Hitzak eta txanponak
Tere Irastortza
Zaldibiko plazan hiru atso dantzan,
hiruek ez dute ardit bana poltsan.
Kanta herrikoia
Nola aldatzen diren gauzak denboran zehar, esan ohi dugu, guk bertan nola eragin ez bagenu bezala. Kantu hau lehenengoz entzun nuenetik gure ume garaira, atsoak ez ziren jada andre ezkongabe eta umegabe helduak; guretzat, andre zaharrak ziren. Kantua aintzinakoa da zinez, ardita, huskeria baten balioa zuen txanpona desagertua baitzegoen ordurako. Bistan da atso haiek gu orain baino gazteagoak izango zirela, neska zahar adina agian pasa gabeak, agian, Elorrixoko kalean zazpi astoren gainean tronpeta jotzen zuten hamalau atsoek adinako martxa bazutenez: bere poltsan arditik ere izan gabe bizi-pozaren puruz herriko plazan libre dantzan ari baitziren.
Garaikideren batek iraintzeko eta burlarako sortutako kantuak ez digu atzendu arazi behar, gure aurretik gure ume garaian baino askeago izan zirela ezkongabeko andreak, eta andreak orokorrean. Alde batetik, besteak beste, beren burua gobernatzeko adina diru bizitzeko aukera zutelako –eta agian horrexegatik izan zirela sorgintzat hartuak eta horregatixe ezarri zirela gure probintzietan gaurko eta orduko Espainako lege eta txanponak–. Beste alde batetik, herriko plazan hiru atsok dantza libre egiteko elkartu zitezkeelako.
Bistan denez, hizkuntzan, kulturan eta ekonomian ere bizkor aldatu dira kontuak. Txikitan gure aita-ama eta osaba-izeben txanponak duroak, erreal-bikoak eta errealak, hogerlekoak ziren, eta ez ugari. Herri txikietan ekonomia familia eta herri mailako eraginekoa zen. Elkar-trukea artean ohikoa zen.
Emakume heldua izatera iritsi naizenerako ezagutu dut Europa-mailako diruaren ezarpena –euskoa bezalako ahalegin garrantzizko batzuk salbuetsiz– gure inguruan eragiten ez duen diru-mugimendua, esku-diruaren desagerpena, eta euskaldunei legez galarazten zaigun monetaren ordez hor nonbait emititzen den kripto-txanponik eta bestelakorik.
Beraz, diruaren berezko balioaren ordez (garai batean urrea edo beste metalen bat), erabilpenaren balioa besterik ez duen paper-diruaren truke edo zirkulazio balioaren euskarria besterik ez duen ausazko aberastasun baten joko-arauak ezarriak dirudite, erabat.
Diruak eta hizkuntzak uste baino antzekotasun haundiagoa dute, bada, trukean eta zirkulazioan bakarrik hartzen baitute balioa. Mundu globalizatu honetan, Euskal Herria, euskara eta gure diruak ez daude 2030eko agendetan. Ez ahal dizkigute laster plazak dantzarako eta ekonomiarako galaraziko, kripto-txanponez poltsak betetzen ditugun artean.