Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
TERE IRASTORTZA
 
Arantxa Urretabizkaia: aspaldi espero genuelako sekula
bakarrik utzi ez gaituen idazlea
   

1947an Donostian jaiotako hondarribiarra sentitzen da Arantxa Urretabizkaia. Ikasketa-arloan ere jaioterriarenean bezala egin zuen bere aukera, izan ere, garai hartako familia pobreetako neskentzako zegoen patuari aurre egiten asmatu baitzuen. Beti jakin izan omen zuten mutilek ikasi eta neskek ofizio bat izango zutela. 13 urte zituela, Idazkari ofizioa ikasten hasi zen eta 16 urterekin bulego batean lanean ari zelarik hasi zen bestelako ikasketak burutzen. Batxilergorik ez zuenez, garai hartako “Ingreso de bachiller” egiten hasi behar izan zuen. Gerora Ospitale Probintzialeko erizain izan zen 8 urtez, eta garai berean Historiako Lizentziatura  egin zuen Bartzelonan. Ospitalean lanean ari zela, hainbat komeria izanda atera zuen karrera hura. Kazetaritza egiten ere hasi zen  aipatu alorreko lanak egiten ari zelarik, baina laugarren urtean  utzi egin zuen.

Gazte indartsu baten aurreneko urratsekin heldu diogu gure arrastoari, eta baita euskal literatura modernoaren lerro bati ere,  A. Urretabizkaia idazle-ofizioan nola trebatu zen galdetuz.

• ”Lur” izan zen, beraz,  zure lehen lokarria euskalgintza eta literaturarekin, ala 

Lur niretzat oso esperientzia ona izan zen; onegia izan zela ere esango nuke, lehenengo maitasuna onegia izaten denean bezala, gero berriz gertatuko ez ote den zalantzarekin geratzeko moduan utzi ninduen. Ni orduan jabetu ez arren,  pertsona normal bat bezala tratatzen ninduten eta hori apenas gertatu zait gero. Taldeko beste edonor bezalakoa nintzen,  Gabriel  Aresti  nirekin pittin bat paternalistago bazen ere. Adinagatik, edo agian neska nintzelako... Baina geroztik deskubritu dut nirekin paternalista izan daitekeela 22 urteko ikasle gazte bat, gertatu izan baitzait. Paternalistarena ez doa adinarekin. Bestela oso ondo. Ni beste mundu batetik nentorrela ere esan daiteke, euskalduna bai baina apenas bainengoen alfabetaturik. Lurekoekin, Ramon Saizarbitoriarekin eta hasi nintzen. Lehenengo Ramon ezagutu nuen, honek antzerkia egiten zuen frankismo garaian eta lehenengo, horretarako kontaktatu ninduen, baina hor ezetza eman nion. Geroago, talde batzuk osatu nahi zituzten, interesen araberakoak. Dozena erdi bat edo sortu ziren. Bakoitza sei-zortzi lagunekoa, eta hizkuntzaren inguruko bilerak egiten genituen. Gure taldean defendatzen genuen euskaraz edozein gauza egin zitekeela, beraz, ingeniaritza ikasten ari zenak bere arloko liburu bat egingo zuen... Hilabete pare bat pasa eta talde haiek desegin egin ziren. Gure taldean ni bakarrik geratu nintzen, inor ez zen bileretara joaten eta orduan beraien bileretara joateko aukera eman zidaten.

• Garai hartan soziologiaren inguruko gauzak ere egin zenituen. Horien berri, ordea,  ez da  zure bibliografian eman ohi izaten.

Baita soziologia ere, tokatzen zena. Mendebaldeko Ekonomiaren Historia egin genuen, Ramon Saizarbitoria ekonomista zen. Honek eskema bat zuen,  atal zehatz bati buruz zer irakurri behar nuen esaten zidan, nik irakurri, azpimarratu eta euskaraz laburpen interpretatzaile bat egiten nuen eta gero Ibonek zuzentzen zuen. Horrela idatzi genuen liburua. Nik ez nekien tutik ere ekonomiaz, baina Ramonek esaten zuen nik ulertzen baldin banuen, ulertzeko moduan adieraziko nuela eta ez zela hainbeste jakin behar.

• Euskara batuak hizkuntzari buruz sortutako aurreneko burutapenetan murgildurik ekin zenioten idazteari. Hala ere, zure nobelagintzan agertzen den  hizkuntza-hautapenak , hausnarketa pertsonal baten ondorio dirudi.

Bakarka egin dudan hausnarketa da, zeren eta handik aurrera, ez dut izan talderik. Astean behin elkartzen ginen, Axular irakurtzen
genuen eta honi erabileraren inguruko konstante bat harrapatzen genion bakoitzean  arau gisa hartu eta ikasi egiten genuen. Hor bukatu zen nire esperientzia, gainerako hausnarketa bakarka egindakoa izan da. Nik halako batean erabaki bat hartu nuen; nik ez nuela hizkuntzaren alorrean lan egin nahi eta gainera iruditzen zitzaidan gehiegi urrundu ginela euskara soziologikotik. Orduan ezinbestekotzat jo nuen ardatz hori, zeren batuan argitaratzen ziren lehenengo gauzak ziren. Ahal izan genuena egin genuen, baina niretzat historian gehiegi oinarritua zegoen eta ez hizkuntzan.

• San Pedro bezperako horretan nabaritzen zaizu gehiago hizkuntzan  Axularren eragina; gero Zergatik Panpox-etik aurrera oso markatua da aldaketa.

Ez nuen sekula pentsatu, baina datetan kointziditzen du. Nik orduan zera esan nuen: ni ez naiz hizkuntzalaria eta nik nirea erabiliko dut. Gero, arazoak izan ditut horrekin. Kontrako beste joera bat dexente zabaldu dela iruditzen zait, eta joera horri nik “Euskarakeria” deitzen diot. Zenbat eta korapilatsuago orduan eta jasoagoa dela iruditzen zaigu. Nik hizkuntza ahal dudanetan jasotzen dut eta ateratzen zaidan bezala idazten dut. Ez dut inoiz hiztegirik erabiltzen idazterakoan, gero bai, ortografia nola den jakin behar badut edo aditza nola den...

• 1980ko hamarkada-hasieran irakurtzen eta idazten genuenontzat, niretzat bederen, artifizial antzekoa zen euskara. Baina zure idatziak irakurtzean oso hizkuntza bizia bilakatzen zen. Gerora beste gauza batzuei eman zaie garrantzia eta uste dut ez dela oso ondo baloratu hizkuntza-hautapen hori.

Hautapen bat izan zen bai. Ez dut sekula honetaz hitz egin, lehenengo aldia da hau aztertzen dudala baina bai, egia da. Nik uste dut gure artean, jarrera politikoa eta hizkuntzarekiko jarrera ez datozela bat. Esan nahi dut; batuari kontra egiten ziotenak eskuinean zeuden eta aldiz ezkerrari hizkuntza populista bat zegokion. Ezker abertzalearen inguruan zegoena joera populista ez, kultista zen eta kultistak, eskuinekoak izan behar zuten. Jarrera politikoan eta hizkuntzarekikoan nik beti ikusi dut kontraesan hori.

Euskararen gorabehera horretan, halako batean esan nuen; baina nora goaz?, eten izugarri bat egin dugu irakurlearekiko, irakurle gaixoak. Baina hori nire kabuz egin nuen, horretara inork aholkatu gabe.

• Lehen esan duzu Lur izan zela zure talde bakarra. Gero Talderik gabeko sorkuntzak ez al du hein batean, zure irakurketan eraginik izan?  Euskal Herriko idazle askok izan dute beren taldea eta nobela bakoitza idazten zutenean, metaliteratura antzeko bat osatzen zuten egindako lana balioztatzeko. Zurekin —nire artean pentsatzen  dut, emakumea izateagatik ere ez ote den gertatu— ez da  horrelakorik ezagutu. Talderik ez edukitzeaz gain  zerorrek ere babestu duzu nolabait zeuk zure literatura, interpretatzea, eta horren guztiaren ondoren, iruditzen zait,  ez ote den kritika-lan seriorik  egin, ez?

Ez, ez da kritikarik egin. Orain egiten ari naizenean ere horretan ari naiz. Ni eskoletara joaten naizenean beti esaten dut liburu bat idaztea edo poema bat egitea, amets bat egitea bezala dela; nire ametsa hau da. Gero amets horrek zer esan nahi duen jakiteko aditu bat behar duzu, psikologo bat kasu. Nik gauza gehienak egiten ditut iruditzen zaidalako, baina ez ditut interpretatzen. Gauza batzuk aurretik pentsatzen ditut  baina beste batzuk atera egiten dira.

Nik  nire epailea Ibon Sarasola dela erabaki dut eta lan guztiak berari pasa izan dizkiot. Baina bai, nik bolada luze batean sentitu izan dut literaturaz hitz egiteko interlokutorerik ez edukitzea. Baina era berean, horrek outsider bat bezala sentiarazi nau eta distantzia eman dit, aje askotatik libratu nau... Gerora elkarrizketak egitea eta besteak niri egitea ere tokatu izan zait, eta ofizio askotan egotea... Horrek literaturarena erlatibizatzen lagundu dit. Zu ETBko kazetariekin egoten bazara, haiek esaten dute ETB izugarria dela, eta euskal literatura berriz, kaka zaharra. Aldiz, idazleekin egonda, bestea dela kaka diotsue, abeslariek, era berean beste gauza bat irizten dute...

  INTERPRETATU NAHI EZ DENAREN INTERPRETE.

• Zu nobela idazten hasi zinenean beste inork ez zuen horrela idazten eta zuk esan duzunaren arabera Zergatik Panpox-ek eta apenas izan zuten kritikarik.

Nik nire hausnarketa bidean egin nuen. Lehenengo argitaratu nituen gauzekin ez nuen pentsatu emakumea edo gizona nintzenik eta ez zitzaidan problematika hori burutik pasa; hala ere, Ramon Saizarbitoriak sasoi hartan Simona deitzen zidan broman. Nik ez nuen lotzen gauza bat bestearekin, gero entzun nuen hori eta irakurtzen hastean esan nuen; eta orain zer egin behar dut nik? Ezin dut idatzi ateratzen zaidan bezala, orain jada emakume batek bezala idatzi behar dut. Orduan blokeatua gelditu nintzen denbora luzez. Teorizazioa beranduxeago etorri zen eta teoria asunto hauetan asko aldatu naiz. Bai, orain ez ditut defenditzen lehen defenditzen nituen gauza asko baina oso mantso eboluzionatu dut; ez neukan zeinekin kontrastatu, ez bada Maiterekin, edo. Ez hori eta ez literatura. Nik bizitza orekatua daukadala sentitzeko, ez dut idatzi behar, baina lan egin behar dut, nire inguruan ondo egon, kezka handirik gabe, eta talde-lana. Bestela zerbait faltako balitzait bezala sentitzen dut. Euskararen alorrean ahal dudanetan eta emakume gauzetan jarduten dut.

Literatura erotikoaz hitz egiteko, euskal emakumeek idatzitako gauzak irakurtzen ziren; zureak, Amaia Lasa-renak, Maddi Peyotenak... Urteekin ordea, konturatu naiz, emakumeek amodioaz hitz egiten zutela, baina idazten zutena ez zela gizonezkoek literatura erotikoa deitzen zutena. Sexua agertzen da, baina ez dago deskripzio esplizitu edo anatomikorik. Hauen helburua norberaren aurkezpen bat da. Orduan, Mikel Lasak eta Mikel Arregik poesia idazten zutenean, Gabriel Arestirengandik urruntzen ari ziren eta nolabait literatura sozialetik urrunduz, poesia intimoago edo sinbolikoagoa bilakatu zuten. Amodioa atseden-toki bat zen, baina ez emakumeentzako. Ez Arantxaren poema-liburuetan ( San Pedro bezperaren ondokoak,  Maitasunaren magalean) ez ipuin-nobeletan.

Zergatik Panpox-en ez dago atsedenik, amodioa bai baina beste era batekoa. Amodioaren tartean umearen gaia ere agertzen da. Orain nola ikusten duzu hori?

Ez dakit, nik umeei buruz idatzi nuenean ez neukan umerik, antzeko esperientzia bat nuen. Niri gainera gaiak bizitzatik ateratzen zaizkit. Nik Franco hil zenean igarri nuen lehenengo aldaketa zera izan zen; nire inguruko bikote guztiak desegiten hasi zirela. Gizonek alde egiten zutelako banatzen ziren denak. Hori zen niri iruditzen zitzaidana behintzat eta lagunak etortzen zitzaizkidan beren penak kontatzera, sasoi hartan nik ez baineukan bikote-kiderik. Hori zen inguruan zegoena. Orain kontatu behar banu istorio hori, ez nuke inolaz ere horrela kontatuko, beste gauza batzuk jarriko nituzke aurretik. Momentu bakoitzean ahal duzuna hartzen duzu bizitzarengandik eta batzuetan gauza batzuk ez dituzu ikusten. Niri gai guztietan  heterodoxo samar  sentitzea gustatzen zait baita feminismoaren gaietan ere. Feminismoak korronte asko izan ditu. Nik gutiziarik izango banu, honako hau litzateke; ikustea, nigan, Rosa Monterorengan edo geure belaunaldiko beste emakumeengan nola aldatzen diren gaiak zahartzen garen arabera. Nik orain esku artean daukadana zahar batzuen ingurukoa da, eta ez da kasualitatea. Garaian garaiko kezkak azaltzen dira.

Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik liburuan hiru amodio-istorio triste bildu zenituen.  Hala ere, bere tristuran ez dirudite tragikoak, pertsonaiek itxaropenari eusten diotelako? Zer iruditzen zaizu?

Emakumeoi askotan gertatzen zaiguna da besteen bidez bizi nahi dugula, eta besteengana bideratzen ditugula guk geure kabuz egiten ez ditugun gauzak. Hori egia da, eta oraindik uste dut, harritzen nahiz baina egia da, horrela dela gazte-jende askorentzat. Ez dut esaten proiektu komun bat egin daitekeenik, askotan emakumea sartzen da gizonaren proiektuan eta bere ametsak gizonaren amets bilakatzen dira, gero umearenak eta gero... Desplazatu egiten dugu seguru asko eta pentsatzen dut denek desplazatzen dutela. Gertatzen dena da, amodioa esaten dugunean, amodioa bikote-maitasuna kontsideratzen dela, amodioa mugatzen duzu, baina maitasun-klase asko daude eta bikote artekoa ez da bakarra eta ez da inportanteena.

• Hurrengo nobelan, Saturnon gizonezko bat hartu zenuen protagonistatzat.

Bai, gizona hautatzearena propio egina zegoen. Behin Verines-en lagun batzuk elkartu ginen eta hirurok erronka bera genuen une berean, protagonistatzat gizonezko bat zuen nobela bat egin nahi genuen. Elkarri egindakoaren berri ematekotan geratu ginen. Batek pertsonaia hermafrodita fantasioso bat egin zuen, beste batek buelta eman eta protagonista emakumea egin zuen eta nik ere egin nuen. Nire buruari gauzak alde edo kontra direla frogatu diot baina inork ez du esan gizon hori gizon bat ez denik. Beste gauza bat da etxera eramango zenukeen edo ez, baina gizon bat da. Egindakoa egina dago. Orain ateratzen zaidana egingo dut eta ateratzen zaizkidanak emakumeen istorioak dira.

Koaderno Gorria-n izenik gabeko pertsonaiak dira gehienak baina baita Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik liburuan ere, narratzaileak badu izena baina...

Niri izena jartzea oso zail egiten zait. Izenek ere aldaketa handia izan dute. Koaderno Gorrian umeak Beñat du izena, izen hori duelako gure mutilaren lagunik handienak. Izen hori naturala iruditzen zait. “L”k bazeukan izena, hasiera batean Laura bezala idatzi nuen, gero pentsatzen jardun ostean Leire jarri nion, eta azkenik klandestinitatean geundela eta L. jarri nion. Izenari ihes egiteko modu bat ere izan zen.

• Pertsonaien pentsamenduez baliatu ohi zara hari narratiboa eramateko, eta aldi berean, sentimenduak eta sentimentalkeria nahastu nahi ez bazenitu bezala, pertsonaia eta narratzailearen artean beste pertsonaiarik ere bilatu ohi duzu; narratzailea kukuka nahi ez bazenu bezala...

Lehenengo pertsona kontatu liteke barrutik, Zergatik Panpox egina dagoen bezala, baina batzuetan egiten da beste fikzio bat; beste norbaitek irakurriko duen gutun bat. Nik urteekin beste gauza bat ikasi nuen; idazle handiek ez dituztela beti trama zailak erabiltzen.

• Beraz, lehenengo pertsonan idatzi arren ez da idazketa libre, surrealista.

Irakurleak uste du lehenengo pertsonan idatzitako zerbait irakurtzen duenean, sarrailaren zulotik beste norbait begiratzen ari dela.

• Zure pertsonaiek ere oroitzapenak sailkatu egin behar izaten dituzte idazten hasi aurretik, esan nahi duten horren aurretikoa gogorarazteko batzuetan, besteetan erabaki egin behar dutelako gutunean zer adierazi,... beraz, ez da bakarrizketa librea esan genezakeena. Oso kontzienteak ere badira, hein batean, bakar-hizketak edo gutunak darabiltzatenak.

Bai, nik horretaz asko pentsatzen dut. Norekin ari zaren, nola... baina nik gauza gehienak burura etortzen zaizkidalako egiten ditut.
Liburu batzuetan jakin izan dut non hasi eta non bukatu, baina gero ez da horrela  izan. Amaiera aproposa bilatzea korapilatsua gertatu izan zait. Saturnon adibidez banekien non bukatuko zen.

• Eta besteetan bazenekien non bukatuko zen?

Saturnon bai, baina Koaderno Gorrian ez. Koaderno Gorria, koaderno bat zen, hori bakarrik eta gero etorri zitzaidan mezularia. Denbora behar dut nobela bat idazteko.

LITERATURAZ ETA EUSKAL LITERATURAZ

Arantxa Urretabizkaiak bere liburuei buruz asko ez hitz egiteaz gain, euskal literaturaz ere ez du askotan hitz egin. Erreparoa  balu bezala.

• Orain, ez oso aspaldi, zure zutabeetako batean esan duzu hildakoei, hil ondoren eskaintzen zaizkien hitzek bizi zirela esanez gero, bizitzeko makulu handiak izango zitzaizkiela bizidunei. Idazleei ere idatzi dutenaz adina galdetu beharko genieke bizitzen lagundu dieten hitzei buruz, goi eta behe txundituta utzi dituzten liburuez.

Bai, jarri ditzaket hainbat liburu mugarri gisa, bai. Simone de Beauvoir eta bere autobiografia batez ere. Lehenengo autobiografia irakurtzean sekulako inpaktua egin zidan eta denak jarraian irakurri nituen, sistematikoki. Beste behin gerraren inguruko literatura irakurtzeko haizeak eman zidan eta Mercé Rodereda-rekin topo egin nuen. Horrek hizkuntza arruntaren eta poetikoaren arteko bide batzuk ikertzen lagundu zidan. Patricia Highsmith-ek ere bai, dudarik gabe. Euskal literaturan Ramon Saizarbitoriaren Lurpean, Hamaika pauso... Sarritan pentsatu izan dut Ramonek egiten duena maila altuko sukaldaritza dela eta ni sukaldean zaletua eta on xamarra den etxekoandrea naizela.

• Beharbada Saizarbitoriarenak oso pertsonaia singularrak dira, baina zuk berriz, kotidianoak, egunerokoak, eta aldi berean sekula izan ez diren gauzak azaleratzen dituzu. Plantxatzen, edo besapeak usaintzen... Hor al dago ezberdintasuna?

Beno, agian bai... Ni saiatzen naiz jende normala bilatzen.

• Nola irakurtzen duzu; egileka, gaika...?

Oso sistematizaturiko boladak izan ditut, joera hori badaukat. Koaderno Gorria baino lehen, Estatu Batuetan egiten den nobela beltz berri bat irakurri nuen bolada batean, Suedian ere egiten da, orain konturatu naizenez. Emakumeen lanak ere bai, baina orain suertatzen zaidana irakurtzen dut. Uda honetan bost nobela irakurri ditut eta guztiak suediarrek idatziak izan dira.

• Eta irakurle baten ikuspegitik nola ikusten duzu oraingo euskal literatura?

Ez daukat ideia orokorrik. Beharbada hau izango da gure historia osoan momentu bakarra hain belaunaldi ezberdinak martxan gaudena eta horrek aberastasuna ekarri beharko luke, ikuspuntu desberdin asko...

Bestalde, orain gazte-jendeak baditu erreferenteak, guk ez genituen, aurrera begiratu eta ez zegoen inor. Egun badaude. Oraindik
uste dut emakume askori kosta egiten zaiela ausartzea. Idatzi bai, baina idatzitakoa besteei interesatuko zaiela pentsatzearen ausardia falta da. Erreferenteen kontua oso inportantea da. Hala ere ez da oso mundu erraza.

• Belaunaldi asko gara aldi berean idazten ari garenak, baina lehen aipatu bezala garai batean batua oztopo izan bazen orain zer dira oztopo, norberaren interesak?

Nik ez dut sekula liburu-kritika egingo, baldin eta gustukoa ez badut. Ez nintzateke sentituko autoritatearekin lankide baten lana kritikatzeko. Beste gauza bat da besteek egiten duten edo ez. Nik X-ri buruz gustatzen zaidala esan edo isildu egiten naiz. Nik epai lana egiten dut. Gauza bera da, baina ez da gauza bera nik berari ez baitiot zuzenean ezer esaten, nik sari bat ematen diot.

• Emakume idazle papera zeure gain hartzea egokitu zitzaizun. Emakumeek idatzitakoaren gaia nola tratatu behar da, monografikoki? Hau da, emakumeek idatzitako poesia orokorrean hartu behar da, ala edozein gai hartu eta emakumeak gai horri buruz egindakoa aipatu?

Nik uste dut azkenekoa dela hobea. Baina gauza asko dago aztertzeko. Jende asko hasten da idazten baina beste jende asko ere merkatura bidean galtzen da, hots, denak ez direla argitaratzera iristen.

• Ez al zaizu iruditzen idazle profesionala irits daitekeela berari interesatzen ez zaion literatura egitera?

Niri aukera emango balidate edo kazetaritza edo urtean liburu bat ateratzeko konpromisoa hartu beharra, nik seguru asko ez nuke bat edo bestea aukeratu nahiko ez eta bat edo bestea utzi ere. Niri biak gustatzen zaizkit, baina bizitzeko bi modu oso ezberdin dira. Niretzat literatura idaztea barrura begiratzea da gehienbat, historia barruan daukat eta handik atera behar dut. Kazetaritza, elkarrizketa bat edo erreportaje bat, guztiek ikustea da, eta lanean ere, beste batzuekin egotea. Horregatik, ez nuke nahi literaturatik bakarrik bizi, denbora guztian barrura begira egoteko. Niretzat literatura askatasunaren bidea da.

. Liburu bat ez omen da bi aldiz modu berean irakurtzen, eta idatzi ere ezberdin idazten dugu. Hala ere, soziologikoki esan dezakegu, hein batean, idazten hasi zinenean, irakurleak eta idazleak gazteak zirela. Orain, berriz, era guztietako irakurleak ditugu, eta badirudi, irakurle gazteentzako bakarrik idatzi behar dugula, ala?

Nik uste dut zentzu batean burua ere pixka bat galarazi digutela.Guk jakin behar duguna da gutxiengo batentzat ari garela. Euskarazkoak gutxiengo horretatik, hemen irakaskuntzak pisu handia duelako ateratzen gara. Horregatik nahiago dut nire burua kazetaritzan bortxatzea. Ni artisaua kontsideratzen naiz eta saiatzen naiz gauzak ondo egiten, baina ez naiz batere artista sentitzen. Baditut tenperamentu artistikoak inguruan eta badakit bereizten, nik ez daukat inongo tenperamentu artistikorik.

ITZULPENEZ, IRAKURKETAZ ETABESTE HAINBAT ITZULINGURU

• Zure liburuak itzultzen aurrenekotakoa izan zinen, Zergatik Panpox esaterako. Orain, beste gai batera pasatuz, Euskal Idazleen Elkartean alor horretan zer eginik badagoela ondorioztatu dugu. Nola ikusten duzu zuk hori?

Nik nire kabuz egin dut dena Koaderno Gorrira arte. Koaderno Gorria Elkarek atera zuen denbora dexente pasa ondoren. Alfaguarak ere Saturno atera zuen erdaraz. Niri gaia interesantea dela iruditzen zait eta uste dut izandako esperientziak onak direla oro har. Hemen ondo joan diren gauzak ez dira gaizki joan kanpoan, eta horrek neurri bat ematen dizu.

• Gerta al daiteke espainierara edo ingelesera itzultzea euskaraz egiten denari itzal egitea bezala izatea?

Oraindik uste dut ez dagoela egoera hori normalizatua. Bada garaia horretarako, zeren eta Bernardo Atxaga eta Unai Elorriaga bi “boom” dira eta baita Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, e.a. ere, beste hizkera batekin. Bada garaia pentsatzeko, beraiek ere hemen zerbait aurkituko luketela.

• Gazte-literatura eta poesia idatzi arren, ez duzu jo haur-literaturara sekula, nahiz eta zure idatzietan semearen figura maiz agertu .

Ez. Umea txikia zenean ipuin asko kontatzen nizkion, eta denak asmatuak ziren. Nik literaturarako oso denbora gutxi daukat eta nahi dudana jartzen dut libre sentitzen naizelako. Bestean berriz, behartu egin behar duzu pixka bat eta horretarako badut nik beste alor bat.

IDAZLE BATEN LANBIDEAK

• Idazle bati elkarrizketa egiten ari naiz, baina beharbada elkarrizketatuaren jakinduriaren aholkulari jarraitzeko, zein lanbiderekin aurkeztea nahi duen galdetu beharko nioke. Kontua da, kazetaritza eta zinemagintza ere lanbide izan dituela eta dituela. Zineko gidoigile ere izan zara, zer moduzko esperientzia izan zen hura?

Bai, baina txiripaz. Nik zorte handia izan dut, momentu aproposean tokatu zait. Niri bakarrik ez, Euskal Herrian jende gehiagori ere
bai. Izan zen une bat non, euskaraz jakitearekin izan zintezkeen kazetari, bikoiztaile, aurkezle...

• Aurkezle ere izan zinen?

Bai, aurkezle-lanetan ere aritu nintzen ETBn bi urtetan. 1985ean egin nuen, Gaztetandik izena zuen eta eskoletan eta ibiltzen nintzen. Giro horretan nenbilela eskaini zidaten zineko lana. Bitan eskaini eta bietan egin nuen. Baina ez zait esperientzia gustatu eta gainera zinearen mundua izugarri aldrebesa da, etxean badaukagu bat eta nahikoa da. Oso berezia da,  jendeak agian bi asterako, sei asterako lana izaten du, gero berriz lanik ez... Horrek oso giro estresatua sortzen du nire ustez.

• Eta Albaniaren konkista?

Prokuktoreak etorri ziren eta tratua egin genuen baina hitzartutakotik oso ezberdina izan zen, zuzendariak nahi izan zuena egin zuen eta nik egindakotik komeni zitzaiona hartu zuen, gainerakoa baztertu egin zuen.

• Eta Zergatik Panpox-en esperientzia?

Ordurako ikasi nuen. Zuzentzeko aukera izan nuen, Anjel Lertxundik egin zuen bezala, baina nik ez nuen ofizio berri bat ikasi nahi. Gerora ikusi dut filma eta gauza batzuk pentsatu izan banitu lanean ari nintzela, ezberdin egin izango nituzkeela. Harez geroztik ez dut beste eskaintzarik izan. Nik kazetaritza gustura egiten dut, gustatzen zait.

• Zinema-teknikek ere badute nolabaiteko sarbiderik zure idatzietan.

Bai seguru asko. Nik intuizioarekin lan egiten dut, baina doinu bat bilatu behar izaten dut. Eta halako batean jakiten dut zein doinu behar duen liburuak. Istorio bat kontatu nahi dut eta gero erabaki egin behar dut istorio hori nola kontatu. Zineak oso ondo erakusten du pertsona batek zer egiten duen, zer esaten duen. Zer pentsatzen duen eta zer sentitzen duen, ordea, nekez. Zinean lan egin dudanez, handik ateratako hausnarketak dira hauek. Hori da literaturak eman dezakeena; zineak eman ezin duena. Hori da gainera, niri, interesatzen zaidana.

• Elkarrizketa dela eta, aldizkarirako argazki bat behar dut. Honako honetan landareen inguruan zaude, zer dira landareak zuretzat? Zure liburuetan behin eta berriz hitz egiten duzu loreen bidez.

Ni landare-maniakoa naiz. Horretan bai, horretan pixka bat artista sentitzen naiz. Nik behin Monserrat Roig-en nobela bat irakurri nuen eta elkartu ginenean esan nion; Adelfen usaina deskribatu zuela baina hauek ez zutela usainik. Berak ez zuen sinesten baina
gero arrazoia eman eta, usainik ez zutela baina pozointsuak zirela esatera gerturatu zitzaidan. Hor arrazoia zuen. Sarrionaindiak “Kamelien usainpean” idatzi zuen baina kameliek ere ez dute usainik. Loreek garrantzi handia dute niretzat. Nik landareek edo zuhaitzek zein izen duten jakin behar dut, kosta ahala kosta jakin ere .

• Zutabeak idazten dituzu aspaldian, baina idatzizko prentsan elkarrizketa ugari egindakoa zara, eta Rikardo Arregi saria ere jaso zenuen elkarrizketa haiengatik...

Bolada batean egin nituen baina nik ez dut iniziatibarik hartzen. Niri Zabalik-erako elkarrizketa luze batzuk egiteko aukera eskaini zidaten. Bukaeran ordea, nik esan nien nahikoa nuela. Sekula ez diot inori esan elkarrizketarik nahi al duen, niri etorri egiten zaizkit, ez dut nik iniziatibarik hartzen. Elkarrizketena azkenerako lan asko zen.

Elkarrizketak hizpide amaitutzat eman dugu gurea. Tarte bat hartuta, hori bai, ondo esanak ondo hartu eta gaizki esanak barkatzeko eskatzeko. Baita  aitorpen  bat egiteko ere. Izan ere, elkarrizketa honetan hiru lagunek hartu dugu parte. Arantxa Urretabizkaiak, elkarrizketatzaile aparta izanik galdetzailearen bideak erdi-urratu zituena; ni neu, honako hau egiten duen hirugarren elkarrizketa izanagatik, A. Urretabizkaiari bigarrenez egiten diodana; eta Eneritz Gorrotxategi, gu bion arteko solasa, zuretzat, laugarren horrentzat, interesgarria izan dadin transkribatzen eta arintzen aritu dena. Nire eskerrak Eneritz Gorrotxategiri.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago