Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Kostaldeko herri ez bukoliko batetik, maiatzaren 10ean, esate batera.

Oliba batzuk, gazta amini bat eta ardo xorta bat jarri ditinak balkoiko mahai gainean. Eguzkitan ari naun, aspaldiko urteetan ez bezala. Autoen joan -etorri, garabien mugimendua eta mailu mekanikoen zarata ; urrutiko trenaren bozina, garajeko ate mekanikoarena... zeruan arrunt itsatsita geratzen ditun denak, sugangileen pare, larrua eguteran jarritakoan.

Ez naun ni eguzkitan asko egotekoa, eta , hala ere, udaberriko eguzki honen epelak, larru-mintzetatik barrura egiten din. . Oinetakoak kendu, ardoari xurrupadatxo bat eman eta gogoratu haut: nintzen hori. Hobe esanda, ahaztu ezin haudalako prestatu dinat balkoiko errito hau, etxean “Udaberriaren Sagaratzearen” notak konpasaezin ari diren bitartean. ( Hik Vivaldi aukeratuko hunan ! )

Hirian ere , enarek eta usoek ez dinate zerua zeharkatu arteko onik, argindarren kableetan pausaleku-bila dabiltzala eman arren. Zein dun, beraz, ez atzerritar eta ez natural ez den habitat hori, egonleku bilaka ostean , edozeini bere baitako babesa eskaintzen diona ?

Zein dun leku hori, hau ez bada; non zagon hemen ez bada ?Hemen behar din, inolaz, ehundaka kale-errenkada artean etxe-eraikinez zerua baizik ikustea permititzen duen toki honetxek, hire gomuta ekartzen zidan toki honetxek. Hemen, horregatik! Hemen hi gogoratuz : etxerako kurtinak aukeratzerakoan, minbrezko aulki bila abiatzen naizenean, behatzetarako pentsatutako heldulekua duten kikarak hautatzerakoan... , zerura begira hegazkinen hondakinek zeruan gurutzarazi dituzten lerro artean ! Baina behinola esan hunana : destinoa ez da beti aukeratzen, baina batzuetan badinagu nola uxatua !

Baina ba al zagon noraezean alderrai dabilen hostoa baino deus hauskorrago eta zapalerrezagorik ? Horregatik hautatu dinat beste edozein auzo bezain arrunta den hau, norabidea finkatzeko. Ez dun arrotz izango, hegoasteko zabaldutako arropen artera hego-haizea etortzen den bitartean ! Ez naun arrotz izango izan nahi dudan bitartean. Ez naun arrotz izango, oroitzapenetan kausitzen haudan bitartean.

Eta , adiskide, topa egin ezan gutun honen amaieran, eskilarapean ontzen lagatako gure ametsen oroitzapenean oraindik aurkitzen banaun !

Hire

Tere Irastortza