Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

puntua1Iturri zaharretik edaten: Joxan Artze gogoan 

Asko estimatu ohi dira liburu bakarra idatzi eta goia jo omen duten idazleak. Rimbaud aipatzen da, ia beti. XX. mendean indarberritu zen euskal literaturak, berriz, arnas luzeko idazle-segida ederra opatu digu –Gabriel Aresti, Xabier Lete, Juan Mari Lekuona, Amaia Lasa, Luis Mari Mujika, Jose Angel Irigarai, Bitoriano Gandiaga...–. Ez da nolanahiko ondarea geurea bezalako literatura batean.

Hil berri dela eta, Joxan Artzeren edozein poemaliburutara hurbiltzeko gonbidapena egin nahi dizuet.

Jose Antonio Arzek – batzuetan, Harzabal izenez sinatu zuenak, eta hurrena Harzubi– bizialdi osoa eman du poesia idazten. Bizialdi osoa eskaini dio poesiari ere.

         
ARTZEREN EDOZEIN
POEMA LIBURUTARA
HURBILTZEKO GONBIDAPENA EGIN
NAHI DIZUET

Lehen liburua argitaratu zuenean, Isturitzetik Tolosan barru (1969), 30 urte zituen, eta esan genezake, beraz, ez zela gaztetxoa ordurako. Ziurrenik bere bizitzarako eta gure gozamenerako erabaki garrantzizkoak hartua zen: “Estudioak utzi eta Ingalaterrara joana”, han bizi izan zen hainbat urtez. Eta belaunaldi haren ezaugarri horrek sarri aitortzen dena baino eragin handiagoa izan zuen euskal kulturaren berritze eta berpizkundean, nahiz eta, munduari jira eman ondoren, gure Joxan Artzek euskal kulturaren tradizioan egin izan zuen murgil.

Eta, hala, Artze anaiei esker herri-tradizioan galtzear zegoen txalaparta berreskuratzeaz gain, bere mundu-ikuskeraren ardatz bihurtu zen. Baina, gainera, herri-ondareari itzuli zizkion kantu bihurtu ziren hainbat poema, ahaztu egin zaigun arren poesia direla –Txoria Txori, Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak, Geure bazterrak, Zure askatasunarengatik borrokatzen banaiz, Pisako Dorrea, Usurbilgo eliza...–.

Eta Artzeren poesiaren ardatza den bezala argudiaketa, hizketaldi barrenkoienean askatzen eta biltzen den argudiaketa: soinu, erritmo eta arnasarekin hedatuz eta ikuskizunetan irudi bihurtu ondoren antzinako ibaiak bezala iturri berrietan freskagarri gertatuko dena.