search
Tere Irastortzaren liburuak
Izen gabe,direnak Haurdunaldi beteko khantoriak
Tere Irastortzaren liburuak
Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua
Tere Irastortzaren liburuak
Gabeziak khantoreak / Izen gabe direnak/ Glosak Esana zetorrenaz
Tere Irastortzaren liburuak
Derrotaren fabulak / Hostoak
Tere Irastortzaren liburuak
Izendaezinaz / Gabeziak
Tere Irastortzaren liburuak
Eta orain badakit / Siete poetas vascos/ Osinderdeko kantoriak

IRASTORTZA,Tere"Eskolako oharrak: Euskal itzulpenaren norabide eta noragabeak"

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Eskolako oharrak: Euskal itzulpenaren norabide eta noragabeak
   
pdf    
catala1    
galegoz1    

Galeusca 2002 Eskolako oharrak: Euskal itzulpenaren norabide eta noragabeak Tere Irastortza Komunikazioak beti behar du HARTZAILE eta ESATARI bat, MEZU batekin batera. Hala erakutsi zaigu, aspaldion.

Badakigu, jakin, eskema horrek aldagarri anitz eskaintzen duela: batzuetan mezuaren deskonposaezina eta ulertezina berak bihurtzen baitira mezu, eta beste batzuetan, igorle-mezuek hartzailearen deuseztapena eskatzen baitute.

Badakigu, jakin, literatur generoen azterketa bera ere eskema horretatik abiatuta ere uler daitekeela, epika, lirika eta dramatika bereiziz. Baina, gero, eskema horrek egituraketa jakin bat du. Gizarte bakoitzean birmoldaturik kausitzen dugu.

Euskal literatura deitzera ohiturik gaudenaren historia –ondo ikasirik geratuko zineten- euskal itzultzaileen historia da neurri handi batean. Badira behin eta birritan itzuli izan diren liburuak, eta itzulpenaren ibilbideez jabetzeko datu hori ere garrantzizkoa da.

HARTZAILEAREN GAITZESPENAZ eta MEZUAREN TRANSZENDENTZIAZ

Neurri handi batean, euskal literaturaren historiak eta, behar bada, itzultzaile guztienak, badute zerikusirik nork bere buruaren eta hartzailearen gutxiespenarekin, hau da, euskal literaturaren historia erlijiozko dibulgaziozko izateak badu zerikusirik gure eguneroko errealitatea ikustezin edo adieraztezina izatearekin. Esan nahi baita, euskal literaturatzat hartzen dugunaren gaiei begiratuz gero, oso gutxitan agertzen dela garaiko bizimoduarekin lotutakorik.

Aldiz, euskaldunen bizimoduaren berri (neurri apal batean) ematen zutenak, sarri, euskaldunen aurkako testuetan txertaturik agertzen dira. Eta konparazio argienetarikoa A. Pikauden hitzak ditugu. Berak jasotako hiztegia amodio handiz ikasi dugu filologiako ikasle askok, baina, zein testutan txertaturik zegoen ikusiz gero, Picaudentzat geneukan begirunea izu bilakatzen da, De Lancrek torturatuei euskarazko aitorpenak kopiatu balitu sortuko zitzaigukeen bezala.

Euskal Herriari buruz mintzatu diren esploradore euskaldunak ere izan ditugu, kuanto (Oihenart, Larramendi…) baina Euskal Herria arrotzentzat izan da beti interesgarri eta, orain bezala, Euskal Herria gai hartuta, euskaraz ez den beste hizkuntza batzuetara isuri dituzte beren gogoetak gure esploradoreek.

Egia da, prezeptibak inork uste baino indar handiagoz erasotzen diola errealitateari begiratzeko moduari, eta eguneroko bizimoduaz hitz egitea, neurri handi batean, arlotekeriaz hitz egitea zela. Hori zela eta bi ikuspegi egon dira euskal herrietaz mintzatzerakoan, alde batetik, ikuspegi komikoa eta bestetik ikuspegi hezitzailea.

Euskal Herriaren berri iritsi da sarri ikuspegi komiko batez, beste herri askotan gertatzen zen bezala (Zer ziren bestela Rabelaisen lanak edota Italiako XV. mendeko komediak). Eta komiko beharko herri baten aurkezpenak, ikuspegi sublimea eskaintzeko heroerik ez duen herri batean.

