Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
argia    
Batzuen egitasmo eta besteen eginahalen berri izan dugu hauteskunde kanpaina honetan. Aspaldian ez bezala, ez da dena, hala ere, egitasmo huts izan, eta zenbaiten hitza indar bihurtu da, indar egin du. Esan eta izan.


BEHINGOZ,

aspaldiko hilabeteotan, ibili baita bestelako eginahal eta ahaleginetara emanago bezala gizabanakoa ordezkatzen bide duen politikaria (abertzalea, bederen). Eta eginahalaren indarrak agerian jarri du nola sarri hitzak estaltzen duen eginezina, eta nola batzuetan ekintzak agerian uzten duen esanezina. ETAren suetenak esangarria eta egingarriaren mugak bistan utzi ditu; baina Euskal Herriarekin estatu frantziar eta españolak duten auzi honek, finean, mendebaldeko kultura politikoa eta gizalegezkoaren muturtxo bat besterik ez dira.

Izan ere, parlamentua ez baita demokraziaren kamuflajea besterik. Demokraziek zernahitaz hitzegiteko aukera ematen dute, baina hitzegin horrekin batera ia ezer ez egitera kondenatzen gaituzte. Batzuetan, helburuak bitarteko bideak zilegiztatzeko gai ez direlako, izan, bere gisara. Besteetan, ordezkapenaren irudipean, tutelaje eta infantilizazio aro batera eraman nahi delako gizartea. Alegia, umeei bezala, nahi dutena esaten utzi bai, baina egiten ez. Esatea erraza da eta, egun, modu batean edo bestean, gure gizartean ez da hain zaila edozein gairi buruz mintzatzea, baina, aldiz, eta giza-mugimenduei buruzko teorizazio eta promozio langintzak esaten duena esaten duela, denik eta ekintzarik ttipiena, mendreena, nola gure kasuan izan den Beasainen Ikastola bat sortzeak, inarrausi bide egiten ditu gizartearen zerbitzura ari omen diren asko eta asko. Badakigu, jakin, edozein ttipikeriatan abiatu garen guztiok esana zein den erraz eta egina zein den garratz. Eta hala ere, hitz hutsal geratuko ez diren egitasmoen parean, beste batzuk nahiago dugu onbidez gizartean parteahartzea, esana izana bihurtzea. Zeren eta aitorpenaren eta monologoaren hondarrean, bakartate eta indibidualtasuna besterik ez baitira pausatzen. Berbaroz beteta datoz uhinak oro, eta sarri inork entzuten ez gaituenez geure buruari entzuteko bakarrik hitzeginez, parlamentarismoa, komunikazio tailerrak eta abarrek gure hitzak biderkatu bai, baina elkarlotzerik ez dute lortzen; lortzen ez duten bezala gizartearekin inongo zubirik eraikitzerik.


HORREGATIK,

zeredozer egiteko, zerbaiten alde aritzeko, behar-beharrezkoa da desahogo eta askatze bide horretaz gain, beste batzuekin zerbait egin beharra... hondarrak errestoa eta erantzuna proboka ditzan. Eta hortxe dago komunikazioa. Esanguratsua dena debaluatu duen hitz puzketaren aroan, elkarrekin eta elkarrentzat asmatzen diren egitekoak hegoastu dezake bakarrik parlamentarismoa, demokrazioa eta, nagusiki, elkarbizitza... Esan eta izan.
Tere Irastortza