Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
el correo    
   

Iazko argitalpenen artean Katixa Agirre, Luis Garde eta Goizane Landabaso idazleen lan berriak azpimarratu daitezke

 

JON KORTAZAR

Euskal literaturak oso bide malkartsua izan du 2015ean. Azken urteotan bezala, aro nagusi bi izan ditu: martxotik uda alderako bidea, eta uda heldu eta igaro ondoren, Durangoko Azokak bere bideak erakutsi dituen bitartekoa. Uda aurreko aroan oso lan bakanak plazaratu dituzte argitaletxeek. 2014aren ostean, desberdina izan zen. Idazle gazteak, emakumeak, berriak ziren; batek, Danele Sarriugartek, ospe handia lortu du eta bere nobelak, gure neurrirako, argitalpen ugari izan ditu.

Aurton, ordea, garai horretan, martxoan, Elkarrek bere nobedadeak aurkezten dituen hilean, nobela bakarra izan dugu. Katixa Agirreren (1981) 'Atertu arte itxaron', bidean egindako kontaketa. Iaz bost emakume narrazio egile izan ziren: Ana Malagon, Ana Jaka, Alaine Agirre, Garazi Kamio; aurton, bat. Aldea begi bistan dago.

Guneak eta periferiak, idazle berriak eta handiak oso garbi dituen gure sisteman nobela paregabea pasatu da zarata handirik gabe: Luis Garderen (1961) 'Ehiztarien isilaldia'. Nobela handia zentzu bikoitzean: luzea eta irmoa delako. Armiarmako literatur kritiken hemerotekan begiratu dut ea zenbat kritika izan dituen ikusteko. Eta bakarra du Garderen nobela horrek, nahiz eta sutsua eta oso aldekoa izan Javier Rojoren defentsa. Katixa Agirrek, aldiz, bost iruzkin ditu, toki desberdinetan eta beti ere lanaren balioa azpimarratuz.

Uda ostean eta Durangoko Azokak, DA handi horrek, bere motorrak martxan zituenean, emakume idazleen poema liburuak agertzen joan dira. Literatur generoen artean periferian bizi dena omen da poesia, baina uzta ez da txarra izan. Karmele Jaioren (1970) 'Orain hilak ditugu' liburuak lortu du egilearen itzalari esker sona handia. Hiru kritika du Armiarmako web orrian. Baina bestelakoa da aldizkariek elkarrizketaren bidez egileari eman dioten tokia ('Ortzadar' gehigarri kulturak adibidez, hiru orrialde oso eskaini dizkio idazleari). Literatur generoa aldatu du Jaiok eta poema irakurterrazak eman ditu argitara. Heriotza omen da gai nagusia, aurtengo literatura alorrean askotan agertu dena, ez, baina iritzia dut beste gai batzuk agertzeko erabili dituela heriotza eta adioa: bizi tzaren oinarri den amodioari agur egiteko adibidez. Asteak daramatza liburu salduenen artean, eta ez da gezurra izango, irakurle asko inguratuko zituen poema liburu horrek.

Goizalde Landabasok (1970) ere bere bigarren poema liburua eman du argitara. Hedabideetan oihartzun zabala lortu du: portada eman dio 'Aizu!' aldizkariak, 'Prest' herri aldizkariak ere bere tokia zabaldu dio. Kritika bakarra du 'Babeserako kopia' liburuak.

Urte bukaera

Urtearen bukaeran plazaratu da 'Mundua betetzen zenuten' poema bilduma ere, Tere Irastortza (1961) poeta sendoaren lana. Heriotzak eta joandakoen memoriak betetzen dute hainbat pasarte, Jaioren liburuan gertatzen den legez, nahiz eta horretan bizitzak bere indarra ageri duen maitasunari esker, batez ere.

Nire buruari esaten diot emakume poeten uhin horrek baduela zerikusirik iaz gertatu zen emakume nobelagileen eztanda harekin. Udazkenean gertatu den emakume poeta honen agerpenak indarra eman dio generoari: Karmele Jaio, Goizalde Landabaso, Tere Irastortza eta Aintzane Galardi (1969), sariketaz sariketa dabilena, lehiaketak irabaztearen indarrez argitalpena lortzen duen poeta. 'Mendafin usaineko iluntzeak' poema bilduman bidaiaren inguruan mamituriko hari bakarraren senda jarraitzen du poetak. Aintzane Galardiren poetikak subjektibotasunetik ihes egiten du. Bidaia da bere helburua, bidaia egitea eta ikusten duenarekin metafora nagusia osatzea. Oraingoan Marokora egindako bidaiak ematen dio beta ikuskizunaren bidez poesia fina -mendafina- egiteko. Estimatzen dudan poeta da Galardi, gustukoa dut bai, eta iruditzen zait bere apaltasunean badakiela hi tzak josten eta jasotzen. Irudiz mundu bat sortzen.

Bada aipatu beharreko beste poema liburu bat. Juan Kruz Igerabideren (1956) 'Lainoa janez', opari galanta da irakurlearentzako. Iaz haurrentzako argitara emandako 'Ura' gogoan harturik, desenkantuz ari da orain poeta. Denboraren jarioari ezin eutsiz, denboraren igaroari aurre eginez. Denbora janez ari da poeta bere heldutasunean.

Baina heldu zen feria aroa, heldu zen Durangoko Azoka, DA nagusi hori, eta argitaletxeek ordurako gordea zuten beste uholde berri eta aberasgarri bat ekarri zuten plazara. Periferien ordez, guneak bere indarra jarri zuen taula gainean.

Ramon Saizarbitoriaren (1944) 'Lili eta biok' nobelak, Anjel Lertxundiren (1948) 'Zu' narrazio autobiografikoak, Xabier Montoiaren (1955) 'Hondamendia' eta Harkaitz Canoren (1975) 'Beti oporretan' ipuin liburuek beste ikuspegi bat eman diote panoramari.

Nire kronikatxo hau idazten ari naizen momentuan, Armiarmako Kritiken Hemerotekak ez du oraindik Durangon agerturiko liburu bakar baten kritikarik igo eta eskegi web orrian. Xabier Montoiaren 'Hondamendia' agertu ere ez da egin Zubitegiko egilearen liburuen zerrendan.

Badakigu zer gertatzen den: Durango igarotzen denean, liburu asko ditugula apalategian eta ez dugula denak bat-batean irakurtzeko betarik ez astirik. Han eta hemen galdetu dut, eta nire adiskideek -ni bezala nagusiak dira nire adiskideak- batez ere Anjel Lertxundiren 'Zu' liburua (narrazio autobiografiko fragmentarioa, txatalez osaturiko lana) irakurri dute. Harkaitz Canorena nobela edo ipuin bilduma ote zen esateko zailtasunak izan dituzte.

Bernardo Atxagak bere antologia pertsonala agertu du 'Muskerraren bidea' lanean, bere geografia propioa eta erreala, Asteasu, kontakizunez osatuz eta bere literatura geografian kokatuz. Joseba Sarrionandiaren 'Lapur banden etika eta politika' azken urteotan gure herrian gertatutakoaren ikuspegi pertsonala.

Heldu da Durango eta heldu da betiko gure erronka: Gunea eta periferia: gure literatur munduaren bizki banaezinak.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago