Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari      

Lainotuta zagon itsasoa, eta hik maite naun arraintxoak ura baino gehiago. Udatiarrez gainezka egiten dinate itsas- ibilbideek eta olatuak ekartzen dizkin plastikozko ontzietan itsasoan barneratu nahi duten umeak. Udatiarrek goizetan ahazten dizkinate bere etxe eta ohiko kale eta bulegoak, eta batzuetan txori migratzaile bihurtzen ditun eta beste batzuetan txori errariak, txori galduak ditun.

Hiriguneko jauregirik ederrenean antzinako zuhaitzek aurre egiten zioten lainoari , adarrak mugitu nahi dizkinate , oreatu giza- sunda , amerikanoren batek amestutako itzalarentzat sorterriko eta jaiotetxeko arrastoari tira egin.

Bakarrik zauden zuhaitz lerdenak goizeko aurreneko ordu horietan . Askok oraindik goizeko lanak egin behar dizkinagulako, ziurrenera, Baina ez dun hurbiltzen lo jartzeko itzal bila ibiltzen diren haurren aita-ama eta zaintzailerik ere.

Edo… ez bada denak hemen ederregi dirudielako. Ederregi lorategia, ederregi zuhaitza, perfektoegi , zainduegi behar bada. Adarretako txorien –habien bila zuhaitz lerdenen atzean geratzen diren jauregiko leihoekin egin dinat topo: denetan loreak, han ere. Kurtinak ere denak berdin.Inork barruan ere ezer mugituko ez balu bezala.

Eraikuntza handia dun, bulegoetarako handiegia. Jauregiari buelta eman eta sarreraraino iritsi naun. Zaharren egoitza dun eta gure biziak itsasora ematen duten ibaiak direla dioen metafora literarioegi geratu dela iruditzen zaidan. Bero sapa, hezetasun handia.

Gogoratu dinat aurrekoan kronika batean ziotena, zaharrentzako egoitza berria egin behar dutela , arreta osoa bermatzeko baliabiderik aurreratuenekin : ateen itxiera zentralizatua eta kamara bidezko zaintza . Bisitariren sartu-irteera eta krisketa hotsa sentitu dinat burmuinean, ez ninake miloi bat ateko jauregi batek bereizterik nahi. Entzuten didan ? Irteteko askatasunak ematen din izateko duintasuna. Irteera bila hasten naun, dena perfektoegi, zainduegi dagoen eremu honetan ez zagon inozentziarik. Txori galdua naun udatiarren eremu honetan, krisketa hotsek aztoratua.

Tere Irastortza