Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
jakin139    
pdf    
Pio Barojak 1940an Loiolako Inaziori buruz idatzitako artikulu batean azpimarratzen zuen santu haren Espirituzko Jarduera haien errealismo eta materialismoa. Ezaugarri horien harira gogorarazten zuen Stalinek askotan irakurtzen omen zuela liburua, Stalinek ere «psikologia praktikozko» eskuliburu eraginkorren bat beharko zuelako, agi danez.

Gure aurreko askok, modu laburragoan bedere nik , ondo probatu dituzten Ejerzizio hauen jenialtasuna ez  datza inolako dogmaren azterketan sakonera jotzeko eskaintzen duen metodologian.

Izan ere, R. Mackenney-k ondo adierazi zuen bezala, garai hartarako Erreforma aurrera aterea zen ez Aita Santuaren itzalagatik, ez bada ere Aita Santuaren aurkako joeren erdian, protestantismoak erakutsi zuen aniztasunaren  eta iritzi malgutasunaren ordez, Eliza Katolikoak autoritatez ezarri zituelako bi ez bada hiru dogma. «Argi geratu zen —dio— protestantismoa heresia zela eta deserrotu eta hondoratuta geratu behar zela, 1564an —hara zein aldea protestanteekiko— ez zegoen zalantzarik kristau batek sinistu behar zuenaz.»

Giro horretan, berriro diot, Espirituzko Jarduera haien berritasuna ez datza inolako dogmaren azterketan sakonera egiteko metodologian, baizik eta norbanakoen sakoneraz baliatzeko metodologian. Alegia, norbere planteamendu eta bizimoldeak aztertzeko gaitasunean, norbere beldur eta izuak —egun mamu eta traumaz ari gara— adimen bilakatuz, norbere buruari eusten ikasteko zeukaten praktikotasunean.

Infernuan zen, nola ez, balizko eta egiazko beldur  guztien egoitza. Infernua zen segundo, minutu, ordu, gau
eta egun, aste, hilabete, urte eta mendeen errota amaiezina, etengabea. Eta irudi bizidunetara txertatzea lortu zuen  kontra-erreformak Infernua. Han ziren bekatu guztien betiereko zigor, penitentzia eta ordainak, analogikoki egituratuta eta hedaturik. Analogiaren indarrez baliatu zen kontra - Erreforma eta analogia bidez eta irudikatze eta dramatizazioaren bidez lortzen zuen Loiolako Inaziok Espirituzko Jardueretan, gau eta egun, hilabetez aritu ondoren, gizakion arima eta burua zailtzea; Inazio Loiolakoak  ederki dio: beste batzuek kirolaren bidez gorputza zailtzen  duten bezala.

Beldurrarenean
 

Arrazoiketa analogikoa, guztiarekin, arrazoiketa hutsa da. Eta lirikarako garai txarrak bizi baditugu, ez nuke  esango arrazoiketaren urrezko aroan egokitu garenik.
 

Arrazoiketa hori adimen bilakatzeko dramatizazio-bidea jokarazi zien Inaziok Jardulariei zein Jardunaldien zuzendariei. Geroago, Bataillek barne-bizipen edo esperientziari buruz idatzitako liburu hartan Loiolako Inazioz egiten duen aipamen laburrean, dramatizazioaren garrantzia  du hizpide.

Arestian aipatu dudan bezala Inazio Loiolakoaren jenialtasun anorbanakoen sakoneraz baliatzeko metodologian datza. Arrazoiketa hori sentimenduekin konbinatu  zuen. Gizakiaren adimenean eragin handiena duten sentimenduen artean beldurrarena dugu.

Ez naiz ni, hala ere, batere Inazioren metodologiaren zale, beldurra eragitearen eta beldurra barreiatzearen bideak arakatzeak, beti guztian, boterea ezartzeko sistemak  oinarritu dituenez. Ez dut beldurra aipatu nahi besteak  beldurtzeko eta ikaratzeko metodo bezala, mina sozializatzeko tresna bezala, bake eta guda garaian modu guztietara frogatua dagoen beldurraren apologia egiteko.

Beldurra aipatu nahi dut, hala ere. Lehen beldur guztien etxea Infernua baldin bazen, orain askatasunaren eta  demokraziaren esparruan beldurraz ezin hitz egin da. Tocquevillek oso ondo adierazita utzi zuen, hala ere, beldurrak Amerikako demokrazia eraikitzeko izan zuen garrantzia. Baina euskaldunon historian —erlijio eta estatuen hazi behar honen ondorioz— beldurrak jokatu duen paperaz gutxi mintzatu gara. Eta orain ere euskaldun askok izendatu nahi ez dugun beldurra sentitzen dugu kurubilkatzen erraietan egunez egun.

Beldurra aipatu nahi dut, gehienok ez garelako heroe ausart sentitzen. Beldurra aipatzen dut euskaldunok isiltzen dugun beldurraz hitz egiteko. Nahiago dut Ramon Etxezarretari Arantxa Urretabizkaiak elkarrizketa gihartsu batean igarri zion beldurraz aritzea. Nahiago dut Martxelo Otamendik gizonki adierazi zuen beldurraz aritzea. Nahiago dut Agurtzane Juanenak hogeitabost urteren ondoan  bakarrik adierazi ahal duen izualdiaz aritzea.

Beldurra renean isiltasuna da, gehienetan, nagusi. Beldurrarentzako ez dago hitzik. Isila da ia beti. Gogoan  dut azken Galeuscan nola katalan batek aipatzen zuen Pirinioetako muga pasatzeko herrestan zihoazen errefuxiatu  familietan deigarrien egiten zitzaiena isiltasuna zela. Burura etorri zitzaidan Gernika bonbardatu osteko isiltasunaz Trabuduak zioena. Herio hurren bizi denaren isiltasuna. Izan ere, beldurraren gai honetan zail da isiltasunetik garrasira ez pasatzea.

Galtzeko beldurra dugu. Areago, besteak noraino etor daitezkeen pentsatu ezinaren beldurrak izutzen gaitu. Erreformazale eta kontra-erre f o rmazale, biek, pentsamenduz,  hitzez eta obraz egin zitekeen bekatua gainetik kendu ezinak sor zezakeen beldur huraxe dugu gaur ere kiribilkatua.

Gure baitan beldur hau isiltzera eramaten gaituen  beste hori geureganatu behar dugu. Dramatizatu egin behar dugu. Beste bat balitz bezala hitz eginaraziz. Beste  bihurtu gaituelako beste bat balitz bezala hartu behar diogu hitza. Hitz emanda eutsi ahal zaio beldurrari, beldurrari hitza emanez egin baitaiteke arrazoiketa adimen. Beldurrari aurre egin behar diogu, galdu-irabazien balantzan  bakearen beharra aldarrikatzeko, izan nahia aldarrikatzeko, izateko, euskaldun izan beharra aldarrikatzeko eta horretarako gure itxaropen hori analogikoki pentsatuz itxaropenaren ortzimuga gerturatu behar dugu.

Arrazoiketa analogikoaren eraginkortasuna
 
 
Analogikoki gara daitezkeen arrazoiketak, argudioak ,  egitura bat, etxe bat, alde guztietatik ikuska daitezkeen  errealitateak sortzen ditu.

Analogiaren azpian aurrena definizio baldintzatua dago, hipotesia nahiago baduzue, nahiago baduzue konparazioa. X ... bada, gainerako guztia ... bera da. Zailena, noski, aurreneko analogiazko irudia adimenean txertatzea da —adimenaz ari naiz eta ez buruaz bakarrik—. Horretarako modu askotara errepikatu behar da irudia (horretan , predikariez geroztik oso iaio dira komunikabideak). Egoera  askotan errepikatu behar da, guztiek esatearen poderioz,  izatera iragan dadin. Guztiek egoera guztietan errepikatzearen poderioz, kausazko bihurtzen da esaldia. Eta orduan ,  zera geratzen zaigu: X ... denez, gainerako guztia ... da.

Abertzale eta nacionalista arteko teman, abertzaleak, orain-oraingoz, erreformazale haiek bezala ikusten ditut.  Nacionalistak, autoritatea darabiltenak bezala. Eta patua  elkarrekin ez denean elkarren ondoan bizitzeko, guztiok  aldatu beharko dugula, gure patua elkarrekin bizitzea bada.

Nik uste dut on genukeela —politikariak erratzen badira ere— geure bidea egiten hastea, eta honako Espirituzko Jarduerok proposatzea, aurrena gure buruei eta gero  gure politikariei:

Denok bakea nahi badugu, bakea nahi dugun guztiok batera joan behar dugu bakerantz.

Batera joanda bakea lor badezakegu, batera joan gaitezkeen biderik luzeena batera egin behar dugu.

Orain arte, esklusio sistema erabilita bakea ez bada lortu, aurrerantzean ez da esklusio sistemarik erabiliko bakea lortzeko.

Orain arte, besteak izan badira bakea ez lortzeko aitzakia, bakea lortzeko aitzakiarik jarriko ez dugunak geuk izan  beharko dugu.


Baldintza horiek denek (gehienek) onartzen dituztenean, inperatibo kategoriko bilakatuko dira, zerbaiten
eragile:

Denok bakea nahi dugunez, bakea nahi dugun guztiok  batera joan behar dugu bakerantz.

Batera joanda bakea lor dezakegunez, batera egin behar  dugu.

Orain arte, esklusio sistema erabilita bakea lortu ez denez, aurrerantzean ez da esklusio sistemarik erabiliko bakea  lortzeko.

Orain arte, besteak izan direnez bakea ez lortzeko aitzakia, bakea lortzeko aitzakiarik jarriko ez dugunak geuk izan  beharko dugu.
 
Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago