Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
mundua
 
erderaz1

 

Sinistuak ginen, sinistuak,
libreago izango ginela nahi genuena eginez,
izateko ginena izanik.
 
Nola jakin hala izan den ala ez.
Ikasi dugu geure umeak babestu
eta geure seme-alabak libreago egiteko bederen,
ederra dela libertatea,
geu asetzen gaituela geu osatzen gaituztenekin.
Ikasi dugu halabeharrak baino gehiago lotzen gaituela beldurrak,
eta zuek babestu beharrak erakutsi digu
zein babesgabe sentitu garen batzuetan
zeuek galtzeko beldurrez.
 
Ederra da norbere beldurrak
beldur gabe adierazi ahal izatea,
geure hauskortasuna ukatu beharrik ez izatea,
binaka izanik nor izaten sentitzea.
 
Badakigu -orain–
ez gaituela beldurrak egiten koldar,
beldurra onartu ezinak baino.
Badakigu ez gaituztela malkoek egiten erasangarriago,
malkoak ixuri ezinak baino.
 
Sinistuak ginen, sinistuak,
ez ginenari aurre eginez izango ginela libre edo libreago,
eta badakigu orain –jakin–
ez ginena ez izateko saioak egin gaituela
garen bezalako,
ama izateko ume bihurtuz,
ume izanik eme sentituz,
babesa ematean babesturik sentituz
geuregandik sortu zaretenotan
izan ginena eta izan gintezkeena lagaz,
izan dadin libertatea emankor.
 
Eta badakigu, orain,
 
badela aukera bat:
geuk, izateko, zuek behar baitzaituztegu,
geu izango bagara.