search
Tere Irastortzaren liburuak
Izen gabe,direnak Haurdunaldi beteko khantoriak
Tere Irastortzaren liburuak
Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua
Tere Irastortzaren liburuak
Gabeziak khantoreak / Izen gabe direnak/ Glosak Esana zetorrenaz
Tere Irastortzaren liburuak
Derrotaren fabulak / Hostoak
Tere Irastortzaren liburuak
Izendaezinaz / Gabeziak
Tere Irastortzaren liburuak
Eta orain badakit / Siete poetas vascos/ Osinderdeko kantoriak

Aralar neguan

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

zazpi2    
     

Lizarrustiko aterpetxean zegoen -ez dakit oraindik bertan den-. Eta uste dut gaur arte kasik ez dudala jakin zergatik bere irudi guztien artetik etortzen zaidan beti gogora koadro hura.

  zazpi3

Egonean daude artzaina eta ardi-txakurra. Biak elkarren aldamenean eserita. Esertzeko postura eta patxada bera dutela esango nuke. Begiradan antzematen zaie.

 Koadro harentzat haiku bat egin beharko banu, hauxe idatziko nuke:

 Artzaina, makila eta ardi-txakurra.

Begiratu batean,
egonean.

 

Edo beste hau:

 Artzaina, makila eta ardi-txakurra.

Egonean.
Azti,aiduru, ernai.

 

Izenburu bat jarri beharrean banintz, berriz, beste hau idatziko nuke:

Artzain-makila.

Aspaldi ez dut koadroa ikusi eta,egia esateko, ez nuke lepoa jarriko. Agian makilarik ez da argazki hartan...baina nik halaxe gogoratzen dut. Eta zergatik gogoratzen dudan horrela pentsatzen jartzean iruditzen zait argazkian nabarmentzen den egonarriagatik izan daitekeela, edota, altxatzeko behar dugun euskarri baten premia gogoratu behar dugulako. Egonarri hori, euskarri hori... Gema Arrugaetaren begirada da neuretzat. Eta zorretan horregatixe nago, artzain eta txakurrak begietan dutena, ikusteko gogoa, jakiteko gogoa, bizitzeko gogora islatua agertzen delako, Gema Arrugaetak kristalezko pantailan jasotzea lortzen duen begiradan. Eguzki-izpiak bezala, kristalak iragaiten dituzten begiradak.

Baina argazki hark gogorarazten dit egun dugun Aralarren irudia kristalak pasatzen eta ikusten uzten digun irudia dela. Itxura batera Aralar mendietan ezer aldatu ez bada ere, Aralar izugarri eraldatua dagoela, lehen bezain enblematiko izaten jarraitu aurretik.

Nor ibiliko zen elurretan Aralarren, garai batean, galdutako aziendak eskuratzeko ez bazen? Elurretan ibili arren, ez al zion hotzak eta arriskuak miresmen-aukera gandutuko?

Horregatik, iruditzen zait, Aralarri begira jartzen garenean, orain ikus dezakegun jende gabeko Aralar honi begiratzean, mende askoan ikusezina izan den Aralar honi begira, ez dugula ahaztu behar kristal hori: sukaldeko beroak lurrintzen duen kristala.

 

zazpi4    

Oroitzea eta bizitzea

Zaldibitik non-nahitik abiatuta irits daiteke bat Eniriora. Auza Gaztelu eta Sastarri bereizten dituen sapalda gainean, eta Aralar guztian, bidez-bide joanda aurkituko dugu trikuharri, harrespil eta iruinarririk aski. Trikuharriak, orobat, arestian aipatutako inguruan: Ausokoin, Errekontaren Ean, Arantzadin, Agardin, Jentilarrin eta Arraztaranen. Jentilarri izenekoa da, inolaz, ezagunenetakoa eta esango nuke esanguratsuenetakoa ere badela.

Jentilarrik, Itsentsao eta Arraztarango etxolen inguruan, hiru metro luze dituen harri estalki baten pean 15 harlauza ditu. Trikuharri ikusgarria da bai bere egikeragatik eta baita bere kokapenagatik ere. Ikusgarritasun horrek bilakatu du, inolaz ere, trikuharria oroitarri. Gure aurrekoek, menderik mende Enirio inguruetan bizi izandako artzainek, ziotenez, han galdu ziren azken jentilak, eta hortik omen datorkio izena: Jentilarri.

    zazpi5

 

Gure aurrekoek sarri esaten zutenez, garai hartan jentil handi eta indartsuak bizi ziren Aralar mendiko haitzuloetan. Behin batean, jentilak Argaintxabaletako belardian jolas batean ari zirela, gainera zetorkien laino miragarri bat ikusi omen zuten. Erraldoien parekoa izan arren, denak beldurtu egin omen ziren, eta ez omen zekiten zer egin. Jentilen arteko zaharrenarengana joan omen ziren orduan, erdi itsuturik leizezuloan zena, eta, hain izango ziren handiak jentil haiek, non atalarekin -hau da, ateak trankaz ixteko egurrekin- ireki omen zizkioten begiak, zer gertatzen zen esan omen ziezaien. Jentil hark esan omen zuen orduan, «Galduak gaituk, Kixmi etorri dek» eta guztiak beldurrez Intsentsao izeneko basoan gorde omen ziren, beren buruaz beste egin eta Jentilarri hartan utziz beren arrastoa.

Barandiaranek ere hala moduz jaso zuen  1917an kontakizun hori, Ataungo Jose Mari Auzmendiren ahotik, eta Bernardo Estornes Lasak ipuin hau, azken mairuena bezala, kristautasuna heldu zeneko oroitzapen-ipuinen artean sailkatu zuen.

Zerbait bazela garbi da. Oraindik ere zerbait badela ere bai. Estornes Lasak esan zuen -aspaldian ahaztu samar den “Mundua euskal erriaren gogoan” liburuki haietako batean- berak ezagutzen zuela jentilarri eta trikuharrien ondotik pasatzen zenean txapela kendu eta otoitzean egiten zuenik ere.

Aralar mendiaren gaina hartzen denean 1.100 metro inguruko altueran gabiltza, erdi-ordeka esate batera. Oidui  eta Enirio aldetik, Errenaga eta Igaratzatik aurrera eginez ez da horren zaila San Migelera iristea.

Zaldibitik abiatuta egin ohi dugun ibilbidearen kontrako bidean egingo zuen, agian, kristautasunak bere etorrera. Goitik begiratuta, lerratuta bezala daude Jentilarri eta San Migel. Irizten diot, nire artean, Zaldibiko jentilek ikusi bide zuten izarra edota Ataungo jentilek ikusi zuten hodeia, kristautasunaren hodeia, San Migeldik zetorrela, eta atzeranzko ibilaldi honetan alderik alde bezala ikus dezakegula jentilen bizimodua eta sinesmena atzera egiten eta erlijio katolikoa aurrera hartzen.

Kixmi agertu zenean galdu omen ziren  jentilak. Hala omen zioten batzuk Kixmi izar gainean ikusten zutela, «gure denbora joan duk»; eta beste batzuk ere antzeratsu, «Akabau da jende humano, eta heldu da perrua».

Aralarren alde banatan barreiatutako herrietan, ordea, asko dira elkarbizitza tematu baten oroitzapena gogorazten duten pasadizoak, gehienak elizak egin nahi eta ezin eginari buruzkoak, gehienak jentil eta kristauen artek harmoniei buruzkoak. Berastegin, Amezketan eta Ataunen ere nahiko lan ibili zuten eliza altxatzeko. Izan ere, kristauek egunez egiten zutena, gauez desegin egiten omen zuten  jentilek. Eta Ataunen azkenean amore eman zuten  kristauek, eta jentilek nahi zuten tokian  eraiki omen zuten oraingo eliza, eta ez,  nahi zuten bezala, orain hilerria omen dagoen tokian.

zazpi6    

Nafarroa aldean ere halakoxe kontuak entzuten ziren. Behin, Urdiango artzain batek Bernardo Estornes Lasari esan omen zion, Aitziberko Andrearena bezala, San Migelgo eliza ere jentilek egina zutela, eta ipuinek diotena ez dute antza denez harriek gezurtatzen, eta askok diote orain San Migel dagoen tokia sakratua euskaldunentzat.

San Migelekiko atxikimendua Orixe-k “Euskaldunak” liburuan dioen  bezala , ez da liburutik jasoa, ez bada «amen altzoan» ikasia.

Euskaldunak mendi gainetatik ibar eta erreka ondoetara jaitsi ziren bezala jaisten  da San Migel ere Nafarroako herrietara. Artzainak bezala itzultzen da gora berriro San Migelen irudia, bere garaia iristen denean.

“Euskaldunak” liburuan hainbestetan aipatua den Jondoni Mikelen inguruan honela zioen Orixe-k:

Larraun 'go otoitzak lurrin-ontzian
bilduz lau aizetara
Gaur arte legon ziran odeiak
ernaltzen ditu gogara.
Ara, aurkez-aurke jarri bi odei
Berin'dik Artxueta 'ra!
 
Zenbat gizaldik kokatu dute
irudi ontan ezpaiña!
Zar ta aurrek oro, naiz ez ikusi
begiz Aralar'ko gaiña,
Bera jeisten da erririk erri
urbilduz bakoitzagana.na,
Aralar-mendi, zerua bera
eramanaz aiengana.

 

 Orrela dabil erririk-erri
Naparroa 'ko Aingerua:
Aldi bateko, denetan utziz
Berak dakarren zerua.
Itzul gaitezen Aralar'era
an baitauka jar-lekua,
an mun emanez, arkitzen dugun
lurrean paradisua.

 

San Migeldik Baluartera

Aralarren aurkitu nahi dugu euskaldunok, sarri, lurrean paradisua. Baina ikusten ditugun monumentu megalitikoak edo bisitatzen dugun San Migel hori zeren arrasto dira, ordea, gaurko mendizale eta ibiltarientzat? Orain gure barrenak askatzeko paraje idilikotzat dugun Aralar gain honetan bi kultura, bi mundu ikuskera elkarrekin bizi izan diren arren, azken gizaldian modernotasun oro-suntsitzaileak ez ote ditu bina hala biak berdindu ipuin eta sineskerien mantapean?

Entzun dut egun hauetan San Migelgo erretaula Baluartera eraman dutela, han, hiru hilabetez, arte sakro erakusketa batean ikusgarri izan dadin. Antza denez, oraingoan ez dute lortu jentil berriek, kristauek, egunez egiten dena gauez desegitea.Antza denez, sakratua ere ikuskizun bilaka daiteke.

Araitz bailaran Uztegi

Oraindik  bailarako biztanleen gogoan gordeta omen dago 1595ean Uztegin gertatutakoa . Bertakoak ez garenotako batzuk, 1983an, Pedro Oleak “Akelarre” filmean egin zuen lana  buruan izango dugu, besteak beste filma nagusiki Araitz bailaran, Mailoek ixten duten bailaran , errodatu zelako.

Sorginen auziei  buruzko oroimena sutan erretako hainbat eta hainbat  emazte eta gizonen irudiz osatua da. Eta  baita Inkisizioak herritar hauei emandako tratuaz ere . Euskaldunon oroimenean Zugarramurdi eta Durango izenean halako erresumina azaleratzen da larru-mintzetan.

Araizko bailaran sorginkeria prozesuak eragingo zuen lurrikara, Intzako herria hurrengo mendeetan estali zuen lurrikara adinakoa izango zen, uste dudanez. Araizko bailaran Uztegi, eta Inkisizioaren ordez Errege Kontseilua  hartu behar dira, hemen, gogoan. Orduko alkate ahalguztidunak, eta beti guztikoak Anduezako jauntxoak, Fermin  Lodosakoak , deitu zuen Acevedo  inkisidore gupidagabea, Burgosko semea berau.

Lodosako Ferminen aurrean hitz egiten aurrena Orexaneko Maria Migel izan omen zen, 26 urtekoa, eta berak egin omen zuen aurreneko kontakizuna: Araitz bailarako gehienak ibiliak zirela akelarrean, tartean Arribe eta Errazkingo apaizak; adin guztietako herritarrak, heldu, gazte eta haurrak.

Araizko bailarako sorginen auzian, 1595ean, jende saldoa hil zen prozesuan barrena. Gehienak, ordea, Iruñean espetxean zirela, bertako egoera jasangaitzaren harian.

Esan dugun bezala badirudi prozesu honetan Inkisizioa ez baizik eta Errege Kontseilua izan zela erantzule. Axola ote du? Ez dakit. Kontua da Araitz bailara, Gaztela eta Nafarroako erresumen mugan zela, eta mugalari izaera hori galdu zuenean bizibidea ere galdu zuela hein batean. Egoera politikoak, ordea, ez dira egun batetik bestera aldatzen.  Alkate jaunak, bizi guztirako alkate zenak, Burgostik ekarri zuen inkisidore jauna, baina preso Iruñeko kartzelan  sartu zituzten.

Bistan da, hala ere.Araizko bailarako biztanleek Aralarko larreetarako bidea nahiago zutela, nahiago zutela batzuen interes politikoen gainetik zegoen unioa: Aralarko unioa, XIV.mendeaz geroztik Aralarko larre, egur eta ehizaren erabilera kudeatzen duten herrien unioa deitu izan dena.

Mugak eta Unioak

      zazpi7

Aralarren bi herenak Gipuzkoan daude eta hirugarren Nafarroan. Muga politikoek behin eta berriz eragin dute Aralarko unioetan, eta baita Parke naturalaren diseinuan ere . Izan ere, Aralarko Parke Naturala gipuzkoako lurraldean baitago.

Baina Aralar mendiaren bi aldeen arteko harremanak etengabeak izan dira. Jose Garmendia zaldibitarrak Iztuetak idatzitako olerkien bilduma egin zuenean, lagunartekoen artean sailkatu zuen “Au da farregarria” izenekoa, zeinetan Juan Inazio Iztuetak desafio egiten dion Uztegiko harginari, elkarrekin bertso erronka izan dezaten. Honela zioen Iztuetak:

Uztegiko Argiña
bertsolari piña,
ba daukak fantasia
konbeni adiña;
hogei ta launa urtez
igual bagiña,
iri koplak ematen
zer tripako miña!
eniok aitziña:
nai dukan adiña.
egik alegiña;
partidarekin mintza-
tzen aiz, argiña.

 

Uztegiko argiña,
mortero-gillea,
erorrek paratu dek
jardun-bidea;
zarrak ateratzeko
auxen dek tildea!
Jaunak eman grazia
Ezal duk irea;
argintxo noblea,
nai uke nonbrea
nik baño obea;
graduren bat falta 'duk
ik (or) ordea.

Nor ote zen Fernando Amezketarrekin eta Juan Inazio Iztuetarekin parean bertsotan ari zitekeen Uztegiko hargina? Ba ote zuen Francisco Goya, jatorri zeraindarra zuen haren aurreko harginekin zerikusirik? Edo ba ote zuen Francisco Goyak Araitz bailarako sorginen aditzerik akelarreak marrazten zituenean?

Iraganari buruzko galderak egitea kasualitate bila ibiltzea dela iritziko dio hainbatek. Iraganaren bidea egitea, ordea, Unio bila ibiltzea da, Aralarko paisaian gizakien irudiak berreskuratzea. Iraganari begiratzea oraingo Aralarri begiratzeko lentea lurruntzeko bidea da, finean, argazkiok errebelatu ahal izateko, begiradak behar duen negatiboa.