Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
argia    

Aurreko batean, hagiografiez aritu nintzen. Eta santuen bizitzei buruz aritu nintzelarik, sakonean galdera bat nerabilen buruan: egin behar genukeenari buruzko galderari nola erantzun zitzaion hagiografia bidez.

Elizak indarra galdu eta komunitate askok estatuaren bidezko identitate kolektiboa jorratu duten neurrian "heroi nazionalak", eta heroi horien gaineko literatura hedatu da mende askoan mendebaldean.

Jakina da, euskaldunok ez dugu estaturik, eta inork ez daki zein izan daitekeen gure heroia (Zumalakarregi kenduta, agian). Fase hori beste modu batera aurkeztu diogu, agian, gure buruari: euskaldungoa da herri heroikoa.

NOLANAHI, euskarazko merkatura ere iritsi dira biografiak. Orduan eta argitaletxe gehiago dira egunerokoak (Larrekorena atera zuen Pamielak...), biografiak (Elkarlanean-en bada dagoeneko 20tik gora...) eskaintzen dituztenak. Gure artean ere badira gizonezko eta emakumezko garrantzizkoak... baina ez dira heroi izatera iristeko garai ez toki aproposean sortu. Izan ere, nola irakurtzen eta idazten dira oraingo biografiak? Edo, beste modu batera esanda, gizarteak nola begiratzen die "emakumezko eta gizonezko" handi hauen bizitzen errelatoari?

Nire iritzian, santu eta heroiekin ez bezala, bizitza horiek irakurtzen edo idazten direnean, azpian dagoen galdera ez da zer da, horiek bezala, egin genezakeena? Iruditzen zait, ez dagoela eredu beharrik. Gehienetan, ez dira irakurtzen "haiek bezala" ekintza berezi batzuk egin beharragatik. Orain "jarraitzaile" izate hori ez dator bat gure eguneroko mentalitatearekin. Jarraitzaile dena (kirolean ez bada) iritzi propiorik ez duenarekin parekatzen da; eredu pertsonalak izatea pertsonalitate gutxiko gizonezko edo emakumezko izatea balitz bezala.

Gure galdera, nire iritzian, oraingoan, honakoa da: nola jakin dezakegu besteek zergatik egin zuten hau edo hura? Orduan eta gehiago, biografia askotan, egin zuenak egin zuenaren arrazoiak bere psikologian bilatzeari ekiten zaio. Kuriositate eta morbo pixka batekin, askotan. Ez dira santu, heroi edo gizonezko zein emakumezko handi batekin identifikatuta dauden biografoek egindako lanak... baizik eta psikoanalista, erreportari ausartak... azalean geratzen ziren ekintzen azpian zer dagoen adierazi nahi dutenak.

BIOGRAFIA "kritikoak" egiterakoan, normalean, halako edo honelako gizonezko edo emakumezkoren txikikeriek hartzen dute berebiziko garrantzia. Beti trauma, ezintasun, edo ezkutuko minen baten berri eman beharrean gaude. Besteen txikitasuna aldarrikatuz, gure txikitasunaren pare jartzen ditugu, normalean, bizitzari buruz ikuspegi komunitarioagoa zuten haien bizitzak gureak bezain ezdeusak izan daitezen.

Beste maila batean, astero Espainiako "haundiki"en seme-alaben bataio, ezkontza, heriotzaz... ari den prentsa horren arrakasta, zenbait telenobela eta kulebroien arrakasta... (eta horien artean, izenburu bat iruditzen zait jeniala "Aberatsek ere negar egiten dute")... ez da besteen bizimodua ezagutu, haien bizimoduaren eta arruntasunaren oskola indartzeko modu bat baino.

Egungo pentsakera egozentrikoa dela garbi dago. Gizakia du abiapuntu eta nuerri, eta ez Jainkoa eta ezta komunitatea ere. Baina, agian, ordea, gure galderak izan behar luke "Nola jakin dezakegu zer egin dezakegun?". Zeren eta bere hezurdura ekintzan jartzen duen pentsamenduak, beti, besteak hartu behar baititu kontuan

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago