Elkarrizketak
Tere Irastortzaren Izendaezinaz saiakera irakurtzean, Raymond Carverrek idatzitako lan handi baten izenburua heldu zait gogora: What We Talk About When We Talk About Love? Carverrek, lan horren bitartez jakin izan zuen jasanezina edo debekatua zen hori izendatzen, eta bide beretik abiatu da orain idazle zaldibiarra: Zer esaten dugu amodioaz, heriotzaz zein beldurraz mintzo garenean? Aske al gara horietaz erosotasunez hitz egiteko?
Gai horien inguruko hausnarketatik abiatuz, arte dialektikoaren formulaz baliaturik, historiarekiko elkarrizketa pertsonala luzatzen du. Esan ohi da historia zera dela: bere horretan mantentzeko eta bizirauteko gauzatua den botere-diskurtsoa; eta konturatzen bagara, historikotzat hartzen den hori, modu naturalean emana dela pentsarazten zaigu. “Gizakiak aldakortasuna eta inguruneak iraunkortasuna islatzen duela” zioten topikoak, jadanik zaharkituak gelditu zaizkigu; orain ingurunea aldakorra da, bere hastapen eta zergatiekin.
Zergati horien bilaketa-prozesu gogoetatsua da, ehun orrialde hauetan zehar irakurtzeko —eta idazlearekin mintzatzeko aukera ere— eskaintzen zaiguna. Printzipio erlijiosoei erroturiko hizkuntza eta historia baten —gure historia— analisia eginez, irakurlea hausnarketa horretan aktiboki parte hartzera bultzatzen du: Zer da Jainkoa? Nor naiz? Nor gara? Zer ikasarazi zaigu? Izan ere, gaur egun garena —norbanakoa dena— ulertzeko ezinbestekoa baitugu aurrekoarekiko elkarrizketa gauzatzea, “gure pentsamenduak iraganik gabekoak ez direla uste dudalako”, idazleak berak dioen gisara.
Nori ez zaio gertatu zenbait gaien inguruan aritzean, tabuak zein dogmak direla eta ez direla, “esan-ez esan” gelditzen garela askotan, zergatia jakin gabe? “
Zildai horretatik askatzeko erabili ohi da literatura eta idazketa”. Esan ezina esangarri bihurtuz, albokoekiko elkarrizketa abiatuz, oraina aldatzeko eta garatzeko esperantzaz beteriko bidea zabaltzen dugu. Eta zer da literatura, ez bada esatari eta entzule baten arteko elkarrizketarako zubia?
“Gu” baten existentziaz jabetzen garenean, trukaketa horren beharraz jabetzean, ekin diezaiokegu norbanakoaren identitatea bilatzeari. Gizadiaz eta osatzen gaituen guztiaz galdetzea —bizitzaz, heriotzaz, amodioaz, beldurraz…—, norberaz galdetzea da.
Tere Irastortzak XXI. mendeko gizadiaz galdezka, hausnarketarako bide dialektikoa abiatu du. Elkarrizketa horren ildoari eustea ez da lan erraza izango baina, alferrikakoa ere ez.