Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Su-eten iraunkorrak Bilbon eragindako giza-uhaldea ahaztu ezinik, goizean goizeko ekinaldia profitatu nahi dinat gutun honentzako, parte guztiek okitu ondoren , musika klasikoa entzuten dudan bitartean.

Oraintxe arparako lan bat egokitu zaidan frekuentzia modulatuan . Ematen din notak ez direla airean barrena iristen, uretan baizik, notarik luzeenak ere airean horma kausitu eta kristalezko espazioa mugatzen arituko balira bezala . Eta kristalezko kutxak, kristalezko begiak bezalakoak ditun : irudi huts, irudi itsu; ikusgarri , atzeman ezinaren tramoian. Tramoia, tranpala, antzerki eta itxura uhin horietan… Eta Bienako Ihauterien gainean Susan Driegek sortuako aldaketekin, kitarra, pianoa, baxuak ditinat gogoan, eta…guztien artean, arpa erresonantzia kutxa gabe aideratzen den bakarra.

Hau idazten hasi orduko, ordea, irratiko parteak ekin zion , berriro, Euskal Herriari : beti motibo berbera errepikatzen ari den modulazioa eten ezina, oraindik ere : tonalitate batean ez denean bestean, tresna batzuekin ez bada beste batzuekin. Eta hitzak errepikatuaren poderioan zentzugabeturik iristen zaizkidan, zentzugabeturik eta zantzugabeturik : nahitaezko bihurtu hutsarekin gezurrezko ditun.

Emisoraz aldatu arren gutaz ziharduten batean eta bestean. LA OREJA DE VAN GOGH-i tartetxo bat eskaini zioten, errealistago egiteagatik edo. Haizea itsas gainean harrotzen den pasartearekin gogoratu dinat nola, Paseo Berrian, itsasoak goia hartzean egiten geninan atzera . Ez bustitzeagatik, kuanto, zeren eta oldartzat hartzen dugunaren aurrean senak atzera eragiten baitu . Baina hizlari hauek, antza denez, lehorrekoak ditun. Lehorrak bai behintzat, eta kafe txarrak hainbat okitzen naun hitz eta irudi pilaketa honek , beti kafe bera ehotzen arituko bagina bezala… eta hik badakin nolakoa den kafe ona : eho eta xigortu berria…

Kafe horren bila abiatuko naun, eta hi ez haut nekatu nahi beti nire obsesioen ale zaharrak ehotzen. Uzten haut, beraz, kafe egin berriaren zain bezala.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago