search
Tere Irastortzaren liburuak
Izen gabe,direnak Haurdunaldi beteko khantoriak
Tere Irastortzaren liburuak
Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua
Tere Irastortzaren liburuak
Gabeziak khantoreak / Izen gabe direnak/ Glosak Esana zetorrenaz
Tere Irastortzaren liburuak
Derrotaren fabulak / Hostoak
Tere Irastortzaren liburuak
Izendaezinaz / Gabeziak
Tere Irastortzaren liburuak
Eta orain badakit / Siete poetas vascos/ Osinderdeko kantoriak

Dakigunarengatik eta ez dakigunarengatik

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
argia    
pdf    

Irakurri, uste dudanez, ez dakigunagatik irakurtzen dugu: ez dakizkigun gauzen berri izateko, gure usteak neurtzeko edota gure sentimenduei izen bat emateko ere bai, hainbestetan.

Idatzi, baina, hainbatetan, liburuak dakigunarengatik idazten dira eta beste hainbatetan, ez dakigunarengatik.

Dakigunarengatik idatzitako liburuetan bada orden bat, bada antolaketa bat, bada frogatuaren eta ezagutuaren aztarnak utzi behar eta utzi nahi bat. Eta ahalegin eskerga honen ondorioz, sarri, idazleak ikasteari hainbesteko denbora eskaini dio, non irakurleari ere –ongi xehatuta eta ordenatuta izan arren– dakiena eta ez dakienaren berri ematen asmatzen duen. Idazlea irakasle bihurtzen da, konturatu gabe.

Gertatzen da halakoetan, jakina denetik abiatuta idatzitako liburuak ezjakintasunetik atera nahi/behar duen irakurlerik aurki dezakeela eta, gainera, baita irakurlearen jakin nahia berdindu xamar utz dezakeela edota baita erabat aserik ere.

Baina, sarri, hainbeste denbora eskaini dio idazleak ikasitakoari, non ikastea bihurtu den bere bizitzaren egiteko bakarra eta ikasteko bizi behar horretan ahaztua duen bizitzeko ikasi duela, edo bederen, bizi ezina leuntzeko edo bizi-zulo bat estaltzeko, edo urradura bati adabakia emateko. Honela idatzitako liburu askotan ez da bizia ateratzen lerro artera, eta azken orriaren ostean, aiseegi antzematen da nola ikastea eta jakitea ez diren gauza bera, ikastea ez bizitzeko aitzakia huts bilakatzen bada.

Gertatu ere gertatzen da, orduan, idatzitako guztia frogatua eta egiazkoa izan arren eta ondo antolatua egon arren, ezpere horretxegatik, ez liburuak egiantzik hartzea; edo ez ematea egiantzik hainbeste erantzunek galdera jakin eta ardatz izan daitekeen bati ez erreferentziarik egiteagatik, edo, beste gabe, bizitzari ihes egin izanagatik.

Bizitzak, ordea, gordeka eta kuriketan bederen agertu egin behar du orri artera. Horregatik edo –eta aldi batzuetan eman gabeko urratsengatik bizi nahi dugun bezalaxe– , liburu batzuk ez dakigunetik idatzi nahi ditugu.

Gertatu ohi da, ordea, halako liburuetara iristea dakienarengatik irakurtzen duen hainbat mari-maistra eta maisu-jaun. Orduan konturatzen gara zein alferrikakoa den genekienarengatik bakarrik irakurtzen aritu izana, eta orduan baizik ez dakigu dakigunetik abiatu eta ez dakiguna hobeto izendatzeak zer nolako bizitzeko eta izateko grina indartzen duen.

Tere Irastortza