaika eta bat (11+1) |
Mundua betetzen zenuten
Tere Irastortza
Pamiela
Zoriak Mundua betetzen zenuten poesia liburua eta E(SP)edizioa: mendi ororen pisua bizipen liburua tartekatu zaizkit azken irakurraldian. Funtsean, biak ala biak, bizitzaz ari dira, biziro. Irastortzak bere mundua bete izan dutenenagana begirada bihurturik, eta Madariagak ere halaxe, edo halatsu. Enkontru edo gertatze hau anekdota hustzat har dezakezu, alta bada, biek lagundu didate bidean arnasa hartzen.
“Jarraitzea ez baita nahiko, bizitzea ezinbestekoa izan arren”, gaztigatu digu Mundua betetzen zenuten poesiaren egileak. Bidean bide, hori bera berretsiko digu. Tunela da orain, eta gero argia. Eguna eta gaua, bizitza nola. Greziaz harago joan zen laguna du abiaburuan poetak: zeru goian, itsasoa beherean. Orainean sekula harrapatuko ez dituen irudikapenak eskaini dizkigu. Lagunak esanak.
4. ataletan urratu du mundua betetzen zutenekiko bidea:
1. Bat. Pentsatu eta sentitua ez da aski adierazteko, ez da osatua, idatzi ohi du poetak, halaxe idatzi ere Irastortzak. Bere baitan bildurik, bere baitatik idazten du, tentu handiz idatzi ere, izan ere, denari izaten utzi behar baitzaio (Virginia Woolf du gogaide). Dena, ez da guztia, kasuon. Dena, izana da. Joandakoek dena idatzia eta esana utzi zutela uste arren, isiltasunean laga zutenak betetzen du gure mundua. Hargatik poetak isiltasunean xerkatzen idazten du. Baina, “eta zer” itaundu du poetak, galdera ikurrik barik ere. Munduan bizi da poeta, tarteko ospitalean, sukaldean ere, etxea betetzen zutenak gogoan, hobeto ulertzen du mundua orain. Izan ere, isiltasuna –edo etxea– beteta utzi baitzuten.
2. Bi. Txori bidean enarak hegazti. Denborak ez du zerik, ez da izakaririk. “Zenbat da dena?”. Dena, berriz ere. “Noiz arte” eta “beti”, bi ote dira? Edo bat ote? Aldarea mahai bat da, diosku ASURMENDI, Mikel "Hauxe epitafio puska!" poetak. Aldarea aldaera izan ote daiteke? Eta ebatsi du poetak: “Pentsatu eta ezinaren arteko espazioa dun idaztea”. Aldarea izan daiteke espazioa, hirugarren espazioa aldaera. Sinestea nekeza izan arren, pentsatu eta sentitu ostean, sinestea lagungarri izan dakiguke. Marina Tsvetáyeva poeta gogaide orain: “Ez da bizitza, ez heriotza, Hirugarren egoera bat [da] berria”.
3. Hirua. “Hirua eten bat izan daiteke”, dio poetak. Munduaren jaiotza Gustave Courbet-enean, ama gabeko Hirutasun Santua teologian. Hirutan, baina, Mari izan daiteke, airezko, suzko, lurtar. Izana. Dena. Baiki, izan izateko, gibelerako bide egin du poetak, laurogei amandreen segidan heldu dena. ”Beti” hori motza iruditu zaio. Hartara, “frenatzeaz” idazten du, mundutarra baita anartean. Eta halako batean “heriotzak ez gaituela beldurtuko” iradoki gura digu. Itsasoak atzera egin du, hondartza zabalgoa da. Hiriek espazioak okupatu dituzte. Eta orain, “Jainkorik gabe, hizkuntzaren asmatzailea beharko ditugula” dio poetak, “hodeietan eta olatuen gainean idazten dakienen bat”. Mari izan daiteke. Tere Irastortza, Jon Urbe argazkilariaren begietan. Tere Irastortza, Jon Urbe argazkilariaren begietan.
