Erlojuen mekanikaz

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Berriz irakurri dinat Erlojuen mekanika. Ez mekanika-ikasle batek erloju bat ireki eta zer-zertarako den jakiteko behar duen arretarekin, baizik eta hustutako erlojuaren piezetan erlojuaren zergatia ezagutu nahi duen zentzuz-gabetukoaren grinarekin, ezjakintasunari onartzen zaion sorpresa ahalmenarekin -- Zer egiten dute pieza hauek mahai gainean, bazkaltzeko oilasko-ilardun plateraren ondoan; zer egiten du torloju honek galtzerdietan, oinetako berriak jantzi eta kalean barrena egitea besterik ez nuen honetan… eta horrelako hamaika galdera buruan –

Batzuen- batzuei Poeren konposizio-artea etorriko zaien burura eta niri gure Ravel, erlojugile suitzarren prezisioaz bere erritmo-melodiak musika bihurtu nahirik. Eta begitantzen zaidan,funtsean, erloju-egile baten prezisioarekin sortutako lanek,sarri, zein nolako amildegiaren ertzeraino eramaten gaituzten denbora-sortzeko mekanikarik asmatu ezinda. Ezen orduen kontaduriarekin erlojuek aletzen duten denbora lerro bat besterik ezin baita izan, zuzen-zuzen inora iristen ez dena. -- Ez din inporta arkua ondo tenkatua izan den ala ez eta ezta gezi-jaurtikitzaile trebatuenaren begi argiak ondo zehaztu duen dianaren erdigunea. --

Eta denborak, berriz , sortzeko denborak eta aroak, ditun bateratzaile, anabasa osoan –oraintxe ene gogora datozen eguneko hitz,irudi eta gertaera guztiak bezala, oraintxe biziaren orea igotzen asmatzen duen legamiaren ezagule --. Denbora dun denborak guztion orainetan –eta orbainetan -- eta norberak unez-une irabia dezakeen gertaera denekin sortzen diren hau eta beste . Eta ziurrenera denbora ez dun lerro zuzena, baina ezin dinagu esan hau ez dela bestea,alegia, lerroa ez dela denbora, baizik eta – gehienera -- denbora ezin dela lerratu .

-- Ezen iruditzen zaigunean orduak badoazela gu beste nonbait geratu garelako ohi dun ,gehienetan, ordularirik gabe bizi nahi bagenu bezala. Eta iruditzen zaigunean orduak badatozela, ordularietako orratzetan gure bihotzaren taupadak entzutera jartzen gaitun. -- .

Tere Irastortza