Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
mugalari    

Iragana beti eraldatua dun. Eraldaturik ez bada oraina baita, oraindik. Izan zena, zen-zenetan dirauen bitartean, presente zagon, ez dun iragan, oraindik; ez dun iragana , izango dun dirauena.

Horretara etorri zaidan gogoa, berriro, Igor Mitoraj-en irudi batek, hego eta guzti hegan ezin zuelako bidera irten didanean. Batean bizkar bat, hurrengoan gerriz behera ezeri eusten ez dion gorputz-erdi bat…. Mitoraj-ek itxura batera klasiko diren irudiak – brontzezko – bihurtu ditin ; zerbaiten puskak barreiatu ditin lurrean, hiri askotako hiribideetan, plazetan eta espaloietan, pasabideetan. Itxura batean, oinezkoari joateko baino geratzeko eskatu nahi balio bezala, estrapuzu eragin eta ibilbidea behaztopatu nahi balu bezala.Bagabiltzala, bagoazela eta bagatozela gogorarazi nahi baligu bezala.

Eta geratu hutsarekin konturatzen naun , iragantzat dugunari ere eraldatzeko denbora ematen diogula, aldian behin edota aldioro, segun eta; baina ia beti, santu-hartu gabe abiatzen garenean, batik bat norabidea finkatuegi ez dugunean ; inolaz , kale esturen batera sartu edo hiribide nagusian joan gogoak ematen ez digunean .

Eta tormentatzen gaituelako eraso jotzen ez digunean, oroitzapenetan eta gogoetetan har zezaken atseden gogoak. Eta, orduan batzuetan, jabetzen gaitun derrigor duela orainak aztarnak lagatzea, irudietan finkatutako iraganean ere.

Gero, badakin, ezin dun beti asmatu eta batzuetan, gauaren babesean Igor Mitoraj-en buru hustuen hutsarteetan bezala, ezintasunaren lekuko geratzen ditun zigarro hondakin batzuk garunak behar zuen tokian , edo ezpain-ertz baten barru aldean, gauean argia topatu nahi eta ipurtargirik aurkitzen ez dutenen ezintasunaren lekuko gisara.

Baina beste batzuetan, berritu egiten dun iraganetik zetorrena, eta konturatzen gaitun denborari pausatzen laga egin behar zaiola . Izan ere, itxura batera, herdoil- goroldioak itsatsi, norbaitek arreta paratu eta erreparoz bizi izan zen unean, itsatsiak baitira.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago