Azkenaz eta Ondorenaz
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 6615
Eta?» erantzuten omen dio mutikoak irakasleari errieta egiten dionean. Eta nirea omen da azkeneko Azkena, ARGIA berritu aurretik. «Eta?» Galde dezake irakurleak ere, beti premisak irakurtzeaz gogaiturik. «Eta?» diot nire artean, ez izaki azkenen aldekoa. Nahiago ditut beti ondorenak, eta ondorioak. Askotan sufrimendua, umilazioa eta mina atzendu ostean bakarrik ateratako ondo/rioen eta ondo/renen aldekoa, baita. Euskal politikan azkenetan gaudela aldarrikatzeko hainbat arrazoi dagoen honetan ere.
1. LEHEN IKASGAIA. OMEN eta HEMEN.
Behin baserritar bati galdetu omen zion jakintsu batek: «Pekin Txinan al dago?» Eta baserritarrak erantzun: "Han omen dago". Baserritar hura (jakintsu ustekoa bezala, ziurrenera) Pekinera sekula iritsi gabea omen zen. Baina baserritarraren barrutia, bere jakintzarena, esperientziarenak ziren.
On Jose Miguel Barandiaranek jasotzen duen pasadizoa duzue hau. Barandiaranek jasotako ipuin eta pasadizoetan gehien errepikatzen den hitza «omen» da. OMEN hori da, hain zuzen ere, euskal literatura gizendu duten katexima guztietatik desagertu den hitzik garrantzizkoena: distantzia bati dagokiona.
Komunikabideak esperientziaren esparrua inbaditu eta bortizki setiatzen duten garaietan, gutxienez, OMENka hitz egin eta -eta hitz egitea debekatzen denerako- entzuten ikasi beharrean gaude. Ikasi eta automatizatzen.
IKASGAIAREN marjenean egindako iruzkina: «Eta?» Miresten ditugu Barandiaran, Azkue, edo Aita Donostia XX. mendeko euskal gizonik langile eta trebeenetarikoak izan zirelako, azkenetara iritsia zegoen gizaldi baten esperientziak jasota uzteari ekin ziotelako. Baina apez izan ezean, autoritate guztiaren eta aldi berean "aitortzaren" sekretu guztiaren mantak bildu ezean, inork kontatuko ote zien ezer? Finitzeko, baserritarrak beraien artean istorioak berritzean OMENka hitz egiten ote zuten, ala HEMENka?
2. IKASGAIA. "Maita itzazue etsaiak".
Irakeko gerrak iraun duen guztian Bibliak kontatutako ihesaldiez ahaztu ezinda ibili naiz. Atzenduta neuzkan Bibliako ihesak, zeruak, desertuak, graziak eta desgraziak. Bakea omen dago Iraken baina gerraoste guztien irakaspena garbia da: agintean daudenei men egiten zaie, obeditu. Ausartenak jazarri. Maitasuna edo gorrotoa inter-pares bakarrik pizten eta mintzen da. Agintari aurrean, herriko etsaigoak atzentzen ez dituztenak ez dira jazartzen. Beraz, ziurrenera Palestina Erromako inperioaren menpe egon ez balitz ez zitzaion inori ondorio hori bururatuko. Gure artean, Marik ere Murumendira joatea nahiago izan zuen seme-alabak aitarekin mundurako utzita. Bereiztea nahiago izan zuen Marik, bizi eta izan ahal izateko. Hala ere, Egunkariaren , euskararen eta abertzaletasunaren aurkako erasoei men egingo ez bazaie, zenbait etsaigo atzentzea komeni da.
IKASGAIAREN marjenean egindako iruzkina: «Ez ba!» Ahaztea eta maitatzea eskatzea gehitxoko da, gehienontzat, are gehiago, lagunak ere zein erraz baztertzen diren ikusita. Atzentzea bera ere ez da gutxi izango.
3. IKASGAIA: EZTABAIDA ukatzen denerako BAITAEZPADAko neurriak.
Barandiaranek jasoa hau ere: «Denik ez da esan behar. Ez denik ez da sinestu behar». Agian, euskaldungoak aurretik beste fase bat ere iragan zuen: "Denik ez da sinestu behar. Ez denik ez da esan behar".
Autoritatea agindu, arau eta normatiba bidez hedatzen da. Espazioak arautzen ditu: urbanitate, ikastetxe eta lantegietako barne-arautegiez hedatzen da, betebeharren zerrendak eta santzioenak gizenduz, espazioak betez.
Hitzez betetako espazioan, esan ere, esan ote daitezke demokrazia, askatasuna, lorpena, bizia kontrakoa adierazi gabe? Sinets ote daitezke esan ezin direnean? Eztabaida ezinezkoa da.
Ondareak kendu dizkigute, kristau zahar garela adierazi beharrean gaude, inkirituak gara. Ez dago musulmanik. Ez dago judurik. Bere ondareen zerrenden ostean gureak ere ondo zentsatuta daude. Gu ere ez gara azkenak, ondorenak baizik.
Beraz, eztabaida ezinezkoa denez, gogora dezagun, aurrekoez gain baitaezpadako neurria: Norbere buruan sinestea. Bat beti hasten omen da norbere buruan sinestuta. Oso arriskutsua omen da inorengan sinestu gabe amaitzea: azkena jotzea.
IKASGAIAREN marjenean egindako iruzkina: «Eta?» Beste inorengan sinesten ez duenak ez du bere buruan sinesten, eta, gure arteko etsaigoa pizten eta berritzen du. Nahiago du salatari bihurtzea, nahiago du zuk bekatariak bezalako ikasgaiak errepikatzearen errepikatzeaz ez dena sinestea. Beti norbere ez izatea onartzea baino erosoagoa da.
4. IKASGAIA. «Eta?» Norberak atera ditzala kontuak.
Euskal Herriak ez omen du historia, etorkizun ez orainaldi idilikorik. Ba omen izana, izatea, izatekoa. Baina denontzako ez badago askatasunik ba ote dago norbanakoarentzako askatasunik. Norberak atera ditzala kontuak. Pasa dira bideak aukeratzearen garaiak . Espazio baimenduan bizitzea ari zaigu egokitzen... Aurrerantzean ezagutzen ez zaituenak erabakitzen du terrorista, judu edo masoi zaren. Audientzia Nazionalean, edo beheragoko instantzietan erabakitzen da baina, beti, entzuna izan gabe.
IKASGAIAREN marjenean egindako azken iruzkina: «Eta?» Norberak atera ditzala kontuak. Norbere eskubideak defendatzen ari gara guztion eskubideak defendatzen ditugunean
Tere Irastortza