Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
izen1
poesia

 

LAU AROTAN

1

BEDERATZIGARREN hilabetearen seigarren egunaz geroztik
ez du hotzik egin.
Goizaldera ez du lainoak ihintzarik utzi bideetan,
ez da txapela beharrik izan arratsapalean.
Gauean, haize zakarrak eraman ditu zeruko hodeiak
zekarren arimako urratuak erakutsi beharrarekin,
eta ilargia, bete bete eginik,
jarri da, herriko jagole, kanpaitorre gainean.
Begiratzen diot herriari:
denak aldatua dirudi;
zer no la den nahi nuke ikusi.
 
jar itzak, lagun, setazko kojinak balkoian
eta ekartzak, beste garai batzuetan bezala,
ekartzak ardoa parrastadan!

2

Goizaldean, beste ezertarako ahalgorik ez eta,
begiratzen dut leihotik.
Garai bateko apaizak fabrika-adarrari erne,
gaurko herri-zaindariak kanpai-hotsari amen.
Gardena da paisaia ezkerrerantza,
fotograma erromantikoenaren gisako.
Eskubian fundizioko keak zeru urdinerantz:
ez dute etsiko zerua pitzatu arte.
Burni meheak omen
berehala berotu eta segidan hozten garelako.
Baina urratuak ez du inola orbaindu nahi, hala ere.
 
Jar itzak, lagun, setazko kojinak balkoian,
kojinak balkoian,
hitz bi hire ezpainetan,
eta ekar iezazkidak garai bateko argazkiak,
tristurak triska ez nazan
jagole-guardakoen begiek beldurtzen nautenean.

3

Eguerdi-eguerdian fabrika adarrak eta angelusaren
kanpaiak
sartzen dira leihotik hezurretara.
Nekatuak, fabrikanteak, goserik doaz etxera,
eta etxekonekoak egunkaria irakurtzen dio
emazteari, lanetik etxerakoan,
haurrak ekarri eta bazkaria prestatzeaz gainera,
munduaren berri jakin dezan.
Begiratzen dut ingurura
eta denak lehengokoan segitzen du,
aspaldiko gizaldien gurpilean.
 
Kenduko zetiat, lagun, setazko kojinak balkoitik
eta hire ezpainak nire minetik.
Barau egingo diat, leihoak itxita,
ez dituk eta urratuak osatzen
enpalaguzko hitz eta ukenduz igurtzita.
Nola ez haiz aspertzen, lagun,
horrelako gizonezkoen artean gizon izaten!

4

Gauerako, ke-adarrak jausi egiten dira
balkoietara, zabaldutako arropetara.
Eguzki errainuak pitzatu bezala
egiten dira erreka arreetan,
eta txakurzaleek populatzen dituzte
kale eta parkeak.
Tabernako musika ulertezinak
armonian hasten dira elkarren artean
eta gauak gomazko sedantea dirudi
insomneentzat.
 
Irakurri ditiat, lagun, poeta erromantikoen liburuak
eta euskal ipuinlari berrienak.
Txikitu denak
eta alamartsoa piztu, nahi niake,
hauster egun honetan!

 

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago