search
Tere Irastortzaren liburuak
Izen gabe,direnak Haurdunaldi beteko khantoriak
Tere Irastortzaren liburuak
Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua
Tere Irastortzaren liburuak
Gabeziak khantoreak / Izen gabe direnak/ Glosak Esana zetorrenaz
Tere Irastortzaren liburuak
Derrotaren fabulak / Hostoak
Tere Irastortzaren liburuak
Izendaezinaz / Gabeziak
Tere Irastortzaren liburuak
Eta orain badakit / Siete poetas vascos/ Osinderdeko kantoriak

Bat horri

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Jesus liburua irakurtzen ari naiz. Pagolarena eta hitzik aldatu gabea . Liburuak Jesusek sendagile gisara ekarri zuen mezu-berrikuntza eta sendabidea azpimarratzen du. Adierazten du Jesusen sendagile-lanek oso ezagunak direla eta onartuak, eta , garaiko exortzistak ez bezala inolako gailurik erabili beharrik gabe sendatzen zuela, alegia, uztai, eraztun, kuttun edo horrelakorik erabili gabe, bere indar hutsez, bere senaz baliatuz . Baina deskribapen eta zehaztasun hauetaz landa, batipat azpimarratzen du gizakia eta gizartea sendatu nahi zituela, gaixo zegoen gizakia sendatuz, gizartetik kanpo baztertuta zegoen gizakia jartzen zuela itun berriaren gunean.Eta gogoratu dut elizkizunean, txilina jotzeaz batera nola esaten den “ Jauna ni ez naiz inor zu nire etxera etortzeko, baina zure hitz batek sendatuko nau

Hitzak osagarri baitira edo asegarri. Hitzak sendagarri baitira edo pozoitsu, psikoanalisiak adierazita utzi duen bezala.

Hitzak non jartzen diren, nori eta nork esanak diren , modu batean edo bestean eragin dezakete . Eta hitz batzuk orbainetan jartzen dira, buztina edo pasmo-belarra zaurien gainean bezala eta gazian gazi izanagatik ere sendatzen dakite, aurretik , barruan lagata gaiztotutakoak direnean : egin gabeko galderak eta eman gabeko erantzunak , adibidez.

Esate hutsak ere bihurtzen ditu sendagarri batzuetan hitzak . Asko eta asko zail dira eta mingarriak tarteka, aspaldiko direlako edo beste norbaitenak sentitzen ditugulako : nola aspaldi ez dizudan esan maitte zaittudala, nola aspaldi ez dizudan eskatu ondotxora etortzeko eta horrelakoak.

Horregatik, hitz batzuk isil gorde luzeak eskatzen eta askatzen dituzte, totel bizi izan garela adierazten, Karmele Igartuaren Hitzak orbainetan poema liburukoak bezala. Hitz batzuk geldi-uneak eta geldi egonak eskatzen dituzte, hitz batzuk molde batean bakarrik esan daitezke, eta poesia behar dute bere lana egiteko, liburu honetakoak kasurako.

Izan ere, Jesusen garaian gaixotasunak isolatu eta bakartzen zuen gizakiaren aldean, orain, ikusten dudanez, norbere buruarekiko gehiegizko zaintza eta errukiak , bakardadea indibidualismoaren goren graduko adierazpentzat hartu izanak gaiztotzen du gizartea—edo gaixotzen-- . Eta Igartuaren liburuan bezala , “ bat horri “ behintzat zuzendu behar zaio hitza. Inolaz, besteak eta gizartea baitaratu behar ditu gizakiak sendatzeko eta osatzeko . Izan, inor ez baita nor, inor ez baita oso eta osagarri, bat hori gabe.

Tere Irastortza