Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Vargas Llosak ezetz zionan. Nik bai, irakurri izan netinan Corin Telladoren nobelak, nahiz eta ez dudan ezagutu. nahiz ez dudan inoiz bere berririk batere izan , esango nuke hil arte.

Hil ostean berari buruz emandako datuek eta beraz emandako iritziek zer pentsatua eman zidaten,ordea. Ez gutxien Vargas Llosarenak. Harritu egin nain Flauberten lan-metodoaz halako miresmenaz aritu izan denak, hain sinpleki mintzo izana Corin Telladoren lan-grinaz.

Vargas Llosak aitortzen din Corin Tellado gaztelerazko idazle irakurriena delako izan zuela bera ezagutzeko gogoa eta ezagutu zuela --edo bere etxera sartu ostean, jakin zinan egunean hamar orduz idazten zuela, eta horretaz gain ez zuela “aparteko bizi sozialik”, eta bazakin horregatik ez zela irakurle handia--.

Baina biek puntu batean bat egiten dinate : ez dinate elkarren obrarentzako interesik, elkar irakurri aurretik. Vargas Llosak irakurri ez duen baten idazketaz ihardun beharra itzela dun , hainbesterainokoa non aditzera ematen duen pertsonaren bizimoduak ordezka dezakeela idatzi duena ; hainbestekoa non irakurri ez baina ezagutu nahi izan duen idazle baten ofizioak sortzen duen galdera azaleratzen ez duen … Zer zeukan esateko andre horrek, jornala lan eginez ateratzeaz gain ba al zuen beste esatekorik ? Iruditzen zaidan Corin Tellado delakoa hil ondoren ere errematatu egin behar horretan , badagoela ezagupide bide bati uko egiteko modu bat eta otu zaidan ,agian, Corin Tellado emakumea izan ordez gizonezkoa izan balitz beste oilar batek egingo zigula kukurruku.

Funtsean ez ote dun, Marina Tsvaetaevak zioen bezala , Vargas Llosak pertsona eta gertaera bereziak idatzi nahi izan dituela bere obran, eta Corin Telladok arimak eta patuak. Eta hara nola elkar ez irakurri izanean bat egin dinaten bien patuek.

Tere Irastortza