Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

puntua7Jon Barberena gogoan

Kanpoan nenbilen, telefonouhinak mendi eta itsaso artean galtzen asmatzen duten parajeetan. Eta arratsaldea gau bihurtu zen, Izoztu zitzaizuen negu hura bezala. Buruan lehertzen sentitu nuen Zu al zara zu? galdetuz hasi eta poema liburuan Hil(h)otz osatu arteko saioak gogotik kendu ezinda, Jon Barberenarekin geldi-geldi ahotsa eta begirada garden gozoa lagun poemak errepasatzen pasatako tarteak atzendu ezinda.

Ez bereziki elkar ezagutzen genuelako. Larunbat goizetan, Bergarako Idazle Eskolako saioetatik, hitzekiko, edertasunarekiko eta ez dakigun horretaz aritzeko hartzen dugun patxadagatik ez bada. Baina, elkarrekin partekatutako tarteek gizatasuna eta gozotasuna ematen zuten aditzera, inolaz ere etxekoek, lagunek… inork baino hobeto ezagutuko dutena, baina literaturan ere ez dena, beti, atxiki-erraza, gozotasun natural hori. Gertukoen ezagutza ez baino, jendarte hurbilaren intimotasunetik egiten dute batzuetan bidea poesiako hitzek, eta poesiak sortzen duen elkar-ezagutzaren mamia, idatzita dagoenak utzi duen lorratza iragartzeak ekartzen du, idatzi gabe geratu dena, hain zuzen ere. Eta hala ere, poema batzuetan galderei erantzun beharra azpimarratuko nuke Jon Barberenaren lehen poema liburuan, Izoztu zitzaigun negu hura poema liburuan. Zu al zara zu galderari emandako erantzunak,zu hori zizelkatuz: lurrun zara zu/ urrun zara zu. Zu lur zara zu / hezur zara zu / beldur zara zu. Arnas-etena nahikoa zela, eta ahapaldi amaieretan bakarrik puntuatzeko burutazioetan.

        ZAIN NEUKAN LIBURUA
BERRIRAKURTZEKO ETA
OZENKI BERRESATEKO
GOGOAZ EGON
NATZAIO, JONI

Eta halaxe, etxera itzuli arte eta Barberenaren azal zuriko liburua, barrenean, gutunazaletik moztu eta gorde nuen helbidea topatu dut, zain neukan liburua berrirakurtzeko eta ozenki berresateko gogoaz egon natzaio, Joni.

Ez bereziki elkar ezagutzen genuelako, ez elkarrekin hitzen oihartzuna eta isla baino ezer gehiago partekatu genuelako… ez bada, konfiantzari toki bat eskaini diezaiokeelako poesiak, oraindik esan gabe dauden gauzei bidea eman, eta esanda daudenei adi jartzen laguntzen digulako, Olagarroak hiru bihotz dituen bezala, nahiago genukeela geuk ere hiru bihotzekin jaio… eta batekin bederik bizirik jarraitu, bihozgabeak bihotza zulatu arren.

Baina Iraganaren collage-an jasota utzi zenuen bezala Denbora kartoizko kaxa erraldoi bat da./ Noizbehinka, zabaldu eta mimoz eta kontu handiz/ bizipenak tolestu eta bertan sartzen ditugu.// Gehienak denborarekin, behetiko aldean hondoratuko dira betiko, / bakan batzuk berriz, ahanzturaren hautsetatik babestu eta oroitzapen bihurtuko dira