Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Batzuetan, liburu baten ostean beste bat irakurtzeari ekin aurretik ,  ene baitan pausatu diren testuak birpasatzen ditinat : Bereterretxeren kantoria eta Mondragoeko erreketarena, Mila Lasturkoaren kantua eta Bultziko leiotik ; Kantarik ederrena eta Ruthen liburua; Salinasen poemak eta abar eta abar eta abar luzagarri bat.

Poema bat edo kantu bat gogoratzearekin beste testu bat, beste kantu batek egiten din kirik ene gogoan. Sentitzen dinat, hunkitu nindutenetik , deika dauzkadala, nire beharrean daudela, hoska ditudala, eta beti hondartza berera iristen tematzen den itsaso zahar baten gisara gogorarazten zidaten ,aspaldian, ene ustez, erretorikazko esku-liburu guztietan objetibotasun izenarekin tapatzen den zulo bat : bestearen galeraren tragikotasuna, irakurlearen galeraren tragikotasuna.

Liburuekin hunkitzea , modaz kanpo bide zagon , kanon literarioetatik kanpo, bederen. Nobelak , esate batera, aurrena monologoa deskubrituz eta gero, itxura batean kontrara, Nouveau Roman-arekin objetibismora joz; eta gero literaturak, orokorrean, -- arteak bakarrik justifikatu behar duela eta artea -- edozein ideologia, edozein utopia…edozein edozertik ihes egin alde , artea bera objetu narzisista bihurtu ostean … bestearen bila ekiteari clon baten bila ekitearekin nahastu edo egiten din, batzuetan . Eta poliki poliki, irakurleak idazlearen ispilu eta clona behar duela ematen din , eta ez idazlea , bere baitatik urrunarazi, eta bere argi-ilunetan ikusten eta ulertzen duen gizaki adeitsu eta argia.

Ematen din dena esana dagoela adierazteaz gain, idazleak irakurlea bereganatuta idazten asmatu duela.

Baina idazle askorentzat – menderik mende – idaztea ez dun bestearen xerka amaiera gabekoa baizik , beste bat hunkituz , adierazitakoaren harira, literaltasunarekin tematuko den irakurlearen xerka , hain zuzen ere. Idazle askori eusten zion – menderik mende -- irakurle hori , adierazlearen edertasunaz haratago, idatzitakoaren ulermenera lerratuko den instantearekiko obsesioak . Ulermena zionat, ulermena… interpretazioen basoan taupaka ari den bihotz hori… Rilke bezala nor adi harrapatuko dagoena : Nork, nik garrasi egingo banu ere, entzungo lidake aingeruen hierarkietatik ?

Tere Irastortza