Unite Revolution Slider 2

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

JUARISTI, Felipe "Ibilerakoak"Glosak. Esana zetorrenaz, El Diario Vasco 2003-7-27. Hitz egin genezake poesiari buruz esan eta idatzi den horretaz guztiaz, baina ez dut uste ahaleginak inora eramango gintuzkeenik, ez bada poesiak bere burua estaltzeko darabiltzan hitz-mozorroen armairura.

    liburuak8
Ibilerakoak

Hitz egin genezake poesiari buruz esan eta idatzi den horretaz guztiaz, baina ez dut uste ahaleginak inora eramango gintuzkeenik, ez bada poesiak bere burua estaltzeko darabiltzan hitz-mozorroen armairura. Hitz egin genezake eta esan, edo idatzi, Nicanor Parra poetak esan eta idatzi zuen bezala: “Poesia ibiltaria da; geldi dagoena prosa da”. Hitz egin genezake, hitz egitea osasungarria baita, isiltzea bezain oraingoz, eta esan poesia, hainbeste ibiliagatik, galdu egin zaigula gandu artean, baina ez litzateke egokia izango, poesia ez baita galtzen, ez zaigu galtzen, geu gara poesia galtzen duguna, zaintzen eta gordetzen amatzen ez dugunean. Tere Irastortzak glosaren teoria aurkezten digu bere liburu honetan: “glosa hauek ulertzen zaila den munduari erreparatuz egindako oharrak dira. Glosa hauek asientu, kontu edo erregistro baten alboan jarritako galdera-ikurrak dituzu”. Poetaren zeregina galderak egitea baita, eta munduaren erantzunei adi egotea ere bai.

Hiru zatitan banatuta dago liburua: Idatzian zetorrenaz, Oharkabean zetorrenaz eta Esateko zegoenaz, azkenik, edo Ibileran, Ibilian pentsatzea: beste batekin nitaz mintzatzea bezala (edo) nirekin beste batetaz aritzea (bezala) edo. Ibileran idaztea norberaren oin-pausuek ezarritako doinuz idaztea baita, norberaren arnasa-hotsen arabera idaztea. Geldi egonik idaztetik ibileran idaztera alde handia baitago, ibileran paisaia etxeko eta barneko egiten den bezala, barne gero eta atzerritarrago bihurtuz, geldi egonik paisaia da arrotz eta atzerriko, eta barnea bertako. Zaila da ibileran idaztea, eta zailagoa norberarekin hitz eginez mundu guztiarekin hitz egiten ahalegintzea. Liburua, izan ere, liburu hau hain zuzen, elkarrizketa bat da, norberaren baitan dauden pertsonekin bateko, norberaren baitatik kanpo dagoen munduarekin besteko. Eta glosa elkarrizketa hori zehazten duen hitza da, hitz adierazle, hitz zedarria, hitz zorrotza, hitz-hasiera edo hitz-amaiera, baina sekula ez hitz neutroa: “Etorkizunaren eta joankizunaren kontzientzia gabe, oraina ez eteteak egiten du eterno”. Poesia horixe da, hitz eternoa.