Tere Irastortza, Jon Urbe argazkilariaren begietan. |
INTERMEZZO: “Mundua betetzen huen” ari da lagunarekin hizketan poeta, segitzen du baiki, Lisboan nahiz Gorlan (Gipuzkoa). Biak ala biak mundu izaki. Jakitun da lagunak ez daudela lurrean, baina, euren isiltasunetik jasoa esateko eskubidea aldarrikatzen du. Bai, ez zaudete. “Eta zer?”, dio ere poetaren bidaide gogaide iruzkingile honek. Mundutarrak gara, sei minutu behar ditugu pasta egiteko. Eta arrazoia izanagatik, pentsatu behar dugu, ikasi behar dugu bizitza etortzen uzten. Edo berean sartzen uzten. Izan ere, “jarraitzea ez baita nahiko, ezinbestekoa izan arren bizitzea”. (48. orria). Aldareak. Aldaerak. Eraldaketak poema. Bere baitatik at, dabil poeta. Mari Jainkosa laguna nahi du, Tere mundutarrak. Bizitzeko ahaleginetan. “Ezina bai dela infinitua eta mugaezina eta suntsitzailea, hil ala bizikoa”. Hain da basatia beldurra. Beldurrak beldur. Barrutik barrura begiratzea komeni zaigu, akaso. Eta hartara edo, Ia denaren historia llabur bat poema idatzi digu Irastortzak. Bat ez ezik, lau (1) (2) (3) (4). Ederra dela sinestea berretsi du, digu. Etxea hitzez egina da, etxea xarea da. Hitzezko etxea, hitza hitz.
4. Lau. Hilarri batek lau alderdi ditu. Erdigunea da laua. Laurdeneko minak, laurgiturik utz dezake geroa, luzetsia. Lausoa ere izan daiteke. Retana hiztegiak dioenez. Ederregi. Aralarren dabil poeta. Ametsak. Arrautzaren mugak, edo ertzak. Ama eta aita, espiralean. Argudioak behatz puntetan, larru mintzetan. Rilke bidelagun: “Iragana begiratzeak ez dun ezer errepikatzen, egia”. Iraganeko beldurrek frenatu dute gure denbora, baina, hala ere, horrek ate batzuk irekitzen eta ixten lagundu diezaguke. Haatik, ahalegindu beharko genuke, bestela jendea ale hutsa gara, izakaria, lur-azalean alferrik galtzen dena. Dena. Ikasi behar dugu, jada, egunak ez duela gaua argitzen. Ametsak ongi dira, baina ikasteko. Denbora dela gure etxea, etxeak biltzen gaituela ametsetan. Argudio gehiago behatz puntetan ibiltzeko Arimaz aritzeko. Beste amets bat: besteentzat itxita den etxean, aterik gabeko etxean, atezaina bilaka gaitezke.
“Zeruan ez dago dena. Lurrean ez dago dena”, idatzi zuen bideko lagunak behiala. Denean badago muga, duda-muda, baina osatzeke dena osagarri izan liteke. Mugan lerro bat dago, segundo bat. Espazio eta denbora. Zalantzarik edo? WisÅ‚awa Szymborskak zioenez. “Errealitateak exigitu ere egiten du bizitzak badarraiela esatea”. Eta hori berresteko poetak Azken poema bat adibidez eskaintzen digu. Gorputza eta heriotza. Ospitalean berriz ere. Munduan. Eta amaierako beste poema bat, eta beste bat. Adibidez, Arantzazun goiti orain. Ilargiak bere aurpegi iluna bezala, hizkuntzak ere badu berea. Adibidez: heriotzarekin alderatua, aldaratua, aldarera igoa: hezur-haragiz gabetua geratzea. Alabaina, duda-mudan, beldurrak beldur, hutsak huts, libreagoa da poeta hartara.
Libreago, poema: “Libreago izango ginela nahi genuena eginez, izateko ginena izanik” dio poetak.
Nola jakin hala den ala ez?
Beno, besteak beste, halabeharrak baino gehiago beldurrak lotzen gaituela ikasi eta irakatsi digu Tere Irastortzak. Munduan betetzen zuten-en/zenuten-en babesarekin betiere. Beti eta Noiz arte gauza bera ote? Baliteke.
Poetak dioenez: “Mundua betetzen zenutelako izan ginen. Mundua berritzen duzuelako gara”.
Horixe epitafio puska!
P. S.: Bizitza: mundu ororen pisua idatzi nuen E(SP)edizioa: mendi ororen pisua liburuaren kariz. Hura bidaia zen, eta hau bidaia da ere. Oraingoan kontua luzetsi zait baina. Izan ere, oraingoan ere espiritua zerutiarra irudi arren, lurtarra da. Tere Irastortzaren liburua honek, bere espirituak, tipulak legez hamaika geruzak ditu babes. Hamaika lerrotan zeru eta lurra trebes. Bon, horra Aste Saindua delakoan irakurtzeko ene gomendioa. Delakoan idatzi dut, kurtsibaz. Beharbada, saindu izan gabe ere, aste berean zure espiritua kausituko duzun itxaropenez.