Aro berri bati ekin nahian
Bazkide estimatuok:
Aurtengo Batzar Orokorrean urteko kontuak aurkeztu eta datorren urteko aurreikuspenen berri emateaz gain, 2000-2004 urteetarako PIan Estrategikoaren balorazioa eskaini nahi dizuegu .
Lerro hauek idazten ari naizenean zendu berri den Andolin Eguzkitzak abian jani zuen Plan Estrategikoa laguntza handikoa izan dugu. Hausnarketa hura, kanpoko enpresa batek egina izan zen, eta barne-antolaketan izan du eraginik handiena aurrenik, eta bigarrenik, bazkideen iritzien berri gertuagotik ezagutuz, aurrera begira zein urrats eman pentsatzera ekarri gaitu. Aldi berean, barne-antolaketa berriari esker, EIEko egitura sendotzearekin batera, EIEren helburuak argiago daude.
EIEren egitura sendotu den neurrian, ordea, euskal liburugintzaren eta euskal idazleen premiak nabarmenago gertatu dira. Urteko Batzarrean ikusiko duzuen bezala, azken urteotan EIEk nabarmenki egin du gora kudeatutako egitasmo kopuruan.
EIEk, aurrera egiteko, ordea, ez du egitasmo-pilaketaren bidea beste gabe jorratu nahi. 2000-2004rako zegoen egitasmoaren balorazioarekin, aro bat amaitu eta beste bati ekin nahi diogu. 2004-2008 egitasmoa abiarazi nahi dugu. EIEri buruz eta, orohar, euskal liburugintzari buruzko hausnarketa sakonetik abiatu eta giltzarri izango den hainbat proiektutan gihartu nahi dugu gure eginkizuna.
Epe luzera begira, gure iritzirako, itzulpengintzaren egitasmoa dugu giltzarri. Dagoeneko Bizkaiko egoitzan lanean jani dugu Hasier Rekondo, egun erdiz, web orria kudeatzeko. Gure helburua, euskal idazleen berri emango duen web orri indartsu horri ekin, eta euskal pentsamendu eta kultur-ekoizpenaren web orri bilakatzea da. Horrekin batera, lau-bost urteren buruan, euskal idazleen lanen lagina osatu eta ingelesera itzuliz, euskal idazleen presentzia zabaltzea eta munduratzea.
Dakizuen bezala, web orria euskara hutsez dugularik ere, hilean 25.000 bisitari inguru dugu. Ingelesez jarrita euskal literatura eta idatzizko kulturaren berri emanez, euskaldunak mintzagai izatetik, gure iritziak zabaltzera jo nahi dugu. Horretarako, UNESCOrekin ere hitzartuko dugu urtean 3 euskal libururen itzulpen eta argitaratze lana.
Egitasmo horiek, berarekin dakar EIEren egitekoak eta egitura zabaltzea. Eta hori nola egin erabaki nahi dugu bazkideekin. 2004 urtean zehar, lehenik, aurreko urteetan Zuzendaritza Batzordeetan lan egin duten bazkideekin eta bazkide guztiekin orokorrean, eta bigarrenik, euskal erakunde publiko eta beste hainbat euskal kultur elkarte eta erakunderekin finkatu nahi ditugu emandako urratsak.
Guzti horregatik, behin baino gehiago jasoko duzue, ziurrenera, gure gutun edo deirik. Orain arte bezala, zuen erantzuna ezinbestekoa da. Batzarrean elkarren berri jaso eta aurten izandako hiru hutsuneak (Mario Onaindia, Jose Mª Satrustegi eta Andolin Eguzkitza), ahal den heinean, betetzeko elkar indartuko dugulakoan, agurtzen zaituztet.
Tere IRASTORTZA