Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Euria ari du, Teleberrin esan arte ez zait iruditu hau udazkeneko uda denik... eta behingoz, Euskadi Tropikaletik berriro gure gazte garaiko udara iritsia nintzelakoan egon naiz , adi adi nola euriak dena ixiltzen duen. Ari du eta eta euri-zirzira honekin egonerako jartzen da bat.Ixiltasunak infinitoraino garamazke, tarteka, minutuko zelai batean pausatu nahi duten tantak kontaezin direla irudikatu hutsarekin. Tanta bakoitza, kristalean behera, oroitzapen bat bustiz. Giraldan gora egin genuenekoa, bat.

Trantzituan behera egin ahala, eskubian Giralda egiteko langileek erabilitako lanabesak zeuden : tresnak, harria garraiatzeko txirrikak, mailu eta mazoak. Tiriki trauki trauki mailuaren hotsa etorri zitzaidan burura. Alderdi fonetikoa haurrekin jolaserako bezala utzi ohi dugun memoria antzututa ez dagoen seinale.

Eta pentsatu nuen,orduan, zein izango ote zen Giraldako langileek eguna joan eta eguna etorri belarrietan izango zuten soinua : tiriki trauki trauki , tiriki trauki traukimailuaren hotsa. Nola sentitzen ote zuten infinitua, segundo eta minutu monotono haien konpasean?

Zer nolako garrantzia izan zezakeen denboraren deskonposizio hark eternitate-angustiak irudikatzeko, zeren eta , ez gaitezen engaina : eternala ederra da patxadazkoa denean, denbora mamitua denean. Eta aldi berean, eternala ifernua da deskonposatu eta beti errepikatutako denbora denean.

Eta hala ari nintzela burura dakarkit aurreko tantak harraptu duen beste batek, herriko misioei buruz kontatzen dutena. Nola -- Giralda dagoeneko, aspaldi kristauen katedrala zen ordurako -- . omen zioten fraideek misioetan : “ Zer da eternitatea ? Zaldibiko eliza goraino gari alez bete eta Jainkoak txori bat bidaliko balu aleka- aleka eliza hustera, bere bizi guztia horretara emanda ere ez luke eliza hustuko. Horixe da eternitatea, bakarka, txori erraria bezala, etengabe egin behar den, jasan behar den lana.” Beti bilakatuko zen beldurraren hitza; Betiko beldurraren hitz mehatxatzailea.

Eramanerrazenetakoa da, niretzat, arratsalde hau : kristalean geratu dira euri tanten arrastoak, eta tantak leiho ertzeetara. Pazientzia landare bat omen da zuztar luzeak dituena eta hosto dirdiratsuak. Pazientziari esaten diogu egonarri. Egonarria, alegia, diot, nire artean, aritu eta aritu eta beti egonean, beti berdin ikusten den harria eta hala ere zizelkatu behar dena, hola ere puskatu behar dena, hala ere , landu behar dena, izan daiteke.

Aritu eta aritu, zertarakorik gabe baldin bada ernegazioa, ifernua, beti geroko ez dakigun zerbiatetan aritzearen ifernua, pazientziaren aulkian edo edo itsasontzietako errunetako, toldetakoa, tostetakoa... non arraunlariek arraun egiteaz gain, laidoak pairatu behar zituzten: jasan egin behar eramanezinak , ezinbesteko euri-jasa bailiran.

Edo aritu eta aritu, lurra gizentzen , lurra berdetzen, hala delakoan… egiten dena geratuko delakoan; geratzen dena artea, armonia, edertasuna izan daitekeelakoan.

Euria aritu du, kasik atertu gabe , eta gaueko teleberriak errepikatu ditu arratsaldeko hitzak eta irudiak, eta irudiak ez dira geratu telebistako kristalean, beste kristal bat ezartzen dute euria eta nire artean : aurreikuspenen kristalak zartatzen du, hainbatetan, edertasuna.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago