Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
liburuak11
Ahots baten bidean

Zortzi urtetako isilunearen ondoren argitaratu du Tere Irastortzak “Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua” (Pamiela, 1994) urtetan poemagintzan aritu izanaren idazkera malgukoa.

Liburuak inorarik bako bidearen antza du, geografia abaildu baten izararena, hutsa eta hautsezkoa, heriotzarekiko beldur eta bakardadezkoa. Gauez, hizkuntz baztertuen hotsez, isil-beharrez, tartez eta minez estalita azaltzen da. Argi-izpietan errefraktatua, itzaletan tolestatua eta haruntzago ez doazen oihartzunetan lekatua. Denboraren aldien eta aldaketen ingurumarian kontrajarririk eta ezereztutako paperetan zarbaildurik. Aurreko liburuetako gabezia eta derrotaren tonua du “Manual devotio gabecoa…” eta aurreko liburuetan bezalaxe, kanpoalde hitsetik begiratu nahirik intimititatearen gela atontzen dabil poeta, bestearen beharra somatuz, hedatuz eta bilakatuz.

Errealitatea ametsaren gainean hartzen da, hala nola egunkaria mahaian. Izan ere, T. Irastortzaren poemagintza osoa langa eta hesiz josi eta jorratutako errealitatetik hasten da. Eta jaulkitzen zaion hizkuntza ikuspegi honen arauerakoa izango da, tradiziotik edan ondorengo funtzionaltasunaz erabilerazia. Datuak ematen ditu, eritziak eta aholkuaak lerratzen, premisak eta ondorioak desbideratzen eta adibideak sailkatzen. Poetikari buruzko galderak azalduko dizkigu. Hizkera itzul-inguru haundirik gabea da, eskuerakoa, gako gisako hitz joku eta paralelismo esanguratsuz tartekatua, irakurlearen irakurketan aise kokatzen diren konparazio eta kontrastez lagundua. Diskurtso poetikoaren ohizko hiztegiari gaurkotasunik duten hitzak kontrajartzen dizkio.

Beraz, poesia honetan egunerokotasunak hartzen du bizimodua. Gaur egungo hainbeste hitz eta pitzen artean T. Irastortzaren hitza hitz biluzi eta iragazia da, hitza hitza denean azken fineari lorratz miratua baita.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago