Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
pdf    

1. Jaiotzaz eta amatasunaz

1.1. Jaiotze urtea eta lekua. Lehen oroitzapenak

Zaldibin jaio nintzela 1961ean. Neuk ere ez dut gogoan, eta ez dut gogoratzen jaioera, nahiz behin edo, eta ez aspaldi, osteopataren eskutan nire burua lagata neukala, lepo-gainean sentitu nuen, buruaren jiratzen-leun bateko instante batean, noizbait-noizbait, estuera batetik irten eta zerbaitek, argitasun batek nire begiei aurre hartua ziela.

Segundu laurden horretan, lipar horretantxe, zerbaiten zantzu bat sentitu nuen eta oso lasaigarria gainera, zeren eta beste batzuetan, begiak zabaldu eta sabairen zuritasunak itsutu eta nigargurea eragin izan baitit.

Norbere jaiotzaz, norbere heriotzaz baino gehiago ezin jakin dezakegun arren, gai hori interesatu izan zait aspaldian. Behar bada oso berandu egin nintzelako ama, ez dakit –eta axola ote du!– Baziren liburu bi, gazteleraz irakurriak, Otto Rank-enak, biziki inarrausi nindutenak (El trauma del nacimiento eta El mito del nacimiento del héroe). Irakurri nituen garaikoa da argitalpena, 1981ekoa, hogei urte nituenekoa.

Oso gogoan dut gainera liburu hura irakurrieran nola berrirakurtzen nuen mentalki A. Urretavizcayaren San Pedro bezpera ondokoak liburu hartako poema bat, harrez geroko guztian kupitu nauena “Ni jaio nintzenean / beste aldera begira zeuden…” zioena.

Ez dut nik, dakidala, horrelako sentipenik eta horretxegatik edo izugarri hunkitu nau beti poema horrek, ez bainaiz sekula “gutxi miaztutako katakume” sentitu eta ez eta ere gatxitxik utzitako bildots.

Inolaz ere nire jaiotzari buruz ditudan oroitzapen gehienak, gure ahizparenak dira, eta uste dut beti berak bizi izandako misterio eta harridura kutsu berberaz irudikatu izan dudala. Antza denez, ni jaiotzeko nintzela eta, anai-arrebak (lau eta bost urtekoak) guretik izebaren etxera eramanak ziren, noski ezer esan gabe, ziurrenera, ordu hartan, haurdunaldi kontuak ez baitziren nolanahi aireratzen. Hala bazen ez bazen, geure ahizpak uste du behintzat beraiek ezakinean zirela. Hain Irastortza, Tere: Izateko sortu  ezakinean non izebak esan zienean itzultzeko etxera, han ahizpa txikia zutelako, erabat harrituta galdetu omen zion bere buruari, nondik eta nola ote zekien hain garbi hori izebak, denbora guztian berarekin egona bazen.

Beraz, nire jaiotzari buruzko oroitzapena, zuzenean jaso dudana, ahizparena da. Eta ez dut uste galdera larregi egin izan dudanik gai honetaz.

Jaio osteko lehen oroitzapenez ere, bestalde, zer esan dezakegu? Irudiak ote dira? Sarri pentsatu izan dut oroitzapenak irudi edo film bezala gogoratzen direla, edota ahots gisara. Eta beti iruditu izan zait nire oroitzapenak oso berantiarrak izango zirela.

M. Mauss-ek, berriz, argitzen du nola lehen oroitzapenek horiek hein batean induzituak diren, besteen oroitzapenekin, besteek kontatutako oroitzapenekin osatuak “halako eta halako hintzen”, “hau eta hori egiten hunan”. Eta memoria eta autobiografiak irakurtzean edo Bachelard-en Ensoñación y memoria harekin etorria naiz uste izatera badirela beste oroitzapen batzuk gorputzean itsatsita datozenak, eta halako batean, gorputzean ber-bizi daitezkeenak.

Eta hauetxetako batzuk baizik ez ditut idatzi ondorengo ataletan, saiatu naizen arren horiek oroitzera zerk eraman nauen gogoratzen eta nola beste batzuen liburuetatik xurgatuz, ahazten ere ikasi behar izan dudan senarekin idazteko.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago