Sinpletasunik konplexuena
Tere Irastorzak hitzen barnera sartu eta astindu egin ditu bere poesia liburuan; formatik abiatuz, komunikazio keinu xinpleenaren muineraino iritsiz bere poemen bidez.
Ahots propiora gerturatzen denaren osotasun eta indar sosegatuaz izkiriaturik bildu ditu Tere Irastortzak Glosak. Esana zetorrenaz liburuko testuak. Poema hauek ez diote, apika, irakurleari berrikuntza ikusgarri askorik ekarriko, ez du bertan topatuko esaldi edo metaforen joskera sobera apurtzailerik. Hala ere, apaltasunetik harridura sortzeko gaitasuna izan dezakete bertako testu batzuek, ustezko sinpletasunetik hitzen arteko oreka igortzeko gaitasuna.
Obsesio berdin edo antzekoen inguruan jira-biraka ibiltzera kondenaturik dirudite idazleek sarritan. Urteak pasa ahala, galdera berberak edo antzekoak kausi litzake irakurlegoak. Idazle bakoitzak galderak egiteko duen modua omen da askotan aportazio nagusia. Obsesioen artean kausi liteke literatura bera, edo hitzak, edo komunikazioa, edo hitzen ustezko bakardade eratorria, ustezkoa soilik. Baina, era berean, pentsa liteke erantzunik gabeko galdera beti dela zer edo zer berria. Historian zehar errepikatzen badira galdera horiek, ez ote da zerbaiten adierazle? Idazle bakoitzak erantzunak ez baina bide motak eskaintzen ohi baditu, liburu honetakoa gehiegizko ikusgarritasunik gabe sortutako bide sendoa da.
Irastortzak hitzen barnera sartu eta astindu egiten ditu bertatik, formatik abiatuta komunikazio keinurik sinpleenaren muineraino iristen da. Izatekotan, lerro arteko ikusgarritasuna da bertakoa. Hasieran olerki bildumari hari bat, olerkiei kate bat emateko aitzakia dirudienak pixkanaka irakurlea amaraun baten gisan harrapatzen ahal du, kasik oharkabean. Hitza arakatuz hitza beraren bidez murgiltzen da autorea orriotan, etxeko esertokian idazten dabilenaren gisan. Inguruan duenaz baliaturik hasten du lana, eta agian horiexek dira irakurlearentzako unerik hotzenak, hitzen jokoa abiapuntu eta xede dutenak. Baina etxean ustez salbu idazten dabilenak laster batean kausi litzake eserlekutik mugitu gabe irekitzen zaizkion barne munduak. Hitza oinarrian oraindik ere, idaztea bera, komunikatzea isiltasunez beteriko hitzen ispilu bilakatzen ahal da. Badira niri behintzat sentsazio hori sortarazi didaten olerkiak. Itxuraz sinpleenak, baina liburu osoan zehar oro har suma litekeen osotasun sentsazioak hobekien islatzen dutenak. Interesgarria suertatzen da, halaber, olerkien arteko kateak sortutako haria, baina hemen kausi litezke agian gorabehera handienak. Eduki aldetik lehen ataleko testuak hotzenak izan daitezkeen moduan, bukaerakoek agian intentsitatea galtzen dute eta besteekiko lotura forma aldetik ahuldu egiten da. Edonola ere, badago osotasunaz gain une oro gailentzen den beste sentsazio bat, bertan ezer ez dela kasualitatea, alegia.
Sentsibilitatetik gogoetara abiatzen den saio landua, eta ez alderantziz. Bada ere zenbait unetan, gogoeta hori poesiara gerturatu baino, glosa edo apunteen itxurara gerturatzen diren testuak; ideia erakargarria eta liburuan funtsezkoa den arren, zenbaitetan efektu kontrajarria sor dezake, bereziki glosen eremu fisikoa gainditu eta olerkien eremura igarotzen denean. Baina, oro har, salbuespen gutxi batzuk kenduta, zenbait testuren itxurazko sinpletasunetik lerro arteko oreka eta indarra transmititzen dituzten poemak dira.