search
Tere Irastortzaren liburuak
Izen gabe,direnak Haurdunaldi beteko khantoriak
Tere Irastortzaren liburuak
Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua
Tere Irastortzaren liburuak
Gabeziak khantoreak / Izen gabe direnak/ Glosak Esana zetorrenaz
Tere Irastortzaren liburuak
Derrotaren fabulak / Hostoak
Tere Irastortzaren liburuak
Izendaezinaz / Gabeziak
Tere Irastortzaren liburuak
Eta orain badakit / Siete poetas vascos/ Osinderdeko kantoriak

Sukaldeetatik jangeletara

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
argia  
pdf  

Desagertu egiten dira toki batzuk eta beste batzuk habitatu, orain esan dezakegu habilitatu eta habitatu: luberri, borda-berri eta etxe-berri. Edo kabi-tu. Tokiekin batera baita bertan egoteko eta sentitzeko moduak ere:jarleku eta eserleku,lo-gela, egongela eta jangela.

Azkenetako aldaketa, uste dudanez, sukaldea izan daiteke, familia askok heziketaz gain zaintza ere ikastetxeen gain utzi dutenetik, eta Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoetarako sukaldeen ordez jangelak hobetsi dituenetik, endemas, lan-tokietan ere jana ematen denetik, eta zaharrak ere etxetik kanpo ateratzen direnetik.

   

Sukaldean sua ez baizik eta

hotza nagusi, hozkailua bihurtu

baita altzairu garrantzizkoena eta

suan pil-pil ontziak maneiatzen

jakitea bezain garrantzizkoa baita

hozten eta izozten ikastea

Horregatik, egunen batean hitzaren etimologia berreginez igarri beharko dugu sukaldea, su-aldea zela eta etxe guztiek ez zutela surik... edo behintzat sua zutenek bakarrik ordaintzen zutela zerga. Eta sutondoan esaten eta izaten zirela kontuak eta konkortzen zirela sukaldariak, janaz gain sua ere zaindu egin behar zelako eta pikotxetan zela bizia eta itzal-festan sortzen zirela atsotitzak.

Eta orduan irudikatu egin beharko da etimologiatik eratorriz sutondoko bizimodua, orain atsotitz hitzaren etimologiarekin atsoei buruzko begirada ezkorraren ordez errespetuzkoa izan zen garaia begitantzen dugun bezalaxe. Litekeena da, orduan,irudikatzea noizbait atsotitzetan jasota geratu zirela emakume argi haien hitzak,

zeintzuk bere bakantasunean desagertu eta hitz horretantxe utzi zuten kimagarri jakinduria bat labur esatekoa, mintegi batean, esate batera; hori bai, edozein gizon nor eta jakintsu bihurtzeko lain plantatutako jakinduria edo jakia -Oihenart atsotitz-biltzailearengandik hasi eta Azkue edota Barandiaran kontuzaharren biltzaile bitartekoan-.

Hitzak, hitz-zahar eta berriak. Tokiak, zaharren gainetan berriak. Jauregietako salarentzat pisuetako egongelak, egoteko denbora bat ezezik leku bat ere behar dela adieraziz eta aulkien ordez jarleku eta eserlekuak izendatuz.

Eta sukaldean sua ez baizik eta hotza nagusi, sua ez baino hozkailua bihurtu baita altzairu garrantzizkoena eta suan pil-pil ontziak maneiatzen jakitea bezain garrantzizkoa baita hozten eta izozten ikastea.

Eskerrak baina ez diren hitzak gauzen eta bizimoldeen abiadan desagertzen. Sukaldeek gordetzen dute, oraindik bere izena, sutondorik ez badago ere, atsotitzek eta kontu-zaharrek bere egien beroa gordetzen duten bezala.

Tere Irastortza