Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
39    
pdfJAKIN 2007    

Hezteko, askatasuna

Igande arratsaldea, 17:55. Txokolate punta bat hartu eta delibero tinko bati eusten diot: Jakin-erako artikulua gaur amaitu behar dut. Beste ordu t’erdiko lantzat hartu beharrean nago: ez daukat idatzitakoa zuzentzea beste lanik. Badakit euskal curriculumaz aritzean, eta gure haurren mundua irudikatzean, bizimodu osasungarri bat begitandu beharko nukeela, baina Titin eta Barriola arteko partida ikusteko palomitak egin dizkiegu semeari eta beraien lagunei, eta nik tarte honetan amaitu nahi dut artikulua. Konturatzen naiz txokolatea txarra dela gu bezalako bizimodua daukatenentzat... baina dagoeneko jana dut txokolatea. Badakit bizimodu lasaiago bat nahi dudala gure seme-alabentzat, baina arratsalde honi zukua atera beharrean nago.

Eta halaxe sentitzen dut euskaldunon egunen gurpilaren bira: enbarazu eta estropezu artean euskara eta euskal curriculumaren aldeko bidea egiten ari da, ez nahi erara, baina bai ahal erara: Euskal curriculuma izeneko dekretua iritsi da gure mahaietara. Egin zitekeen onena, ziurrenera, eta baita ere egin nahi genukeenetik urrun, zerbaitetan hasten den guztiari askotan gertatu ohi zaiona. Badugu, aurrenekoz, euskal curriculuma izeneko lege bat... eta badugu, irakaskuntzan ari garen batzuek, gure egitekoa legez gehiago zehazten duen eremu bat.

Eta dekretu honen alde eta aurka ari garen bitartean, badirudi ikastetxeetan erabiltzeko ordua ere iritsia dela. Mintza gaitezen, orduan, irakaskuntzaz, diot, nire artean. Gogora dezagun bizi izan duguna, azter dezagun egiten duguna, pentsa dezagun nola egin egin nahi duguna.

18:16. Ikasteaz eta ezagutzeaz. Titin eta Barriola arteko partida emozioz betea da, haurren oihuei kasu egiten badiet. Ikusi gabe ere, beraiek kontatuarekin irudikatuko dut izan dena, eta bihar ez naiz kirolak abiarazten dituen elkarrizketa guztietatik kanpo egongo. Non burutu da, galdetuko diet, nolakoak izan dira tantoak? Zenbatgarrenean iruditu zaizue erabakitzen zela partida? Eta galdetuko didate zergatik ez dudan ba ikusi, jakin nahi banuen.

Eta nik esan nahiko diet, irakaskuntzaz idatzi nahi nuela, eta ezagutu gabe, ikusi gabe ikas ote daitekeen ez pentsatzeak kezkatzen nauela. Zer da, izan ere, irakaskuntza? Nork erakusten du, non erakusten da, zer erakusten dugu, nola erakusten dugu? Erretorikoak dirudite galdera hauek, galdera guztiek, galderak besteei jaurtikitako harriak direnean. Baina errotikoak dira galdera hauek, irakaskuntzan dihardugunontzat, beti. Irakaskuntzan lan egitean, gizartean eragiten dugula uste eta sinetsi nahi dugunontzat, bederen. Egunen gurpilari erritmo mekanikoa ezarri beharrean, eragiten ikasi behar dela uste dugunontzat, sikiera.

Artikulu honek, beraz, ez du inolako asmo pedagogikorik. Ez diot inori esan nahi zer egin behar duen eta zer ez. Eta ezagutzen ez dugun hainbeste gauzaz galdetzen zaigunez, egiten dugun lanaz hausnartu eta ikasteko asmoaz baliatzen naiz Jakin-ek emandako idazteko askatasunaz, ikastea beti jakinari eraginez berriz hastea ere bai baita.

8:26. Nork erakusten du? Irakaskuntza babesten du mendebaldeko kulturak, denontzako irakaskuntza. Demokraziaren lorpentzat eta hastapentzat har daiteke edo esku-lana ondo bideratzeko eta hezteko baliabidetzat. Baina hala da.

