Katiluaren ipurdian oraina irakuntzen
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 3896
Jende gehienak -ziurrenera poesiarik idazten ez duelako- uste izango du poesia-idazlea arrunt erromantiko eta bitxia izango dela, alegia, egun osoa zeruari begira edo begirada ortzemugan galtzeko irritikan dagoenen bat, nahiz eta eguneroko bizimodurako irakinaldi luze xamar baten premian izan: behin bakarrik maitemindu zen hura, beti-guztian mozkorkerian dagoen hau, edo, ezer ez esateko esaldi luze eta korapilatsuak asmatzen dituen hori.
Eta ez, adiskideok, poesia-idazleak ez dira, jada, gehienetan, poeta haietakoak. Idazten dituzte, bai, bost bertso zuhur eta bost ero, baina ez dute -gehienetan- ezer espero. Horregatik, ONCEko zenbakiak gordetzen dituzte karteran, ofertako gulak erosten dituzte, eta Zarako traje ilun xamarrekin joaten dira adiskideen liburu-aurpezkenetara (prentsa datorrenean, bakarrik, gainera!).
Jende askok -ziurrenera poesiarik irakurtzen ez duelako- uste izango du gaurko poesia atzo asmatutako esaldiei gaurko giro bat ematea bezalakoa izango dela. Baina ez, aipatzen dizuedan liburuan, niri artikulu amaierarako gaurkoan gertatuko zaidana gertatzen da: instantanea bat, pasadizo bat, begirada bat, esaldi bat jasotzen da uhinen batetan, eta narrazioaren eta kantuaren erritmoarekin (ez dakit ez ote zaion blues esaten) harritzen gaituzte instante batzuetan... zeren eta gehienetan, poetak ez du espero irakurleak bigarren aldiz bere poemak irakur ditzan. Ez du espero inork bere esaldirik erabiltzea bakarren bati zorionak emateko, zorigabean laguntzeko, maitemina adierazteko... eta, pasadizo guzti hauetaz aritzeko izan dudan arrazoi (nire iritzian sakona) hori bezala isilean geratzen dira idazteko dituzten arrazoiak, forma batzuk edo besteak aukeratzekoak. Ziurrenera, guztiok, egun, arrunkeria gurtzera behartuta bezala gaudelako, irakinaldi baten beharrean gaudela inork pentsa ez dezan.
Baina gertatzen da batzuetan, arrunkeriaren deskribapenak eta arriskuaren aldarrikapenaren zirrikituen artean oso poesia ona egitea, eta irakurleren batek antzematea, eta bigarren aldiz irakurtzeko gutizia sortzea... edota ordurarte irakurri duenari beste modu batera erreparatzea. Niri horrela gertatu zait Martin Etxeberriaren liburuarekin, agian, liburu horretan gaurko eguna eta aurrez mende askotan aldarrikatu izan den egunaren arteko aldea antzematen nuela iruditu zaidalako.
Aldea, didaktismoaren ordez deskribapen eta narrazio hutsa topatzearekin asmatu dut. Zentzu zabalean ari naiz gure kultura idatziaren didaktismoaz ari naizenean. Didaktismoaren helburutzat hartuz, gizakiari "Nolakoa" izan behar duen erakustea. Horretarako, pertsonalitatearen irudia indartu da. Batzuk pertsonalidadeak dira, beste batzuk pertsonalitatea dute. Asko jota pertsonalitate bikoitzak ezagutu izan ditugu (nola ez mundu-ikuskera manikeo batean, deabru eta guardako-aingeru artean, eskizofreniarako honen bide erraza garatu ondoren...). Ezagutu ditugu asko eta asko, bere burua ez zen bezalako uste eta halako batean puskatu eta zarreatu direnak... Baina gure kulturan pertsonalitateak indar handia izan du: denok dakigu zertaz ari garen izakera erromantikoa, autoritarioa, errealista, zehatza duen norbaitetaz mintzo garenean. Hala ere, iruditzen zaidanez, azken pertsonalitate eredua "pertsonalitaterik ez" duenarena da, modu positiboago batean esateko, "pertsonalitate anitza" duena; egunean zehar bete behar dituen roletan sartu eta bere bizia definitu beharrean "rol jolas" luze batean sartzen denarena; batetik irten edo beste batetara sartu den irudipenik ere ez duena; bere biziari zentzuren bat eman nahi diotenez, rol batean sartu direla uste duenarena...
Tren-geltoki eta hipermerkatuetan askotan gertatzen den bezala argazki-makinak flashak bota zituen, baina nire argazkirik ez zen irten. Hala ere, liburu on bat irakurtzen ari nintzenez ez nintzen ernegatu, berrogei minutu haiek alferrikakoak ez zirelako izan eta pozik itzuli nintzen lanera, kasu hartan, ikastola txiki batetako zuzendari baten eginkizunak betetzera... autoan Argiarako artikuluan gai hau aterako nuela pentsatuz (beste modu batera garatuko nuela aurreikusi banuen ere).
Tere Irastortza