Estankona, Igor "Leiala"

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   

Mundua betetzen zenuten Tere Irastortza Poesia. Pamiela, 2015

Poesia idazteko modu jakin bati leial zaio, Gabeziak (1980) eta ondoren etorri diren beste hamar liburuetan ageri denez. Tere Irastortza idazle atipikoa da, poesia klasikoa ateratzen zaio dolutik, ez daki idazten modu lauan. Edo agian laua dirudi bere lirikak, baina prosa ere ez da. Horregatik, ipuinetan legez, liburu honetan ere aurrera eta aurrera animatzen zaitu beti, jakin arren ez zarela iritsiko hasierako puntura baino. Bidaiak, ordea, lagundu egingo dizu ideiak ordenatzen eta oinaze bat unibertsala konpartitzen: joan direnena guri hemen utzita, denbora guzti honekin aurretik.

Gustatu zait Mundua betetzen zenuten (Pamiela, 2015), poesia mota hau gustatzen zaidalako, eta inbidia diedalako kapaz direnei ezinezko maitasunetatik ateratzeko maitasun posibleak: “Sekula irudikatu gabeko zenbat gauza/ egin dugun elkar gozatuz,/ (…) elkarrekin oheratu gintezkeela/ gauero eta esnatu goizean,/ elkarrekin tolesta genezakeela lixatutako arropa,// eta irudikatutako zenbat segundo bizi izan dugun,// orain irudikatuta ere atrapa ezin izango direnak/ sekula”. Liburua gozamena da erritmo aldetik, festina lente doa, eta ezusteko esapideak ditu, jolas egiten du hizkuntzaren mikaztasunarekin. Zehatza du mintzoa baina loreak daude nonahi: “eta geroa irakinaraziz lurrintzen den sukaldeetan/ arnasarik eza aditzen da pasa-ezinka”.

Anekdotaren aldean nahiago du Tere Irastortzak hitz egin sakontasunez. Eta azalekoaren aldean Mundua betetzen zenuten gai lodien inguruko saiakera poetiko arin bihurtu du: amodioa, denbora, heriotza dakartza. Denak datoz bitalismo eskergarri batean bildurik.

Eta nahasten zaizkio hainbeste penaren artean izan zena, ezin izan zena izan, eta eternitatea bera. Lurretik zerura eta atzera ere lurrera datorren guztia iruditzen zaio ulertezin baina era berean bizigarri. Dena bukatuko da, noski. Bitartean eginikoari kantatzen dio, ostera, orrialderik orrialde. Izan gizakiaz ari denean, izan Karmele Igartuaren (1959-2010) gaixotasunaz, etengabe harritzen nau nola hitz egiten duen idazleak mugarik ez balitz bezala, denborarik ez balitz bezala, bakoitzak bere patua asmatu ahalko balu legez: “Izan ezinean egon nahi izan dut,/ eta nago”. Liburu honek frogatzen du, funtsean, edertasuna antzaldatu egiten duela usteltzeak, eta amaiera izan daitekeela berriro haste bat, edo depresioa ikasbide latzena. Buelta ematen die Irastortzak konbentzioei, eta poemen eitea bada ere ia beti bat eta ia beti ortodoxoa, azpitik dakarren esanahia da bizitzaren mugimenduarena, dantzatu behar den mambo horrena: “geu ginela (…)/ eskua emanda salto egiten asmatu zuten/ bi neskatxak”.