Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
argia    
Udako ekaitz horiek bezala jo zituen hedabideak gaiak: 0-3 urteko dekretua. Udako ekaitz bizkor eta baldarrenak bezala desagertu zen, garrantzizkoa zirudien berri bakar batekin: sindikatu eta Administrazioaren arteko akordioa. Zeruan inongo arrastorik utzi ez eta belaze-zelaiak apenas berdeturik, tinta-uholdeek oinezkoon bizipenen gainetik egin zuten bere bidea.

Ikusgarriak izan dira su-artifizioak, tximista eta trumoi hotsak. Euskal Herriko gizartean eta emakume gazteen -eta ondorioz familia gazteen- bizimoduan sekulako eragina izan zezakeena ez da eztabaidagai gertatu. Aukera zegoen -eta geratzen da- Euskal Herrian hain berandu eta hain urritan ama egiten den emakumearen beharrez eta iradokizunez aritzeko. Aukera zegoen -eta geratzen da- emakume-belaunaldien artean familia izatea eta hezteak sortutako ardura eta pozez modu emankorrean aritzeko. Aukera, ezin hobea, zegoen guztion artean haurren heziketa hobetzeko dagozkeen ereduak aztertzeko.

Horren ordez, aspaldion bere interesak guztion interesaren kapapean biltzen dituen funtzionarioen edo burokraziaren mentalitatearen agerpena ikusi dugu. Lotsagabe bai baitirudi gure seme-alabak bat-batean, dekretu honen harira jaio orduko "bezero" bilakatu izanak larritu egin duela zenbait, lanpostua medio. Lotsagabe, zeren eta zenbait alderdik erakutsi duten kezka adierazten baitu eskola nola erabiltzen den estatuak nazio bilakatzeko. Eta, gauza bategatik eta besteagatik zoritxarrez auzibide nagusia, haur jaio berriek indar edo susper dezaketen irakaskuntza-eredua izan da.

Baina aukera dugu, oraindik, eztabaidatzeko zer den gure gizartean hobetsi behar dena: umearen eta etorkizunaren garapen osasuntsu, zoriontsu eta burutsua ala ito beharrean beti ihesean doazkigun oportunitate eta txantzen xerka horretan buru-belarri murgiltzea.

Eta horren harira, aurrera burura datorkidan ondorioa hau da: gure seme-alabak ez direla gizarte honetako lan sistemak eskaintzen dituen aukera-xerkarako enbarazo edo traba, baizik eta, guztiz kontrara, lan-banaketa sistema bilakatzen baita gure seme-alaben heziketarako traba.
 
Izan ere, momentu honetan 40 urteren bueltan gabiltzanontzat, gutxienez, umea, familia ez dira morrontza edo neskametza. Amatasuna hautatzeko zoria izan duen emakume hazaldi bakanetakoak gara oraindik, gizaldiaren historian. Belaunaldi pribilegiatuak, amatasuna eta gure bikoteekin egin dezakegun familia-hautapena mugatzen ez badugu familia izateko adinik egokiena eta ume-kopurua hautatzera.
 
Horretarako, eta etxez kanpo egin behar dugun lana bera ere neskametza eta morrontza erabatekoa bilaka ez dadin, beste zenbait bide urratu beharrean gaude. Oraingo aukera profitatu behar dugu hitz egiteaz gain eredu berriak sortzeko ere. Dagoena onartzeko edo ez dagoena sortzerakoan, gutxieneko baldintzatzat hartuz gure seme-alabei buruzko heziketan parte hartzeko eskumena. Horrek esan nahi du gurasook ez dugula eskubidea, bakarrik, dauden eredu eta ikastetxeen artean hautatzeko, baizik eta, baita, ikastetxe edo haur-eskolak sortu eta sorkuntza horren bidez gure seme-alaben heziketaz hitz egiteaz gain parte hartzeko ere.

Sinistuta nago amatasuna, askotan, lubizi bilakatzen dela, gure izakera inarrosten duen lurrikara ez denean. Haurdunaldia eta familia izan osteko bizipenei buruz indar eta adore gehiagoz mintzatu beharrean gaude. Beste bizipen batzuen artean, sortzeko gaitasunak eta egokitu beharraren arteko tenkak harrapatzen gaitu erdian. Gure seme-alabak hezitzea eta nola hezi behar ditugun deliberatzea, umeak zein ikastetxeetara eramango ditugun baino askoz eztabaidagune zabalagoa ireki beharko luke.

Amatasuna-aitatasuna neskametza edo morrontza bezala sentitzen ez dugunok ezin sinetsi beraiekin geuri dagokigun denbora hartuko dutenen bezero bilakatzen garenik. Haurren heziketan helduek -guraso zein hezitzaile- elkar osatu behar dugu.

Eta udako notizia-ekaitz horrek dakartzan berri onekin urrats bat haratago egin behar dugu. Hitzetatik ekintzetara pasatuz, hasteko, ez litzateke txarra Administrazio eta sindikatuen artean adostutako urte sabatikoaren formula familia izan dutenei aplikatzea: hartara datozen belaunaldiak gure magal eta belaunetan gozo eta arduraz hezteko parada izango baitugu eta baita beraien heziketaz pentsatzeko eta arduratzeko beta ere; hartara bermatu ahal izango baitugu, umeenak ez diren interesek ez dituztela "haur-eskolen mapetako" arrasto eta mugak ezarriko.
Tere Irastortza