Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Astelehenean nire mahai gainean agertu zunan liburua. Otto Rankena . Jaiotzaren traumari buruzkoa . Gertuagoko ninan heriotzaren trauma.

Orriak pasatu , orain hogeita sei urte azpimarratuari so aldi bat egin eta ezker egin dinat. Ohar batera etorri dun nire begia, eta bertan geratu naun. Agian, aritu eta ekiteko grina honetan batzuetan itsumustuan gabiltzalakoan, eskuekin dena ukitzeko premia , eskuekin dena gerturatzeko halako premia batek harrapatua: dena esku-ahurretara ekartzeko gogo biziz.

Baina ezin, hain dun eta ohikoa eskuina eta ezkerra bereiztea !. Peru Abarkak halaxe zion Muzkerra da “musu-okerra”, zelan ezkerra, “esku-okerra “ . Eta hain nekagarria. Eskuina omen dun ona , eskubideak emateko eskumena dutenek banatzen dituzten eskuduntzen araberakoa, beti : Kurutze au, eta bardin siñatuteko moduko irurak egiten dituguz eskumiagaz eta ez ezkerragaz, eskumia hondradubago eta obiago dalako, ezkerra baño ( Astarloa).

Baina lerro artean jauzika, Otto Rankek esaten ez din bada eskuin aldea dela jaiotzean gutxien minberatzen den aldea . Ezker aldea, baina, ahulduena omen dun, eta Bachofen arabera – badakin matriarkalismoaz ari den guztiak aipatzen duena – amaren aldea omen dun, eta ezkerraren gainean ere egoten omen dun umea ama sabelean. Horregatik zeritzen, agian, aitak jaso gabeko umeei ezkerretikoak.

Irakurria ninan, aspaldian, Ortiz Osesen liburu batean, beste oharpe batean, ezkerra dela Mariren aldea ere ; ezkertia dela, eta euskaldunek txapela ezkerrarekin kentzen dutela eta guardasola ere ezkerrean jartzen omen dutela sorbaldan daramatenean. Ezkerroin (ezker-soin) ote gaitun oraindik euskaldunak ?

Egunkaria mahai gainean. Aurreneko orriko berriak irakurri eta Euskal Herrian ez dun sortze-pozik sentitzen, sortze guztiak traumatikoegi ziruditen… dena beti eskuin balitz bezala .

Eta ezkerrera hartu dinat, berriro, bihotzaren aldera. Mila ezker esateko gogoa etortzen zaidan, ezker-aihenak kartzeletako ormetan ere gora egiten badakitela sentituta.

Tere Irastortza