Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
38    
pdfJAKIN 2006    

Jakina: jakin eta ekin

Saiakeraren motorra

Orokorrean —eta Jakin-ek orain arteko zenbakietan jorratutako gaien hariari tira egin gabe— behar-beharrezko tokia hartu eta behar-beharrezko egitekoa bete du Jakin-ek: saiakeraren gordeleku izan da-eta, urte guztiotan.

Saiakerari tokia egitea behar-beharrezkoa zen 1956an, nabarmen diren arrazoi batzuengatik. Bazen hainbat erakunderi lotutako ikerketa aldizkaririk. Aldizkari onak ere bai, gainera, «euskal gaia» jorratzeko. Baina:

a) «euskal gaia» ere euskaraz jorratzen ez zenez,

b) euskal gaia ez zena euskaraz jorratzea ametsa zen.

Aurreneko erabaki horrek —kanpotik begiratuta— euskal saiakeraren motorra izatera eraman du Jakin. Hainbesterai- no, non uste dudan Jakin-ik gabe saiakerak saiatzeko beste biderik ez zela izango.

Euskal liburuen merkatuak ez du saiakerarentzako, azken berrogeitamar urteotan, bazter-eremu bat baizik laga. Sortzaileon ikuspegitik, Jakin izan da Euskal Herriko saiatoki eta dibulgaziorako alor, sortu zenetik, belaunaldiz belaunaldi.

Irakurlearen ikuspegitik ere egiteko nabarmena bete du Jakin-ek. Izan ere, aldizkari bakar honek esparru ezberdinei buruzko eztabaidak eta gai nagusiak landu baititu. Euskal irakurlearentzat jakintza eremu zabaleko gaiak tratatzen asmatu du: dela hizkuntz planifikazioa, dela literatura, dela ekonomia edo politika.

Egokitu eta sortu. Jakin eta ekin

Berrogeita hamar esatearekin bat, urteak adina egoera bizi izan dituen lan talde eta aldizkari baten ibilbideaz ari gara. Ibilbide horren ezaugarri nagusia, egoera berrietara egokitzeaz gain, egoera berriak sortzen saiatzea eta eragiten jakitea izan da. Etsirik gabe saiatzea.

Alde horretatik, uste dut, Jakin-ek, garaian-garaian egoki jokatu duela. Ezagutzen dudan neurrian Jakin aldizkari bat ez ezik, bada kultur-proiekzioz lanean diharduen lan talde bat ere. Inondik inora, hartu behar da «saio» hitzaren balioa bere zentzurik praktikoenean ere. Jakin-ek idazteko aukera bat eman du, eta egiteko eta eragiteko aukerak aurkezten asmatu du. Bere liburu sailak ere merezi du aipamenik eta baita beste proiektuetan eman duen bultzadak ere.

Aldizkaria: Gai Nagusiak

Jakin-ek kolaboratzaile sare zabala lortu du urteetan, eta kolaboratzaileei hitza emanez ere gai eta ikuspuntu anitz eta zabalak eskaini ahal izan ditu. Zerbait hobetzekotan, hala ere, uste dut, esparru honetan egin behar duela beste ahalegin bat, batik bat Gai Nagusien planteamenduetan. Uste dudanez, gaiak hedapenez eta sakontasunez maila onarekin iristen di- ra, baina gai berari buruzko ikuspuntu bakarrarentzako izaten da tokia, gehienetan. Baliagarria izan daiteke —nire iritzirako— gaiari buruz egon daitezkeen beste ikuspegientzako tarte eta moldeak aurkitzea: iritzi laburragoak, liburu edo artikulu iruzkinak, bibliografia komentatuak... Forma aldetik, berriz, uste dut, hainbatetan, saio akademiko kutsu handiegia dutela, eta eredu hori ez dagokiola Jakin bezalako aldizkari bati, ez bada, unibertsitate-dibulgazioko eremuko aldizkariei.

Orokorrean, irizten diot, badela euskarazko saioa argitaratzeko bestelako aldizkaririk ere, baina gehienetan, espezializatuegi ohi dela. Jakin-ek ondo baino hobeto eutsi dio irakurlego ez espezializatu baina jakingurako bati erantzuten. Agian, Jakin-en konpetentzia falta zaio euskal saiogintzari, baina, arrazoibide hori gutxietsi gabe ere, uste dut Jakin-eko saioek akademikoegiak ez diren ereduak jorratu behar dituztela.

Gai Nagusien inguruan ale batzuetan egindako elkarrizketak ere oso aberatsak iruditu zaizkit. Alde batetik, aberastu egiten dute edozein gairen tratamendua eta, beste alde batetik, esperientziaren legamiak zubi berriak asmatzen eta eraikitzen laguntzen du, horien artean, iragan eta etorkizunaren artekoak.

Aldizkaria: Egunen gurpilean

Jakin-ek Gai Nagusiak eta Egunen gurpilean formulekin oreka bati eusten asmatu du: egunerokotasunari ez ihes egiten, eta epe ertainean eta luzean garrantzizkoak izan daitezkeen gauzak batera lerratzen.

Hala eta guztiz ere, uste dut, hemen ere, beste ahalegin bat egin behar dela, eta, orokorrean, euskal kulturaren osagaiei buruz dugun aurreikuspen murriztaile baten isla ere badela hein batean, Literatura, Soziolinguistika eta Telepolis atalekin osatzea beti ez bada gehienetan kultura eta pentsamenduaren errota. Zientzia eta teknologiari, arteari eta egungo pentsamenduari, historiari eta ekonomiari buruzko ekarpenak ere, beste batzuen artean, interesgarriak joko nituzke, orain artekoak ere inolaz bazterretsi gabe. Atal honetan, formatuaz baino gehiago edukiez ari naiz pentsatzen.

Uste dut, gainera, egun, alor hauetan guztietan izan badugula euskaraz aritu daitekeenik, dibulgazio mailan.

Zorionak

Zorionak eta eskerrak eman gabe ezin dut utzi zuen galderei erantzuteko tarte hau.

Euskal Herrian amets bati mila urtez eutsi diezaiokegun arren, ekimen bati mila orduz eusteko talenturik ez dugu askotan izaten. Zer esanik ez, berrogeitamar urtez.

Ondo egindako lanak berak ematen duen pozaz gain, eta irakurleon sariaz gain, ukaezina da euskaldun askok zor handi bat duela Jakin-ekin. Zorrak kitatu gabe jarraituko badu ere, eskerrik eman gabeko adiorik behintzat ez.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago