GORROTXATEGI, Aritz "Pentsamendua eta fikzioa, lagun ala etsai?

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
elcorreo1    

ERREPORTAJEA ARITZ GORROTXATEGI

Pentsamendua eta fikzioa, lagun ala etsai?

Badirudi fikzioak pentsamendua saihestu behar duela, eta, alderantziz, pentsamenduak fikzioa. Ba al da erdibiderik? Inon topo egiten al dute?

Platonek haitzuloaren metaforaren bidez uztartu zituen pentsamendua eta baliabide estilistikoak. Lukreziok poesiara jo zuen Epikuroren ideiak zabaltzeko, eta helburu bikoitza lortu zuen: poema eder bat ontzea eta ideiabilduma oso bat garatzea. Zorioneko ezkontza! Baina, geroztik, ez al da salbuespena izan binomio horren ezkontza? Ez al da kasu gutxiegitan eman?

Esaterako, Kunderak «pentsatutako nobela» aldarrikatzen zuenean, Musil eta Broch zituen gogoan. Hain zuzen ere, ‘Ezaugarririk gabeko gizona’n eta ‘Sonanbuluak’ trilogian ohikoak dira saiakerapasarteak eta izaera teorikoko gogoetak. Kunderarentzat bi adibide horietan aurki daiteke nobelaren formaren eta pentsamenduaren isuri zabal eta anitz baten arteko sintesia.

elcorreo2    

Nobela filosofikoaren paradigmetako bat Sartreren ‘Goragalea’ izan zen. Hala ere, ‘Goragalea’ baino urtebete lehenago Gombrowicz poloniarrak ‘Ferdydurke’ eman zuen argitara. Sartre idazle ezaguna zen; Gombrowicz, berriz, hasi berria. ‘Ferdydurke’, ordea, umore jostalaria lagun, arazo existentzialetan pasio biziz sakontzen zuen nobela zen. Sartreren eskutik pentsamendua eta nobela uztartzen zituen norabide berri horrek ondorio kezkagarriak izan zituen beharbada: nobela eta filosofia bikotekide aspergarri bihurtu zituen. ‘Ferdydurke’ bihurtu izan balitz jarraitu beharreko eredu, ez al zitzaizkion ate berriak irekiko pentsamenduari eta nobelari?

Hurbilketak hurbilketa, esan liteke tradizionalki bien arteko hoztasuna izan dela nagusi, zu han eta ni hemen; alegia, bi konpartimentu hermetiko direla. Biak uztartu dituzten pentsalari eta filosofoengana jo dugu, auziaz zer iritzi duten jakin asmoz.

    elcorreo3

Fito Rodriguezen ustez, ezin da pentsamenduaz hitz egin, pentsamenduez baizik. Haren ustez, literaturak ez du azalpen sistematikorik eska tzen, idazkeraren bidez gogamenari bidea ematea baizik. Arazo jakin bati buruzko digresio dugu, beste edozer baino gehiago, ez hurbilpen zientifiko edo filosofiko hertsia. Horrez gain, azpimarratzen du Rodriguezek, Lukreziok, Musilek, Celanek eta abarrek erakusten dutenez, pentsamenduak ateak ireki izan dizkio fikzioari. Non dago muga? Are gehiago, batak ez du bestea astuntzen, astintzen baizik! Literatura ezin baita filosofiaren sinonimotzat hartu. Gure artean, Txillardegi, Azurmendi eta Sarrionandiaren lana goraipatzen du Rodriguezek, eta Sarrionandiaren ‘Ni ez naiz hemengoa’ jartzen du paradigma gisa.

Agustin Arrietaren iritziz, pentsamendua beti martxan dago (edo egon beharko luke). Horrek esan nahi du, besteak beste, pentsamenduak berrikusi behar duela eta berrikusten duela bere burua etenik gabe, zalantzan jarri behar du bere burua, eta horrek, nolabait esatearren, ezegonkortasuna dakar, ezinegona. Arrietak aitor du fikzioan denetik duela gustuko, baina onar tzen duenez, oso gustuko ditu auzi filosofikoei lotzen zaizkien fikzioak, batez ere filosofia interesatzen zaiolako. «Dena den, nahiago ditut, orokorrean mintzatuz, fikzio iradokitzaileak, pentsamendua (filosofia) esplizituegi bere baitan txertatzen dutenak baino». Adibide batzuk aipatzen ditu: Ipuingintzan, Cortázar (‘Gaua ahoz gora’), Buzzati (‘Zazpi solairu’) edota duela gutxi irakurri duen Tom Wolfe-ren ‘Todo un hombre’, egungo gizarte neoliberalaren ezaugarriak modu iradokitzaile bezain zorrotzean aurkezten dituena.

Amaia Iturbidek, berriz, Antonio Gamonedaren hitz batzuk dakartza gogora: «Poe- F PFsia ez da literatura» eta «Literatura fikzioa da; poesia, berriz, errealitatea». Iritziok geziak bezain zuzenak ziren, eta orduko giro poetikoan hautsak harrotu zituzten. Baina Iturbidek uste du Gamonedak funtsean arrazoi duela. Bilbon jaiotako poetaren ustez, pentsamenduaz ari garenean, beste maila batez ari gara, egunero inguratzen gaituzten arazo filosofiko eta existentzialez, elkarrizketa arruntez eta anekdota hutsez baino harago. Pentsamenduari beldurra diogu geure buruaz eta izateaz ari delako, pentsa - tzeak gure barrura begiratzea eskatzen duelako. Bestalde, gehitzen du Iturbidek, «teknologiaz inguratutako gaur egungo mundua kontuan hartuta, fikzioa eta pentsamendua elkartzeko orduan poesia eta bideoa uztartzen dituzten ekimenei interesgarri deritzet. Modu horretan poesiak berez hitzarekiko duen harreman sakona lantzen da, hitzen esanahietan gehiago murgiltzen».

Hizkuntzak

Tere Irastortzarentzat hizkuntzak sortzen du errealitatea. «Norbanakoak lekukotasunik eman ez dezakeenaz ere ari baikaitezke mintzatzen, nahi ez dugunaz… Ba omen denaz ere aritu gaitezke, ez dakigunaz eta izan ote daitekeenaz edota nahi genukeenaz. Hori guztia, amaieran ‘eta abar’ esanez bukatu gabe uzteko esaldia, guk esan nahi dugunak irakurleak esan nahi duenarekin bat egin dezan; hori guztia izena duenak izana duelakoan, Barandiaranek ondo jasota utzi zuen bezala». Izan ere, Zaldibian jaiotako poetaren ustez, errealitatea irudikatzeko eta hura sortzeko, munduko objektuak izendatzeko, hiztegi bat baino zerbait indartsuago behar dugu.

Juan Ramon Makusoren iritziz, pentsatzea ariketa bakartia eta zaila da. «Ez da erraza eguneroko zurrunbilotik —edo, beharbada, erosotasunetik— atera eta norbere buruaz edo inguratzen gaituenaz gogoeta egitea». Makusok pentsamendua eta fikzioaren harremana hari fin batean kokatzen du. «Pentsamenduak fikzioa astundu dezakeela esatea hartzailearen araberakoa da. Literatura, fikzioa, sorkuntza den heinean, adimenak, prozesatzen du. Sorkuntzak, berez, ez du zergatik astuna izan behar. Eta mugarik egotekotan, arestian esan bezala, hartzailean dago». Makusok Baroja, Unamuno, Lizardi jotzen ditu adibide klasikotzat. Eta gaurko batzuk ere aipatzen ditu: Jon Gerediaga, Tere Irastortza edota Nerea Beldarrain. Bitxiki, Makusok irudipena du sortzaileen ahotan pentsamendua, kontzeptu gisa, gero eta gehiago azaltzen dela haien adierazpenetan, eta aztertzeko moduko gaia iruditzen zaio.