Irakaskuntza babesten eta bermatzen dute estatuak edota administrazioak; eta gizarteak, derrigorrezko hezkuntza bermatzeko, bere baliabideak bideratzen ditu irakaskuntzara. Eta horiek horrela ikastetxeak bihurtu dira irakas-toki (bakar).

Aldi berean, ordea, moderno deitzen dugun gizartean, helduek bere hezitzaile protagonismoa galdu dute. Esan ohi da gizarte tradizionaletan helduek eta zahar jakintsuek egiteko handia zutela heziketan, bai lanbideak erakusten eta baita tradizioa eta esperientziak transmititzen ere. Durkheimek 1911n zioenaren arabera, irakaskuntza tradizioa ordenatuz irudikatze kolektiboen transmisio bidea zen.

Moderno deitzen dugun gizartean berrikuntza eta modernotasunari egokitzen erakustea bihurtu da, baina, irakaskuntzaren erronka handienetako bat, eta, berrikuntza teknologikoaren abiadak hala eraginda, eta hainbatetan liluraturik, berrikuntzetara egokitzea bihurtu da gizartearen irakaskuntza premiarik handienetakoa.

Iruditzen zait, hala ere, aurrekoari beste arrazoi batzuk ezarriz —posmodernitatean egiaren inguruan egindako kritikak sortutako egonezina, kasu, edota askatasuna aukeran dagoena aukeratzearekin lotzeak esate batera—, helduen gizarteak —egun gizarte zibila deitzen dugunak— tokia galdu duela Euskal Herriko irakaskuntzan. Eta zehazkiago gurasoen parte-hartzea izugarri eraldatu dela eta desagertzeko joera ere har dezakeela.

Jo dezagun seme-alabak hezkuntza sistemara murgildu beharrean zauden ama edo aita zarela. Legeak aitortzen dizu ikastetxea hautatzeko eskubidea, alegia, gure inguruan hiru hezkuntza sare artean hautatzeko eskubidea. Gurasoen egiteko nagusia ikastetxea hautatzean geratzen da sarri. Bizitzan, asko jota, hiru edo lau aldiz: Haur Hezkuntzan, Derrigorrezko Hezkuntzan, eta Derrigorrezko Hezkuntzaren osteko au- keretan. Eta gero, haurrak sistema batean sartu ostean, sistema horrek bideratu ei ditu egoera guztietarako irtenbideak.

Gurasoek, gure garaiko hezkuntza sisteman sumatu ere ezin zuten mailako ezaupidea izan dezakete beren seme-alaben norabideari buruz, hala nahi badute. Banakako bilerak eta talde bilerak finkatuta ohi daude, eta gurasoek irakasleari bilera bat eskatu orduko ez da izaten normalean aparteko zailtasunik norbere haurraz aritzeko; eta ikastetxean bertan, aniztasunaren trataera medio, garai baten aldean, baliabide asko eskura dezakete haurren heziketarako.

Esan dezakegu, gainera, hezkuntza sistema, sistema bezala, hobetu egin dela azken hamarkadetan.

Horiek denak hala izanik, nabarmengarria da, hala ere, gurasoen ardura bere seme edo alabarekiko arduraren esparrura mugatzen dela, nagusiki, eta ez heziketa horren antolaketa, kudeaketa eta erabakimen mailan. Hartaraino non irakaskuntzaz eta formakuntzaz deliberatzea irakaskuntzan lanean dihardutenen egiteko bihurtu dela ematen duen, eta ez seme-alaben heziketaren ardura dutenena. Zergatik ote?

18:51. Mozarten Stadler kintetoarekin, K 581, haren adagioan. Oso argi dute askok zergatia. Auzi honetan ez da bosteko harmoniazkorik osatzen eta aurrez aurreko partida dirudi. Irakaskuntzan askotan mintzatu ohi da gurasoen utzikeriaz, eta gurasoen artean irakaskuntzan dihardugu- non bizimoduaren erraztasunaz. Eta lantu-jotzeon errazkeriaren azpian egon daitezkeen arrazoiez ere pentsatzen jardun dut. Bina ahala bina esparrutan errazago dirudi beti «errudun» bat bilatzea, edo dena txarra dela esatea, baina bideetan —ama izaki eta irakaskuntzan arituki— erabaki dut irtenbide salomondarrik ez dagoela auzi honetan, baizik eta bietan, sarri, ardura ez hartu nahi izateko joera gailentzen dela.

Gurasoak ala irakasleak, Titin ala Barriola... ez dut faboritorik markagailua oraintxe arestian 16-10 jarri den arren. Eta gorabeherak gorabehera, arduraz aritzea, beti, funtsean, askatasunaz aritzea dela erabakitzen dut, Mozarten Minuetera iristerako. Are gehiago... berdina ez bada bi eratara aurkezten den eztabaida.... Eta irakaskuntzari buruz dugun ikuspegia gizarteari buruz dugun ikuspegi berbera ez ote den: haurrak ere beste norbaiten esku uzteko joera.

Askatasuntzat dugu dauden aukeren artean hautatzea... baina apenas iruditzen zaigu aukerak sortzea ere askatasun horren adierazpide daitekeenik. Nabarmenago da ikuspegi hori Erkidego Autonomoan, Nafarroa eta Iparraldearen aldean, eta beldur gabe esan dezaket, askotan sentitu baitut jendeak erotzat hartu gaituela hainbat ikastola sortzen aritu garen guraso eta irakasleak —gaurko egunean!—. Baina hara nola, konturatu gabe, Fantasia entzuten ari nintzen, Carl Maria von Weberren Kintetoaren 2. mugimenduan.

17:24. Carl Maria von Weber. Menuetto. Capriccio presto. Askatasuna dagoena aukeratzea bada, dagoenera egokitzea da. Eta inork beste nolabait jokatzen badu, kapritxo bategatik dela deritzo: gutizia bat, seta bat, akaso. Halaxe, jo dezagun, delako aita edo ama zarela eta dauden sareen artean ez duzula zure seme edo alabarentzako ikastetxe egokirik ikusten. Legea urratu gabe hezi nahi baduzu zure haurra, aurren-aurrena beste guraso batzuk aurkitu behar dituzu, edozein administraziok baimentzeko moduko eraikina eskuratu eta obratu, hura ordaintzeko diru iturriak eta maileguak lortu, eta horren ostean bideko oztopo tekniko guztiak gainditzeko adurra izan.

Gizartea eraldatzen ari bada, legezko lirudike irakaskuntza sistema ere eraberritzea gizarteak berak eraginda. Aurten, ordea, zerbitzu-emaile bihurtu nahi den administrazioaren jokamoldea oso kritikatua izan da etorkinen gaiarekin eta beraien integrazioarekin.

Bere burua euskalduntze prozesu eragiletzat duen irakaskuntza sistema batentzat ez dago etorkinik, erdaldunik baizik, baina oraindik ere erdal gizarte honetan atze, atzeko herritarrak euskaldunak garela ahazteko urrats guztiak eman dira eztabaidan. Euskaldunentzat, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegitik, orain datozen erdaldun saldoak orain hirurogei urte etorritakoen pareko izan daitezke. Erdaldun hauen integrazioaz izugarrizko indarrarekin mintzatzen da, orain, kasik, lehen euskaldunen asimilaziorako egindako indar berberaz. Sarri eztabaida honetan gurasoen iritziak eskatzen direnean, litekeenik eta ikuspegi arrazista eta klasistarena emateko izaten da... Nahiz eta gure ikastetxeetan euskaldun diren haurren %25-30 baino ez den euskal jatorrikoa, eta gainerakoa erdal jatorrikoa edota familia mistoetakoa den.

Estatu laiko batean, erkidego aurrerakoi batean, guraso atzerritar izatea, seme-alaben heziketan ere, eskubide gabeko guraso izatearekin parekatu behar ote dugu? Gure hizkuntza eta kultur tradizioa erakustea beraiena galaraztetik ote dator? Bekatua ote litzateke beste eskola-eredu batzuk ituntzea, hemen dagoen eskola ereduan ezin badute gurasoek bere heziketa bermatu, ez ote dute eskubiderik, hemengo legediak ezar ditzakeen baldintza batzuetan, beraien proiektua bermatzeko? Ziur al gaude gurea baino okerragoa izango dela? Beldur naiz, administrazioa ez ezik... gure gizartea ere ez ote dagoen prest etorkin hauen heziketa-eskubidea bere osotasunean bermatzeko.

