Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
    liburuak6
Ezer ez da bakarrik sortzen

“Izen gabe direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak” poema liburuak halako efektu bikoitza sortzen du irakurlearengan: batetik, erakarri eta liluratu egiten du (harribitxiz betetako kutxa baita), eta bestetik, jantzi eta konbentzitu egiten du. Halaxe gertatu zait niri bederen.

Errealitatetik hartuak dira Terek egiten dituen gogoetak: gogoeta berriak, ausartak eta pisutsuak. Eta oraindik, irakurle, sortzaile eta ama bezala bere espazioa egin edo definitu gabe duen irakurlea ustekabean harrapatzen du. Asko gozatzeko eta ikasteko parada eskaintzen du beraz, Tere Irastortzaren azken poema liburuak.

Indar handia darakus Zaldibiakoak lan honetan, eta hasieran beldurrez eta xume agertzen bada ere, bigarren eta hirugarren ataletan, Terek bere “ahotsa” helarazten dio irakurleari. Lehenengo zatian hainbeste goretsi eta mirestu uste duen ahotsa jaretsiko du. Liburuan barrena poema luzeetatik laburretara jauzi egiten duelarik, intentsitatea irabaziz joango da Irastortza. Hirugarren atala da emakumezko irakurlearentzat, seguraski, indar handiena duena, emakume bezala espazio eta hizkuntza propio bat aldarrikatzen duena, alegia.

Sormin, Sormen, Sorzin

Tere Irastortzak “Izen gabe direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak” bere poema liburua hiru ataletan banatu du: Sormin, Sormen eta Sorzin izenez bataiatuz atal bakoitza.

Lehenengoa Sormin izenekoa da. Poema luzeak dira hemengoak, sortzeko borondatearekin nahasten den beldurra duelarik gogoetagai idazleak. Idazle hasberriak eta ez hain hasberriak ere izan ohi dituen zalantzak eta beldurra darakus Terek; bakardadetik jaiotako sormenaren aldeko mitoen aurkezpena eginen digu, sormenaren inguruan korapilatzen dituen galdera existentzialak harilkatuz: zer ote den sormena, esaten dena edo esaten ez dena; sormen lanak hala deitzeko idatzita egon behar ote duen; Idazten ez den sormenak existitzen ote duen; sormenaren aurretik zer?

Hitzak adierazten duena ordea, jadanik idatzita dagoela diosku Zaldibiakoak. Ez al da dena imitazio? Beraz, zer egiten du poetak?

Gizonak sortu du jainkoa eta hari damaio hitza (liburuetan jasota dagoenez). Baina zein da jainkoa? Hitza? Ahotsa? Poeta Gogoeta oparo honen inguruan ere.

NIak protagonismo gutxi dauka lehen atal honetan. Idazlea da galderak planteatzen dituena eta erantzunen bila abiatuko dena. Baina mundua eta zalantzak bere bakardadetik usaintzen ditu, eta mundutik at sentitzen da. Bakardadearen aurkezpena eginen du bestalde, betidanik, sormenari dagokion estadioa izan den neurrian.

Denboraren tratamenduari dagokionean, sormenaren aurreko eta ondoko estadioak aztertzen ditu Irastortzak, atal batetik besterako jauzian, jolas bilakatuko zaizkiolarik.

Lehenengo atalean sormenak idazleari min egiten diola erakusten bazaigu ere, bigarrenean, Sormen delakoan, mina mintzoak kentzen duela esango digu eta arestian aldarrikatutako isiltasunari hitza gailenduko zaio. Lehenengo pertsona plural eta singularraren presentzia nabarmenki azaleratzen da atal honetan. Askeagoa eta ausartagoa agertzen zaigu Irastortza. Bakardadea alde batera uzten hasiko da eta jorratzen dituen gaiak idazte prozesuaren deskribapena eta amatasuna izanen dira. Bigarren atal honetan defendatzen du Irastortzak, ez dela bakarrik sortzen, mundu edo eta espazio batekin jaiotzen garela. Sormena, ideia da, asmakizuna, barruan daukaguna. Eta sormen horri hitza jartzen diogunean, denbora eta lekua hartzen du, existitu egiten da. Hitz horiek, bestalde, jantzi bat daukate (gerora, hirugarren atalean aztertuko dena).

“Sorzin” da liburuaren azken atala. Poema laburragoak biltzen dira berton. Esaten dena eta ez denarekin jolasten du uneoro idazleak, bai ideiak orrazterakoan, bai hizkuntzaren erabilerari dagokionean. Atal honetan, sormenerako desioa eta sormen naturala jorratzen ditu. Hizkuntza eta denbora erreferentziak amatasunaren ikuspegitik lantzen ditu eta amaren ikuspegitik egindako hizkuntza eta sortze prozesu bat aldarrikatzen.

Hirugarren atala da ausartena, idazlea erosoen sentitu dela erakusten duena, ziurtasun osoz plazaratzen den itxura ematen duena, alegia; emakumezkook gustoren irakurtzekoa, eta gizonezkoei gehien erakuts diezaiokena.

Ideia konplexua da poema liburu honetan Tere Irastortzak landu diguna: orain artean mito eta sinismen jakin batzuei lotua egon den, existentzialismotik edaten duen eta pasioa lagun duen galdera filosofikoa egiten baitu Zaldibiakoak.

Terek maisuki desmitifikatzen ditu, ordea, sormenaren inguruko usteak, egiak gordinki azaltzen ditu eta sinisgarri egiten da, sormen prozesu orok eragiten dituen zalantzak estalkirik gabe planteatzen dituelako.

Irastortzak, sormen naturala esperimentatu duen aldetik, sormen literariorako ditugun tresnen erabilera gunea edo espazioa eta sormenaren inguruan ditugun aurre-ideiak beren testuinguruan ulertu beharra aldarrikatzen du.