Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
argia    
Aurreko batean, hipermerkatu horietako bateko arrandegian bizirik antzeman nituen itsaskari batzuk. Hurreratu orduko jabetu nintzen askok eta askok horren gustuko dituzten perzebe eta ez dakit zer nolakoak zirena. Gerturaturik, konturatu nintzen zinta gorri batekin atzaparrak lotuta zeuzkatela. Antza denez, oso agresiboak omen dira eta elkarrekin borroka batean hasten direnean, erabat itsusiturik edo geratuko dira saltzeko.
 
Arrandegiko txandan, itsaskarien begirada larri eta hoztuari ez erreparatzeagatik, zer suma jarri nintzenean, behin lehorreko batek kontatutako pasadizoa berritu nuen.

Ba omen zen behin gizon bat itsasertzean karramarroak biltzen ari zena. Karramarro horiek harrapatu ahala pote handi samar batera botatzen omen zituen banan-bana. Potea, ordea, estali gabe omen zeukan. Inguruan zebilen mutiko batek hurbildurik, herabe, esan omen zion: «Aizu gizona, estali gabe duzu pote hori eta hainbesteko lanarekin jasotako karramarroek ihes egingo dizute». Eta gizonak, bere lana utzita, erantzun omen zion: «Begira, mutiko, zer ikasi dudan lanean ari naizen urteotan. Karramarro bat potean gora abiatu orduko besteei gora egiteko grina sortzen zaie eta aurreneko karramarro horrek ia goiko ertza iristear daukanean, gertuen daukanak eraso egin eta, atzera, barrenera botatzen du. Eta hara nola elkarri galarazten dioten bere kartzelatik ateratzea».

Giza-darwinismotik aldentzeagatik eta honen aurkako beste mila adibide bila ditzakeenez, ez noa esatera gizataldeak potean dauden karramarroen gisako direnik, eta ezta, herio egoeratan, giza-taldeak leizeren batean daudenean, horrelakorik gertatzen ez denik ere.
Gizakiok, mendebaldeko kulturan sinestuta gaudenagatik, ez dugu atzaparrik erabiltzen elkarri erasotzeko. Are gehiago, orduan eta gure buruak zibilizatuago eta heziagotzat hartu, orduan eta hobeto asmatzen dugu elkar jo gabe min egiten. Eta aspaldian, ondo dakiguna zera da inori min egitekotan bihotzera jo behar dela, artaz eta zuzen, bihotza dutenei, kuanto! Eta horretarako bada, aspaldion, sekula ez bezala erabiltzen den atzaparra: zurrumurrua.
 
Zurrumurrua -eta ez dakit nola definitzen duen hiztegiak- hitz egin behar ez denaz hitz eginarazteko biderik egokienetakoa da. Zurrumurrua da lotsagabeek gupida gabe besteak lotsatzeko erabiltzen duten tresna. Zurrumurrua, heriotze zibila da. Inork ez daki zeinek eman dion hasiera. Inork ez du aurpegirik ematen, eta errepikatzearen poderioz egia bilakatzen da. Zurrumurruak guztiak berdintzen ditu eta ezer frogatu beharrik ez dagoenean ezer ukatzerik ez dagoenez, guztiak bihurtzen gaitu lotsagabe.

Edonola, karramarro eta gizakien artean badago beste alde bat. Batzuetan gizakiak geu sartzen gara potera, potetik kanpo dagoenaren hitzetan, ideologian, euskaltzaletasunean edo ez dakit zertan sinestuta. Eta horren ondorioz, potez kanpo dagoenaren errainuak itzala kentzen digu, ezer ez garela sinestaraztea lortzen duenean, karramarro garela sinestaraztea lortzen duenean.

Horraino iritsi ziren nire burutazioak. Arrandegian txanda eman zidaten. Arrainen begiek ezereza islatzen zuten. Erruki nintzaien eta beste bati eman nion txanda .
Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago