Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
    liburuak5
Historia dakarren liburua

Liburu bat bizi den egile baten lanen bilduma bezala agertzen denean, susmo txarra izan ohi da lehendabiziko erreakzioa. Bekaizkeria hutsa. Horregatik, liburu honetatik estimatzen dudan lehen gauza, sarrera berbera da, Tereren eskutik datorren sarrera hain zuzen ere, gutxitan ematen baita halakorik: bere helburuak, zergatiak eta iritziak ere agertzen dizkigu egileak bertan, nik behintzat, honelako beste mila orri eskura izanik ere egingo nukeena baino hobeto. Ordea, bada bertan ados ez natorren puntu bat, zenbait poema oso gaztetan idatzitakoak direla eta autoreak ematen duen barkamen eskaera edo antzekoa, esate baterako. Arlo guztietan, bigarren emaitzak edo hirugarrenak lehenengoarekiko mardultasun gehiago eskaintzen duten heinean galtzen dutela freskotasuna esango nuke nik, liburu hau adibide gisa jarrita. Ez nioke, ordea, esaldi honi zentzu negatiborik ezarri nahi; idazkera aldetik nahikoa poema monokordeak edo behintzat hari sendo bat osatzen dutenak dira, gai aldetik esku aldaketak sumatu arren. Nik uste liburuaren kontestuan jartzea ezinbestekoa dela liburu hau irakurtzean, hau da, hamasei urtetan atzera jo eta 1980an kokatu, alde honetatik garaiko euskal literaturaren egoeraren islatzat uler daiteke liburua, zenbait pasadizotan bederen literatur aldizkarien oparotasun galduaren garaietara garraiatuak gara; baina ez da hori liburuaren muina. Nire iritziz, eta iritzi oso mugatua den arren, literatura ikonoklasta edo minimalista batetik literatura apurtzaile ez bada ere —izen-laguntzaile honi gogorregi deritzot baita etsairik handienarentzako ere— erantzun emaile edo kontestatariorako zubia ez bada ere, lehenengo emaitza da. Konnotazio politikorik gabe ordea. Denboraren erabileran adibidez: “Egunero / has / daitekeelako, / has gintezkeelako, / egun oro bihur / dezakegulako, egunero bihur / gintezkeelako”.

Atzera begira bizi ginen garai batean orainaldiaz mintzo da Tere. Adibide gisa, arras ezagun bihurtu den poema ekarri nahi nuke, belaunaldi baten nortasun agiritzat har daitekeena: “Ia ez dago / fikziorik. / Gazteok, / solapan daramagun / arrosa ez da paperezkoa, / odolez gorritua / baizik, / daramagun gurutzea urrezkoa / ezin daiteke, / haragian txertatua balitz! (…) Ia ez dago fikziorik, / ia ez dago egiarik. / Dena da fikzioa eta egia, baina / legalitateak ezarrerazi nahi / duen hori / ez da fikzioa, gezurra baizik! / Ia ez dago fikziorik, / amets dena eraiki dezagun!”.

Literaturari begira liburu honek zabaltzen dituen perspektibak erabat berriak dira, alternatiboak, esanguratsua da bide berberetik lehen liburuaren izenburu bera: Gabeziak. Gaur egun berritzaileen etiketarekin kaleratu diren euskal autore gazteen iturriak maila batean garai honetako literaturan kokatzen dira, eta hortik, zuzenean nahiz zeharka autore honetan. Nitasuna, gogortasuna, etsaiaren irudia, gaur poesiagintzan goratzen diren balioak ere badatoz beste poema batean.

Bere planteamenduan, sakonagoak irizten ditut ondoren datozen emaitzak, isiltasunaren predikua irakurtzera iritsi nahiz hurrengo poemetan, Celanena ez bestelakoa den isiltasunarena, baina isiltasuna halaber: “banoa / neure herria / uste gabean topatua / banu bezala, / neure etxea / ostatu, / neure gela / nirea ez bailitzan, / argi berriari / ihes egingo banio bezala. / banoa / (…) iritsi ez banintz bezalaxe”.

Zenbaitetan poesiaren gezurraren salatzailea diren poemak: “Bihar, / bart zure minaren tontorretik / gain behera zetozkidan silabaz / poesia egin nuen / esaten badut / ez sinetsi: / poesia zirriborropean / ehortziz gero / jabetu bait zitzaidan / zeuk/ eragin ninduzula”.

Errazkerian erori gabe, emakumeek euskal literaturan egin duten aportazio aberatsen hastapenetan ere koka genezake bai bilduma edo antologia hau osatzen duten liburuak hala nola autorea bera ere, maila handi batean Itxaro Bordarekin batera, tartean besteak beste Amaia Lasa; Maria Jose Kerejeta eta beste hainbat ahaztu gabe. Historia dakarren liburua beraz.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago