Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 Karmele Igartua gogoan

Beltzenean

touroum1
français1
erderaz1

1

Iritsi gara mugara,
horkoa eta hemengoaren bateraezintasunera;
harri-arte bateko txulotxotik
isil-isilik zulatua dirudien hutsunera.
 
 Eta horrelaxe da beti
-edo egunerokoan-.
Batzuetan poesia kea bezala aireratzen da
sua amatatu ostean,
beste batzuetan beltzak Frantzia eta Espainiako mugan geratzen dira,
Bidasoa gaineko pausuan,
gune hori iragan ezin zerk bihurtzen duen ulertu nahirik,
inon bizi-ezinaren belztasun osoan,
nahiago lukete enara batek bezala ibia hegan iragaitea,
nahiago, kaio moko-gorriek bezala txilioka ekitea.
 
Eta horrelaxe da beti muga
-edo egunerokoan-.
Gau batzuetan itsas-argira iristea
denbora-jauzia da, metafora huts eta isila,
eta gure ametsetatik agintzen diogu gure erloju biologikoari
ez dezala argi-txintatzeak egunik urratu,
ez ditzala goizaldeko zozoak kantatuak isiltasuna arranguratu.
 
Eta horrelaxe da beti muga
-edo egunerokoan-
Itsaso kontra ondo eraikia egon arren
Hondarribiako badia osteko harresia bezala,
Hendaia aldeko itsas-ertzeko kainoiek
ez dakit babestu ezina baizik erakusten.
Itsaso kontra batek itsasotik babestu gaitzake ,
itsasorainoko azken pausuraino, bakarrik.
 
Eta horrelaxe edo da ,beti, muga egunerokoan
eta Itsas-argiari so geratzen da gure gogoa.
Amodiorik beltzenentzako haririk eza erakusten du
argi-hariak
harri-arte bateko txulotxo hartarik ezin baita iragan
haria pasako duen orratz begirik,
ez eta hasperenaren hatsik ere.
 
Mugan isiltasun kontra batek erantzuten dio beti
gure gomutari, gonbite eta oroitzapen bakoitzari
eta horrelaxe, guk jartzen dizkinagu mugan,
egunero, hire
hitzak orbainetan.
 
2
 
Ertzik gabeko mugan,
ernaldi eta loaren artean gorderik,
loa eta ametsaren artean, aske,
ametsa eta errealitatearen artean, biluzik,
edo errealitatean eta inolaz ere eragin ezin denaren artean,
 
dar-dar batean dago
 
txulotxo hori,
argi edo ilun izpi hau
 
eta
nano-begi eta egiaztagarriaren artean dabil
aldi hau, denbora-matazan bihurriturik,
ertzik gabeko mugan bizi dena
Denbora enaren hegaletan.
 
Tere Irastortza Garmendia

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago