Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   

Tere Irastortza(e)k idatzia Asteazkena, 2011.eko Azaroak 30(a)ren 23:56(e)tan(e)an Iban Balerdik egindako liburu-iruzkin batek ( http://www.idazten.com) ekarri ninduen liburura. Gaia interesatzen zait. Egia esan, Auspoan Antonio Zavalari esker egindako ahaleginaz gain, ez da oso ohikoa herriko jendearen bizitzari buruzko memoria, biografia eta horrelakorik argitaratzea gure artean. Saio haietaz gain, Xanti Zapirainen Bizi egin behar dugu, izkutuan bizi izandako euskal iheslariarena ( Txalaparta ) edo Agurtzane Juaneranen Esan gabe neukana, torturei buruzkoa ( elkar,2003) datozkit oraintxe burura. Baina ez dut euskarazko liburugintzaren ajea bakarrik denik ( are gehiago, Auspoakoa saila gogoratu ezkero… nor izango ginateke ). Ez gaude ohituta arruntzat dauzkagun giza-seme edo emakume bizimoduez norberak idatzitakoak irakurtzera. Ziurrenera, Greziatik datorren Erretorikaren eraginez izango da, harrez gero ondo errotuta baitago batek heroe izan behar badu, aristokrata — edo gutxienez aberats — behar duela, eta erromantizismoak ekarritako kulturan ere… herriko jende xehearentzat ( ala ote zen Rousseau burges izanagatik ) ez baitago ez heroe gisa tokirik… eta apenas anti-heroeentzat ere.

Eta liburuak biziki hunkitu nau , eta hori idatzita utzi arteko onik ez dabilkit. Beste batzuetan bezala, hunkitu nau esan-ezinean igarritako guztiak. Beno, zehaztu dezadan. Esan-ezin hori ez da dilema eragilea, ez da moralizatzailea kasu honetan, eta horregatixe ere, esango nuke, badela oso morala ere.

Alde batetik, seme-alabei bere ibileren berri ez eman izanak ez nau harritu. Euskal jendartean isiltzearen aldeko joerak hain da arrunta, non arrunta ez dena den, sarri, bizi-izandakoaz hitz egitea, kontatzea bera. Horren arrazoietako bat bada, noski, maite ditugunon artean minaren zamarik ez ezarri nahi izatea. Baina egia da, gainera, galtzaileen aldera erortzen direnen patua ere bada hau. Eta giza-trajedietan gertatzen den ondorio bat ere bada. Trajedia horiek irabazleen aldean uzten zaituztenean, bada, hala ere, urrun batean bederen, horren berri emateko aukerarik, eta ez ,inolaz ere, min hori askatzeko zailtasunik gabe ( Jorge Semprún edo Simone Veil datozkit gogora, bigarren mundu gerratean, komunista edo judutar izategatik hainbeste pairatu zutenak. ). Ziurrenera galtzaileen artean ,zama hori askoz ere handiagoa da, inolaz,eta horregatixe, agian, askatzen eta botatzen zailagoa ere.

Baina liburu honek bereziki inarrausi nau bere kontalaritzagatik, bere kontaduriagatik. Aurrena morroi, gero baserriko jaun, ondoren mikelete, Santoñatik ihes egin eta berriz errepublikaren alde borrokan etsi gabe aritu ondoren, errefuxiatu eta mugalari gisara aritu izan zen gizon honek egun bakar batean hainbeste arrisku eta zer esan eman ditzake, non fikzioan liburutegi bat osa daitekeen. Hainbeste dira apartatu beharreko ekintzak eta gertaerak, non inori fikzioa sortzeko erabiliko balitu esango geniokeen…. ez duela istorio horrek egiantzik. Baina aldi berean, Manuel Iturriozen idazkeran , hain metodikoki eta halako zehaztasunez kontatuta daude egunak,orduak eta lanak eta hain iruzkin eta hain moraleja gutxirekin non sinistu egiten ditugun ez norbaitek esan digulako hitzaurrean horiek egiazkoak direla eta seme-alabek han eta hemen ibilita frogatu dutela egia direla, baizik eta Manuel Iturrioz zen gizonaren arrastoa bere nortasuna ez azpimarratzeko ahaleginean egiten delako berezi.

Bere kontaketaren zehaztapena ez dago inolaz bere nortasuna, bere Manuel Iturrioz izatearen xehetasunak eta bere bakantasuna bereiztera lerratua. Hartaraino non bere bizitzan jasandako momenturik gogorrenetako bat ( Meliton Manzanasek torturatu zuenekoa ) ez duen kontatzen, eta bere semeak berridazten duen, orri azpian jarritako ohar baten bidez hala adieraziz.Bera izan zen gizonaren lekukotasuna baino, ordu hartako bizimodu molde batzuen lekukotasuna utzi nahi izan balu bezala Manuel Iturriozek.

Egin duenaz ari da Manuel Iturrioz eta ez pentsatu duenaz. Eta horregatik kontaketa ez da egindakoari eta gertatukoari buruzko hausnarketetara apenas lerratzen. Oraingoan, idazterakoan, bere egitekoa, isil-paktuaren zorra kitatzea balitz bezala, bere zorra, bada ez bada, gertatuak gertatu ziren bezala esanda uztea balitz bezala.

Eta hala, oso gutxi dira hainbeste heriotz eta bizi-ezin bizi-izandako gizonaren iritzi-emateak. Jo dezagun, bat, Gernikako bonbardaketa eta haren ondoren Elgetan nazionalek egindakoak bi-hiru esaldietan esaten dituenak, edo beste bat gerra amaieran, Kataluniako frentean sei hilabete etsaiari eusten aritu eta ehun mila gizon galdu ondoren, garestiegi ordaindu izana ,pasakeran esaten duen horixe. Eta ez gehiago.

Gauzak zehaztu eta kontatzeko afan honetan oso gogora ekarri dit J.M. Barandiaranen egunerokoa ere, eta batez ere, gerra garaiko ibilerak kontatzen dituenekoa. Eta pentsatzen aritu nahiz hainbestek hain isilik gorde dutena behin argitara eman ostean, lekukotasun hauen irakurketa bereziki bultzatu behar dela. Irakurri eta zabaltzeko moduko liburua dugu Manuel Iturriozen semeak, aitaren koadernotik abiatuta berridatzi duena. Antza denez, Comete sareaz egin berri den Azken bidaia dokumentalean ere informazio ugari jaso dute Manuel Iturriozen oharrei esker. Lan hori hartu dutenei ere eskerrak eman beharko diegu. Ea ikustera iristen naizen, oso kritika onak jaso baititu.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago