Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
mugalari    

Irakurri ez dudan liburu bat hartuko dinat hizpide, haizea bezala pasatzea permititu eta han -hemenka adierazi nahi denaren gainetik aritzeko modua ematen din eta .

Ohikoa dun, errazagoa ere bai horrela idaztea, horrela mintzatzea, eta horrelako gainezkaldiz beteta zauden uhinak gure artean.Asteazkenean bertan, halaxe aritu zitunan irratian Ibarretxeren kontsulta delakoaz, edo hobe esanda, hartu zinaten hizpide urrian egin behar omen diguten galdera .

Azkarateri erantzuna nionan eskatzen jendeari 45 segundo hartzeko galderak irakurtzeko, baina 45 segundo baino gehiago beharko dun hemen erakusteko hitzak berak, galdetze hutsak egin dezakeela argia katramila politikoan , besteak beste, 45 segundotan irakurtzen diren galderak idazteko hogeita hamar urte behar izan direlako . Esango didan, demokrazia kontuan, “ez denik ez dela esan behar, eta denik ez dela sinetsi behar”, hitza ateratze hutsarekin ere lege-urratzaile bihurtu baikaitzakete .

Badakin, gure artean, lege guztiak betetzea ez dun aski izan lehen ere salbamenerako. Zaila dun beti haizea bezala pasatzea, zeren eta aski bai baitin agintea duenak kondenatzea pentsatzea , zer eragotzirik bilatzeko, hitza ukatu eta hizpide bihurtzeko. Hainbesteraino, non ematen duen, erlijioak mendeetan erabilitako bideetan doala politikaren gurdia eta inork eragozpenik gabe onartu beharreko galderak bakarrik erantzuteko jaio garela .

Eta, halaxe gertatu dun Pagolaren Jesus liburuaren bigarren argitalpenarekin. Orain eragozpen handi bat dinat bigarren argitalpen hori irakurtzeko, Gipuzkoako gotzainak liburuari eman dion Nihil obstat horretxekin, hain zuzen ere. Prentsan irakurritakoagatik liburuari ez baizik eta eliztar gipuzkoarrei ere ematen zienan baimena liburu zuzendua lasai irakurtzeko, eta euskaraz irakurtzeko zain ginenok taxuzko ezer irakurtzekotan gaztelerazko aurreneko argitalpena irakurri beharko dinagu; eragozgarri ez diren liburuek ez dinate eta irakurtzeko gogoa pizten .

Tere Irastortza