Komizitate hori izan da, aldi berean, idazleak bere inguruaz hartzen zuen distantzia. Neurri batean, idazteko gai zirenak beren burua herri xehetik bereizteko ahalegina egin nahi izan balute bezala.

Beste batzuetan, herri jentil eta hezigabean jaiotakoen defentsa herri hori onbidera eramateko katekizatze bideak jartzea izan da, eta horrelakoetan, itzulpena behar beharrezkotzat hartu zuten euskal idazleek.

Baina kasu batean zein bestean, distantzia hori identifikazio ezetik sortzen da. Batzuetan, idazlea ezin da identifikatu, berez, hartzaile behar zuenarekin, bere herkideekin, herkide horiek ELEBAKAR izaki, bere elebakartasunean, kultura-maila letragabekoak izaki. Beraz, bere herkideek irakurriko ez dutenez idazleak sortutakoa, hizkuntzaz aldatu eta mintzagai bilakatu dute, Besteetan, hezi beharreko eta onbidera ekarri beharreko izaki, herkideak erlijioak agindutako ereduekin konparatu eta, noski, ia beti aski figura tristea erakutsi dute.

Eta egoera honetan, zein da itzulpenaren papera?

Batzuetan, herkidea hezi alde MEZUAK transzenditu egin behar du igorlea bera eta baita hartzailea ere. Transzendentzia horretan dago batasuna. Hala gertatzen da erlijiozko testuen itzulpenetan. Gehienetan mezu jakin bat, arean, munduan barrena hedatua dagoen mezua jasotzea ahalbideratzeak altxatu, goratu egingo duelakoan sorterria.

Baina gerta liteke beste egoera bat ere, gure garaian nahiko hedatu dena, eta zera da, hartzailea igorle bihurtzea. Hori ere, kuanto, herkideareeekin identifikatu ezinagatik gertatzen dena.

IGORLEA BERA HARTZAILE DENEAN

Gatozen 60ko hamarkadan egiten hasi zen literaturara. Gatozen Pott-bandara, gatozen Krisellu taldera.

Hauetan, igorle-mezu-hartzaile eskemaren alderantzizkoa, hots, hartzailea igorle bihurtzeko aukera, desesperazioz burututako amiltzea izan zen, hein batean. Esan daiteke, hartzailea igorleak zer eskainiko zegoela eta eskainitako hori gustatzen ez eta igorle izatera pasa zela. Aurreneko aldiz, bazen euskaldun izatea aldarrikatzen zuen masa-kritikoa, eta aldi berean, igorleak bideraturako mezuarekin lotsatzen zena. Ez zen belaunaldi haustura bakarrik izan, distantzia, oraingoan, hartzaile kopuru horrek sortu bazuen ere.

Neurri batean haustura horrekin batera hartzaileak igorle izatera pasatu ziren, baina, mezua aldatu zuten arren, ez zuten ahal bezain agudo eskuratu hartzaile berririk. Igorle bilakaturik, beren buruentzat idaztera behartuta bezala aurkitu ziren, eta, beraz, denboraldi batez, euskal literaturaren eskema ez zen larregi aldatu. Baina igorle horiek, oraindik, hartzaile konzientzia handia zuten, eta behar zuten, igorle-lanean bere gainetik zegokeenik bere buruak indartzeko, eta orduan munduko literaturara hurbiltzeko egarria sortu zen, inguruko beste herrietan gertatzen dena baino askoz handiagoa.

Eta hala hasi zen euskal literatura modernizatzeko ahalegina, zeinetan euskaraz idatzitakoak beste espazio bat behar zuen: hiritarra; zeinetan, kultur modernizatuan euskarak beste erreferente batzuk behar zituen, Euskal Herriko modernitatearen parametroetan Euskal erreferentekide ez zegoenez. Beste horrenbeste gertatu bide zen artean ere, non errealismoak ez zuen euskal kutsurik eta euskal kutsua country-egi zen.

Orduan geratu zen (eta ondo erabakior) euskara batuaren auzia, aurkakoek ere erreferentegabetzat zeukatena, eta horregatixe izan zena mundu urbano batetarako baliagarri. Orduan, errealitatearen hustuketaren aurrean bakarrik gertatu zen inprimagarri euskal arima. Euskal arima erreferente gabe, galdekizunaren arima bilakatu da, galdegilearena.

Tere Irastortza