Beldur naiz, Euskal Herriratu ostean, bigarren hazaldian euskaldundu direnek ez ote dituzten lehen kritikatutako joerak berretsiko.

Eta legea urratu gabe norbere seme-alabarentzat nahi den heziketa bermatzeko, berriro etxea bakarrik gertatzen da.

Hilabete hauetan zabaltzen ari da fiskaltzak haurrak eskolaturik ez dauzkaten familiekiko hartu duen jarrera. Sekula jarrera hori hartu behar ez duenik esan gabe ere, garbi ikusten da, azken kasu hauetan, badagoela ikasketa prozesu bat, eta ziurrenik, erabat pertsonalizatua eta mamitua dagoen heziketa proiektu bat ere, haur horien inguruan. Estatuak hartzen du kasu hauetan ez adin txikikoen tutela, ez bada, gurasoen tutela.

Azken adibide bat aniztasunaren izendapenak, batzuetan, estaltzen duena da. Zeren eta irakaskuntzaren porrota, batzuetan, aski ez saiatzearen ondorio izan badaiteke ere, batzuetan irakaskuntzak berak porrot egiten du haur batzuekin, saiatu arren ere, eta bere ubidera, gizartearen ubidera eraman beharrean, irakaskuntzak berak botatzen ditu behin eta berriz bazterretara, ito arte erabiltzen ditu batzuetan bere zurrunbiloak, haurrak izan beharrean, gizaki izan beharrean, kodifikatu eta ordenatu beharreko mundu seriatu bateko ale bailiran. Hala, haur batzuek ondo ezagutzen ez diren zailtasunak dituztenean, gelaz gela eta psikologoz psikologo erabiltzen ditugunean, derrigorrezko irakaskuntza amaitu arte, sarri beraientzako egokia ez ezik batzuetan erabat nekagarri eta erasotzaile bihurtzen den egoera batera behartzen ditugu. Eta halakoetan ere ez dirudi zilegi hainbat haur, kosta ahala kosta, sistemara egokitzeko porrotaren ondorioz, ahaleginaren ahaleginez, nekearen nekez, birrindu gabe irakaskuntza sistematik ateratzea.

Eta, orduan, gizarteak —edota gurasoek— heziketan, eta ez etxeetan ematen den heziketan bakarrik, baizik eta irakaskuntza-sisteman ere behar duten eraginik ezean, berriro irudikatze kolektibo eta talde-sinesteen arteko desoreka areagotu egin daiteke.

18/98. Tarterik ez. Ordu t’erdi honetan hainbat atal ezabatzeko itxaropena nuen, eta hala ere, luzatu egin naiz irakaskuntzaren subjektuen gaian, gurasoen erabakimenaren gaian. Ez, lehen esan bezala, pedagogia egiteko asmoarekin, ez bada, tarte bat egitearren gizartean hezkuntzari buruz dauden aurreikuspenek sor ditzaketen arazoez.

Laurogeita hemeretzi minutu pasatu dira. Titinek irabazi du txapela eta nahiago zukeen aitak janztea. Laurogeita hemeretzi urte ere pasa daitezke urek guk uste dugun bideetara etortzerako, eta bitartean txapela beste batzuei eskaintzen ere jarraitu beharko dugu, esate batera, askotan bidez erratuta ere, askatasuna aukerak sortzea dela uste dutenei. Zeren eta askatasuna ez baita kapritxo bat.

Zeren eta askatasuna, ardura bat ere bai baita. Zeren eta askatasuna, funtsean, norbere baitan jokatzen ez bada egokitze-aukera izatera mugatzen baita. Eta beti sistemak behar dituen baliabide guztiak jartzeko zain dagoenak ez du sekula ezertarako abagunerik topatuko. Eta hauxe da, hain zuzen ere, daukagun hezkuntza sistemaz edota dauzkagun sistema guztien alde eta aurka sinbolikoki ari garenean gertatzen zaiguna.

Eta hortxe dago, agian, bigarren koska, zer erakusten dugu... erakutsi ezin duguna bizi dugunean? Eta, berriz diot,  ez dut pedagogiarik egin nahi: besteen arduraz aritzea norberarenaz ahaztea bezala ere bai baita!... Hain goxoa da, izan ere, txokolatea! Hezteko, askatasuna, askatasunean hezi nahi badugu.