Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Denborak egin egiten duela bere lana. Yon Etxaide Itharterek Purra!Purra!1ean berrargitartutako ipuinak irakurtzen hasi aurretik, 1987an egindako hitzaurre-azalpenak irakurtzeari ekin nion, aurrena. Nola 1953an liburuaren aurren zatia argitara eman zuen “ ederki kostata gero, zentsura frankistarekin nirebiziko borroka eginda, alajaina!”. Nola zentsuraren arazoaz gain argitaratzearena ere bazegoen eta “ inork ez zizun libururik argitaratzen. Zerorrek dirua jarri behar eta zerorren kontura saldu behar “…. Eta nola horrelakoxe egoerak biziz eutsi zion Yon Etxaidek , euskal ipuingintza eta nobelagintzari.

Horrela esanda “Ipuin antzeko gertaerak” dirudite, Azkueren ipuin baten izenburua gogoratzeagatik.

Azkue beraren edota Etxaideren kontakizun gehienak irakurri ostean sinistezinera iristen gara, ordea. Ematen du errealitatean gertatuak izanik ere, gertatu arren sinistezin direlako kontatzen direla ipuinetan gertaerak. Beste mundu ikuskera baten lekuko dira , zeinetan sinistekoak ere ez direnak eramaten diren ipuinetara, sineste kontuak kontu zaharretarako lagatzen diren bitartean. Izan ere, ezin sinisturako toki bat bada mundu ikuskera horretan, posible delako, oraindik gerta-kizunik eta sinistuezina eta onartezina muga-mugan dabilzkelako.

Egungo ipuingintzan berriz – eta egungo kazetaritza eta berri ematean – mundu honetan dena, den-dena, posible eta gerta-garri dirudi. Ez dago sinesteetarako tokirik, gauzak ikusi egin daitezke eta. Uste bakarrak errotzen du egungo fikzioa : dena posible dela mundu honetan. Errotzen eta erratzen, baina, zeren eta ustea egia delakoan bizi baikara eta orduan “Gertaera antzeko ipuinak” erabiltzen ditugu munduaren kronikak egiten ari garelakoan, eta ipuin antzeko gerterak sinisten , egia direlakoan.

Tere Irastortza