Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

JUARISTI, Felipe " Lilura" Izendaezinaz EL DIARIO VASCO 2008-11-21. Ez dakit zer gertatzen ari den euskal literaturaren edo euskal literaturaren zati batean bederen, baina zerbait dabil batetik bestera, bere izatea aldarrikatu nahirik, izatearen funtsa edo haragia zer eta zertan den jakin gabe, gainera.

    liburuak9
Lilura

Ez dakit zer gertatzen ari den euskal literaturaren edo euskal literaturaren zati batean bederen, baina zerbait dabil batetik bestera, bere izatea aldarrikatu nahirik, izatearen funtsa edo haragia zer eta zertan den jakin gabe, gainera. Zati batean, diot; euskal literaturaren beste zatian isiltasuna baino ez da; ez Pascalen isiltasuna, noski, espazio amaigabeak gora eta gogora ekartzen dituena, baizik eta beste suerte bateko giza isiltasuna, erantzunik ez izanik, galdera egitera ausartzen ez denarena, okerbidean galtzeko izua duenarena. Tere Irastortzak galdera egiten ditu. Hala dio: “Neúrri batean Izendaezinaz liburua Jainkoari buruzko galdera batekin hasi, eta hausnarrean agertzen diren beste galdera batzuei bide emanez sortu da; funtsean, Jainkoaz bezala, beldurraz, heriotzaz, eta amodioaz esaten duguna eta jakin gabe esanarazten zaigunari buruzko hausnarketa bat harilkatuz”.

Tere Irastortza poeta da, eta poetak, hitzen jabe delako batzuetan, eta morroi besteetan, badaki izendaezina izendatzeko modu bat baino ez dela, isiltasuna hitz egiteko modua den bezala, bizitzak heriotzara garamatzala, eta heriotza zain dagoela edozein hitzen amaieran. Badaki, era berean, hitza zerbait sakratu bilaka daitekeela, baina orduan hitza baino gehiago dela, edo hitza baino gutxiago. Interesgarria da saioa, nork bere burua gure gizartea astintzen duten zalantzaldietan murgilduta ikustea, galdetzen hastea eta erantzunik ez jasotzea, edo jasotako erantzunak ez izatea espero direnak. Sakratuaren tokia gure gizartean non ote den jakin nahian idatzitako liburua da, bere argi eta ilunekin, baina apalaldi eta harroaldiekin, bizitzeko gogoarekin eta, era berean, bizitzak eragindako lilurarekin.